Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Duela 30 urte (bakarrik!) Munduko Merkataritza Erakundearen sorrerarekin batera nekazaritzako lehengaien eta elikagaien merkatuaren liberalizazioak urrats handia egin zuen elikagaiak merkantzia bihurtuz. Denbora honetan elikadura sistema globalizatua erabat garatu da. Gure elikadura kultura eta ohiturak (erosketetan, eguneroko otorduetan…) nabarmen aldatu dira. Kimikoz beteriko jaki prozesatuen kontsumoa normalizatua dugu.
Mendebaldeko nekazaritza sektoreak industrializatu eta espezializatu dira produkzioa esportatzeko. Norabide horretara bideratu dira nekazaritza politikak. Lurralde hauetako elikadura enpresak batzen eta handitzen joan dira eta gaur egun multinazional gutxi batzuek mundu mailako elikadura negozioa kontrolatzen dute.
Azkeneko urteotan gure osasunean eta ingurumenean pairatzen ari garen arazoak direla medio, agrokimikoen enpresa berdinak etiketa zein mezu berdeak erabiltzen ari dira bere elikagaien salmentak ez jaisteko edo areagotzeko asmo hutsarekin.
Trumpen lehenengo ekintzak ikusita, ez dago jakiterik nazioarteko merkatuen arauak zenbat aldatuko diren, eta lehengaien mugimenduek zein prezioek zer gorabehera izango dituzten, baina menpekotasun handia duten herrialdeentzako, lehen bezala ez dira garai errazak izango.
Euskal Herrian industrializazio eta intentsifikazio bide beretik joan gara, nahiz eta lurraldearen zati handi bat mendi nekazaritza bezala kontsideratuta egon eta lurrari lotutako ereduak efizienteagoak izan.
Azken hamarkada hauetan, lehengai asko kanpotik ekarrita (soja, zerealak, kimikoak…) ustiategien ekoizpena handitzea izan da helburua. Nekazaritzarako irtenbide bakarra omen, eta honaino iritsi gara: ustiategiko ekoizpena askoz handiagoa, baserritarren erdia baino gutxiago eta ekoizpen gaitasun orokorra txikiagoa. Hemengo produkzioa kanpoan saldu eta kanpokoa hemen kontsumitzeko zer jaten ari garen jakin gabe.
Handia baino efizientea izatea interesgarriagoa izango da alajaina: helburua lortzea ahalik eta bitarteko gutxien erabiliz. Elikadura estrategiaz ari garenean, nola ekoizten dugun eta zeinentzat, eztabaidaren erdigunean behar dugu. Herri osoko lurrak behar dituen baserri industrial bat dagoen tokian, hamar giza neurriko etxalde efizienteagoak izan daitezkeelako. Lanpostu gehiago sortuz eta tokiko baliabideak iraunkorki kudeatuz, bere inguruko bizilagunentzako elikagaiak sortuz. Baina horretarako politika egokiak eta baserritar gehiago behar ditugu, ez etxalde handiagoak. ■