Produktuak hutsetik sortu eta istorio bat kontatzen duten objektuei bizia emateko zabaldu zituen ateak duela urte eta erdi Leire Sormenetik Harago proiektuak. Ordutik, sormena bere erarik garbi eta sinpleenean ospatzen du han. Leire Velasco lazkaotarraren proiektuan, pieza bakoitzak bere sorkuntzaren atzean duen maitasuna, denbora eta dedikazioa transmititzen da. Ehun naturalen aldeko apustua egin du: iraunkortasuna eta ingurumenarekiko errespetua.
Zer konta dezakezu proiektuaren sorrerari buruz?
Beti izan naiz eskulan zalea. Aurretik, hamasei urte igaro nituen delineazioaren munduan, piezak diseinatzen. Pandemian erabaki nuen ez nuela lan horretan jubilatu nahi, eta barne diseinuko goi mailako gradua egin nuen, online, Zaragozako ikastetxe batean. Baina hori ere ez zen bilatzen nuena.
Beti josi izan ditut poltsak, eta, trebetasun horrekin, agian denda bat zabaldu nezakeela pentsatu nuen, baina denda tradizionaletatik desberdinduta. Orduan, foku konkretu bat ematen ahalegindu, eta tailerrak eskaintzen hasi nintzen. Gaur-gaurkoz, haurrekin sei laguneko lau talde ditut, eta beste bi helduenak, astero ordubete etortzen direnak. Horrek erakartzen du jendea.
Zer eskaintzen duzu?
Batetik, dendaren zati batean, nik egindako artisau produktuak eta bertako sortzaileen belarritako eta pitxien produktu eta markak. Nire marka ere gutxika-gutxika handitzen ahalegintzen naiz, eta, bide horretan, bordatutako jertse eta gorroak ere baditut. Dendaren beste erdia, baina, zera da: eskulanetara zuzendutako materiala.
Komertzioen gainbehera gertatzen ari dela esan ohi da. Halako testuinguru batean denda bat zabaltzeak ez al du beldurrik ematen?
Zertxobait bai, baina nik, azken batean, denda soil batetik harago, zerbitzu bat ematen dut. Produktu baten bila datorren edozein pertsonari ez diot egindako produktua ematen, baizik eta eskuartean ditudan oihal eta produktu ezberdinen aukerak erakutsi, eta esklusibotasun osoz, produktua pertsonalizatzen diot, nire patroietan mantenduta eta nire estilo propiotik atera gabe. Hori da berezitasun nagusiena, eta horretarako fisikoki dendara etorri behar du bisitariak. Horrekin guztiarekin, zera lortu nahi dut: pertsona batek nire produktu bat ikusi eta erraz identifikatzea, edo, behintzat, lotura egitea. Egia da zaila dela, batez ere sektore honetan dagoen konpetentziarekin; egun, jende askok egiten ditu artisau produktuak, eta zaila da desberdintzea.
Nola lortzen duzu esklusibotasunari eustea?
Serie txikiak egiten saiatzen naiz, unitate gutxikoak eta oihal desberdinetakoak. Esaterako, kolore bakoitzetik bi poltsa egiten ditut baina larruzko helduleku ezberdinekin, batek argia eta besteak iluna. Niri, pertsonalki, ez zait bazkari batera joan eta hiru pertsona poltsa berdinekin agertzea gustatzen. Ez dut gehiegi arriskatzen, nahiz eta serie txikiak egin.
Gainontzeko negozioekin zertan desberdintzen zara?
Ahal dela produktu naturalak erabiltzen ditut. Kotoi organikoa edo birziklatua, gehien bat. Saiatzen naiz ahalik eta naturalena izaten, eta larrua ere espresuki aukeratzen dut nik, hornitzaileekin kontaktu zuzena mantenduta. Nire oihalen hornitzaileak denda txikiak izaten dira, eta edonoren eskura dauden denda txikiak izanik, zaila izaten da zure esentzia mantentzea. Horretarako, ezinbestekoa da denon eskura dagoen merkatu horretan norberak norbere esentzia bilatzea. Azken batean, beste alor batzuetan bilatu behar duzu norgehiagoka hori, eta, kasu honetan, bereizgarri egiten zaituen zerbait eskaini behar duzu. Nire kasuan tailerren aukera litzateke.
Zein garrantzia du iraunkortasunak zure produktuetan?
Nire estiloa da, bizitzeko modua. Esango nuke, markaren beraren esentzia dela hori. Oihal naturalak gustatzen zaizkit niri.
Kostuari dagokionez ere saiatzen naiz poltsa guztien barruko forrua, forru bera izaten, eta, hala, metro asko erosten ahalegintzen naiz .Kremailera guztiak kolore berekoak dira beti, eta baita haria ere. Beraz, produkzioan egiten dut optimizazioa, eta bezeroren batek poltsa konkretu bat eskatzen badit, oihal ezberdinen bitartez, modelo bereko hamar ale egiten ahalegintzen naiz. Horrek ematen dit, hein batean, ajustatu ahal izateko marjina.
Zeintzuk dira negozioaren onurak?
Saiatzen naiz iraunkortasuna bermatzen eta bezeroen konfiantza mantentzen. Hau da, bezeroek badakite poltsa bat erosi eta puskatuz gero, dendara etorri eta berri bat egingo diedala; pasatu izan zait poltsa baten edo besteren tira akatsen batekin erosi eta neroni ez konturatzea. Hori da nire esku dagoena, eta iruditzen zait denda txikien zentzua horrelakoa izan beharko litzatekeela, irautea nahi bada: gertutasuna eta konfiantza.
Etorkizunari begira, zer asmo dituzu?
ºBatetik, martxoan zehar nire artisau markari zabalpena eman nahi diot, salmentei bultzadatxo bat eman eta gehiago ezagutarazteko, eta zentzu horretan, online erosteko aukera eskainiko dut, webgune baten bitartez. Bestetik, berriz, produktu berriak egin eta teknika zein material berriekin ahaleginduko naiz, bezeroek produktu berriak sartzea gogoko dutelako. Tailerren eskolekin, azkenik, berdin jarraituko dut. ■