Imanol Mercero Etxeberria • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Niri asko gustatzen zaizkit emozioz betetako liburuak: beldurra, jakin mina, etsipena, irrika, ausardia, kemena… eta baita inbidia, zekenkeria edota doilorkeria dauzkaten kontakizunak ere.
Esan daiteke, nire iritzirako, kalitatezko literatura eskain dezaketen bakarrak sentimenduak dituzten idazlanak direla. Zer litzakete istorio bat, poema bat, edota antzezpen bat, euren pertsonaiek erakutsiko ez balute pazientzia eta errukia, handikeria edota jelosia, harridura, eta guztien sorburu diren bizinahia eta hil-nahieza?
Horren alternatiba izugarria iruditzen zait: nortasunik gabeko pertsonaiak noraezean, kolorerik bizienek eta formarik gozoenek ere ezkutatu ezin duten eremu mortuetako ibilbide absurdoetan, irakurlea ezusterako zirrikiturik gabe utzirik, aldez aurretik dena esana balego bezala, ekintza oro alferrikakoa zaiela dakiten zonbi kuadrilla bat gure aurrean behartutako keinuak egiten.
Izan ere, Literatura sortzearekin batere harremanik ez duten asmoek idatzia denean, dela salmenta estrategiek, dela gurasokeriak eta sasi-psikologiak motibatuta, orduan, egon ziur, iruzurra da.
Ez naiz esajeratzen ari. Liburu batek azaletik bertatik iragartzen du nora eramango gaituen bere orrialdeetan barrena: emozioak lantzeko dela badio, zintzoago izaten erakutsiko digutela badio… malo.
Kontrara, ibilbide bat egingo duen istorio bat eskaintzen zaigunean, gu ez ezik, pertsonaiak harritzen dituena, mundua begirada berri batekin ikusten duena eta zalantzak eskaintzen dituena, orduan bai, orduan liburu on baten itxaropena izan dezakegu.
Aukeratu, badaezpada, best-sellerrak ez diren horiek, konfiantzazko lekuetan bilatu gomendio zerrendak eta, mesedez, ez itsutu kolore biziekin, ez baduzu nahi sitsak bezala bonbillari kaskarrekoak ematen aritu. ■