Nerabezaroan sortu zitzaion historiarekiko interesa Irati Zuriarraini (Zumarraga, 1999). Batxilergoa amaitu ostean, Gasteizera joan zen Historiako gradua ikastera eta Bigarren Hezkuntzako Irakaskuntza masterra egin ondoren ikerketa munduan sartu zen. Egun, doktore aurreko ikerlaria da EHUn. Historiaz gain, arkeologia ere bada Zuriarrainen beste afizioetako bat. Gainera, liburu bat ere idatzi berri du: ‘Hernani 1936-1959. Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan’.
Historialaria zara. Noiztik duzu historiaren inguruko interesa?
Nerabezaroan hasi nintzen arkeologoa edota historialaria izateko ideiarekin jolasean. Zehazki, Historiaurrean kokatutako Jean M. Auelen eta Erdi Aroari buruzko Ken Folletten nobelak izan ziren jakin-mina piztu zidatenak. Hala ere, batxilergoan erabaki nuen Historia ikastea. Prozesu polita izan zen, mundu honetan murgildu ahala, garai horien inguruan nituen ideia asko deseraikitzen joan nintzen, eta begirada kritiko bat eraikitzen. Juan Jose Larrea irakasleak ere ikerketa munduarekiko interesa handitu zidan.
Gaur egun, zertan zabiltza?
Gaur egun doktore aurreko ikerlaria naiz Euskal Herriko Unibertsitatean, Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzaren bitartez. Historia Garaikideko sailean nago, eta nire ikerketa errepresio frankistarekin dago lotuta, zehazki, Justizia Militarraren bitartez heriotza-zigorrera kondenatutakoekin. Era berean, lauhileko honetan klase batzuk ematen ari naiz unibertsitatean.
Baduzu bereziki gustatzen zaizun garai eta gai konkreturik?
Garaiari dagokionez, Historiaurrea, Erdi Aroa eta Aro Garaikidea esango nituzke ditudala gustukoen; eta gaiari dagokionez, berriz, Gerra Zibilean eta frankismoan murgilduta nabil orain. Identitateen eraikuntza eta ezabapenekin lotura duten gaiak ere interesgarriak zaizkit, adibidez.
Esan ohi da oraina hobeto ulertzeko iragana jakin behar dela. Zer deritzozu?
Iragana ulertzeak orainari zentzua eman diezaioke, baina zuhur jokatu behar dugu lotura horri heltzeko orduan; historialariok, batez ere. Historia modu teleologikoan ulertzen badugu –gertaerak gertatu ziren bezala jazo behar zutela nahitaez– behar batean erortzeko arriskua dugu. Iragana ez da orainaldira eraman gaituen bide zuzen bat, baizik eta aukeraz, ziurgabetasunez eta baldintzaz betea egon zen. Historia teleologikoaren kritika egitea garrantzitsua da, ulertzeko gure espektatibak ezin dizkiogula iraganari inposatu.
Historia errepikatzen den ideia ere ohikoa izaten da.
Gertatutakoek dinamika jakin batzuk ezagutzen lagun diezagukete, baina historiak ez du bide bakar eta aurretik erabakitako bat jarraitzen. Iraganaren eta orainaren arteko harreman zuzen eta lineal bat bilatu beharrean, historia aukeren eremu gisa ulertu beharko genuke: bide batzuk nola eta zergatik hartu ziren zalantzan jarriz. Ideologia erreakzionario edota faxisten handitzea gertatzen ari den honetan, tentagarria da historian «atzera egiten» ari garela edota iragana «gugana datorrela» esatea. Baina ikuspegi horrek onartzen du ideia horiek iraganekoak direla berez, ulertu beharrean guztiz datozela bat egungo testuinguruarekin. ■