Euskal Mendi Federazioak Pirinioetan aterpe bat egitea pentsatu zuen 50. urteurrena ospatzeko. Euskaldunek abiatu zuten proiektua, eta 20 urtera amaitu zuen Aragoiko Mendi Federazioak.
Euskal Mendi Federazioak 100 urte bete zituen iaz, eta ekitaldiz beteta ospatu zuen mendeurrena. 1974an, 50. urteurrenean ere izan ziren ospakizunak, baita proiektu erraldoi bat ere: Piedrafitako aterpea.
Mendizale euskaldunak 1973an hasita zeuden proiektua lantzen, eta aterpea eraikitzeko lehen lanak 1976an egin zituzten. Tirabira ekonomikoak eta instituzionalak tarteko, ideia sortu eta hogei urtera amaitu zen eraikina. Ordurako euskaldunek utzita zuten proiektua, eta Aragoiko Mendi Federazioaren eskuetan zegoela inauguratu zuten aterpea, 1993ko urriaren 3an.
Legazpik lotura berezia izan zuen proiektu harekin, lantzen ari zen tarte batean Batis Maiz legazpiarra izan zelako Federazioko lehendakari, proiektuaren batzordeko kide ere izan zelako Periko Gabiriarekin batera, eta herriko boluntario askok lan egin zutelako han.
50. urteurrenaren proiektu izarra
Euskaldunen mendizaletasuna Euskal Herritik harago garatu da, eta joera handia izan da beti Pirinioetara joateko. Horregatik mendi horietan euskal arrastoa uztea pentsatu zuen mendi federazioak. Batis Maizek gogoratu duenez, «1960-70eko hamarkadetan kataluniarrak haien herrialdetik kanpo aterpeak egiten ari zirela ikusita, mendi federazioak ere bat egitea pentsatu zuen, eta 50. urteurrena ospatzeko proiektu izarra bilakatu zen». 1973an sortu zen proiektua, Pako Iriondo federazioko lehendakari zela, eta gero joan ziren forma ematen.
Lekua aukeratu zuten lehenik. Huescako Respomuso urtegiaren inguruan jarri zuten begia, Tena haranean, Piedrafita zirkuan zehazki, 2.200 metroko altueran, «Hemendik gertuen dauden hirumilako mendien ondoan zegoelako». Paraje hori Pirinioetako tontor enblematikoenetako bat den Balaitus mendira igotzeko abiapuntua da, eta ondoan daude beste bi hirumilako ere, Frondellas edo Gran Facha, eta 2.000ko ugari ere bai gertu. «Gainera, ingurua bera ere oso erakargarria da, Piedrafitako zirkuaren edertasunagatik».
Lekua aukeratuta, eta lursaila Sallent de Gallego udalerriak lagata, proiektua garatzeko batzordea osatu zuten: Pako Iriondo lehendakari, eta ondoan Juanito Berasategi beasaindarra eta Maria Luisa Etxeberria andoaindarra. Aurrerago, Antton Garcia federazioko lehendakari zela, Koldo Gallastegi arkitektoa, Iñaki Osinaga obretako koordinatzailea, eta Periko Gabiria eta Batis Maiz legazpiarrak batu ziren batzordera.
Gora-behera askoko proiektua
Kokapena eta proiektua bera 1973ko urriaren 28an iragarri zituen federazioak, Gasteizko Circulo Vitorianon egindako bileran. Aterpea 40 mendizalerentzako izango zen, eta aurrekontua 4 milioi pezetakoa (24.000 euro). Finantzatzen laguntzeko, aterpearen aldeko kuota jarri zuten, federatu bakoitzeko hileko 3 pezetakoa.
Espainiako Gobernuaren Heziketa Fisiko eta Kirol Delegazio Nazionalak diru laguntza eman zuen, eta han, federazioaren 50. urteurrena baliatzeko eta aterpe handiagoa egiteko eskaria egin zieten euskaldunei. Aterpea 80 plazakoa izatera pasa zen orduan.
Hasierako proiektua Ramon Azkue arkitekto donostiarrak idatzi zuen, «ingurumenari eta estetikoki ahalik eta kalte txikiena eraginez, eta lurrikaren Ritcher eskalako 7 mailako ikara jasateko moduan». Gune sismikoa da, eta bi eraikin independente eta malgu proiektatu zituen, lurrikarak jasateko gai diren zimenduekin.
Eraikin berritzailea zen, egitura konplexukoa, eta hori izan zen, hein handi batean, gero sortu ziren arazo ekonomikoen iturri. Maizek dioenez, «hain berritzailea izanik, kostua kalkulatzea zaila zen», eta euskal federazioari aurrekontua agortu egin zitzaion zimenduak eginda zeudenean, baina barruko egitura eta teilatua amaitu gabe zeudela oraindik.
Gainera, tokiak 80ra igota, aldaketa esanguratsuak egin ziren hasierako proiektuan. Aurrekontua 10 milioira igo zen (60.000 euro). «Hasierako aterpe xumea material eta aurrekontu aldetik tamaina handiko eraikuntza-proiektua izatera pasatu zen». Diru iturri gehiago lortu zituzten orduan: aterpearen aldeko kuotak batetik, eta kanpoko ekarpenak bestetik, Everestera egindako Tximist espedizioarena bezala, 1974an zehar ikus-entzunezko proiekzioekin ateratako 800.000 pezetakoa (4.800 euro).
Bi urte beranduago, 1976ko abuztuaren 3an hasi ziren lehen lanak Piedrafitan, aterpea jasoko zuen ingurua prestatzeko lurrak mugitzen. Boluntario asko joan ziren lan haiek egitera, eta lehenak Antzuola, Legazpi, Beasain, Azkoitia, Azpeitia, Arrasate, Bergara, Oñati eta Andoaingoak ziren. Ordurako Antxon Bandres zen federazioko lehendakaria, eta proiektua handituta zegoen: 100 plaza, eta 20 milioi pezetatik gorako aurrekontua (120.000 euro). Obraren amaiera 1978ko amaierarako zegoen aurreikusita.
Euskaldunen agurra
Epeak ez ziren bete, ezta gutxiago ere. «Nahiko dirurik ez zegoen, eta proiektua ofizialki onartu gabe zegoen oraindik». 1979an, ordea, Espainiako Kirolaren Kontseilu Gorena erakundeak (CSD) 40.672.624 pezeta (65.500 euro) emango zizkiola agindu zion Euskal Mendi Federazioari. Gutxira, berriz, Jose Antonio Odriozola Espainiako Mendi Federazioko buruak jakinarazi zion orduan euskal federazioko lehendakari Antton Garciari Respomuso ez zela euskaldunena izango.
Zer gertatu zen? Garai hartan, CSDk Aterpeen Lehen Plan Nazionala diseinatu zuen Espainiako federazioarekin batera. Planean jasotzen zen Aragoin aterpe gehiago behar zirela, baina Respomuso ez zen agertzen, ez zegoelako argi norena zen. Izan ere, euskal federazioak ez zuen nortasun juridikorik artean. Hori zela eta, CSDri eman nahi izan zion ardura, baina horretarako ere arazo burokratikoak egon ziren. Sallent de Gallegok utzi zion lursaila euskal federazioari, eta horrek ezin zion hirugarren bati eman kontzesioa; «beraz, Sallenti itzuli behar izan zion, eta horrek Aragoiko gobernuari eman zion azkenik». Aragoik erabaki zuen aterpea amaitzeko obrak bertako mendi federazioak egitea.
Baina lotura administraziorik gabe ere, euskaldunek obren ardurarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten, egitura altxatu arte, eta tarte batean egon ondoren, 1981ean berriz ekin zieten lanei. Dirua ere aurreratu zuten, CSDtik ez zelako iristen ezer. Ordurako, Batis Maiz zen euskal federazioko lehendakaria: «Askotan joaten nintzen, lanak ikustera eta lan egitera».
Beste bost-bat urtez jarraitu zuten euskaldunek lanean, harik eta 1986ko martxoaren 9an euskal federazioak proiektua behin betiko utzi zuen arte, lehendakari Jose Maria Leturia oñatiarra zela.
Aterpea, Respomuso izenarekin, 1993an ireki zuen Aragoiko Mendi Federazioak, euskaldunek proiektua sortu eta 20 urtera. Azkenean 74 tokirekin, eta zenbat gastatu zen ez dago argi
Maiz ez da joan inauguratu zenetik. «Kitto, haserretuta bukatu nuen. Gainera, han izan diren legazpiar batzuek esan didate hitz bat ere ez dela agertzen euskaldunek egindako lanari buruz». ■
Legazpiko boluntario gazteek jarritako harriak
Makina bat mendizale euskaldun inplikatu zen Piedrafitako aterpearen eraikuntzan, batez ere gazteak. Legazpitik kuadrillak joaten ziren, astebururako bakarrik, egun gehiagorako, eta uda osoko kanpaina egitera ere bai batzuk.
Sabino Maiz eta Juan Karlos Agirre dira aterpean lanean ibilitako bi legazpiar. Lehenak bi uda oso igaro zituen lanean, eta bigarrena boluntario aritu zen astebete.
Bi uda osoko lanaldia
Bi uda oso egin zituen lanean Piedrafitan Sabino Maizek, 1981ean eta 1983an. «Unibertsitatean nenbilen, eta udako oporraldietan joan nintzen, beste legazpiar batzuekin». Jose Luis Garmendia ‘Arotza’, Emilio Burcio, Emilio Tejedor, J.J. Jaunarena, Antonio Lopez, Jose Miguel Alustiza eta Fidel Angel Romero ziren legazpiar haietako batzuk. Boluntario lana izan zen, «baina lehen kanpainaren amaieran, federazioak egun bakoitzeko 1.000 pezeta [6 euro] eman zizkigun, egindako lana eskertzeko, eta bigarrenean 3.000 pezeta».
Lehen aldiz iritsi zen eguna ondo gogoratzen du Maizek. «Autoz La Sarra urtegiraino joan, eta handik Respumoso urtegiraino, eta aterpea zegoen lekura gero, ilunduta iritsi ginen. Hurrengo egunera arte ez genuen aukerarik izan inguruko ikuskizunaz gozatzeko». Kanpalekua kanpadendaz osatuta zegoen: sukaldea batean, jantokia bestean, eta logela hirugarren batean, literekin. «Komun txiki bat, bi konketa eta dutxa bat ere bagenituen. Biltegi eta mandoentzako ukuilu gisa erabiltzen zen beste eraikin bat ere bazegoen».
Aterpearen burdinazko hezurdura eta teilatua estaltzeko xaflak jarrita zeuden ordurako, eta harriak garraiatzen egin zuen lanik handiena Maizen taldeak. «Baina La Sarrara jaitsi, eta handik helikopteroz igotzen ziren harea zakuak betetzea ere guri tokatzen zitzaigun, erritmo bizian gainera, oso azkar egiten zuelako bidaia». Trukean, helikopteroan bertan ibiltzeko aukera izan zuten; «a zer nolako gozamena!».
Camilo marokoarra, Luis mandazain leitzarra, igeltsero profesionalak, federazioko kideak, «boluntario ibiltariak»… denak aritzen ziren lanean, aste osoan, igandeak salbu. Baina aisiarako tartea ere hartzen zuten: «Baltsa bat geneukan urtegian ibiltzeko, musean egiten genuen, solasean, mendian ibiltzen ginen, rokodromo bat ere bagenuen, eta gutunak idazten genituen, nik batez ere nire neska-lagunari».
Bi egonaldi egin zituen horrela Maizek. «Benetan, oroimen oneko bizipena izan zen!».
Astebeteko auzolana
Agirre 1981eko abuztuan joan zen Piedrafitara, Antxon Burcio, Pedro Dehesa, Angel Gomez, Jose Mari Etxeberria, Martin Goitia eta Jose Javier Aldearekin batera. 23-25 urte zituzten. Benasquen eta Ordesan mendian pare bat aste igaro eta gero, oporrak amaitzeko astebete auzolanera joan ziren, «janariaren eta lo egiteko tokiaren truke».
Ordurako, aterpearen burdinazko egitura eginda zegoen, eta hura betetzeko harrien «karreoa» izan zen kuadrilla haren lana. «Inguruan zeuden granito harriak karretillan sartu eta aterpe ondora jaisten ibili ginen aste osoa». Harri pisutsuak zirela eta karretillak «birrinduta» zeudela, eskularruak zulatu egiten zirela, eta «ingurua sugegorriz beteta» zegoela gogoratzen du Agirrek.
Lan gogorra zen, zortzi-bat orduko jardunekoa, «baina oso ondo pasa genuen». Afal ondorenak ziren onenak Agirreren esanetan, «Carlos III botila ibiltzen genuen dantzan, kalimotxoa… Gazteak ginen, ze ondo pasatzen genuen».
Motibazioa eta kontzientzia zegoen Agirreren kuadrillaren boluntario lan horren atzean. «Izadi Zaleak elkartean aterpeari buruzko bilerak egiten ikusten genituen askotan Batis Maiz, Periko Gabiria, Iñaki Osinaga, Antton Garcia, Koldo Gallastegi, eta harra sartu eta joatea erabaki genuen. Gainera, Antxon Burcioren anaia Emilio, han zebilen lanean».
Agirre uda hartan bakarrik joan zen lanera, baina gerora izan da aterpean, mendi ibilaldi bat egin zuenean: «Harrotasun puntu bat sentitu nuen». ■