Baserriko lana beste jarduera profesional batekin bateragarri egin nahi duten pertsonei zuzendutako Baserritar Misto Profesionala programan izena emateko epea martxoaren 5era arte dago zabalik.
Lehen sektorearen belaunaldien arteko errelebo faltari aurre egitea da Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri duen Baserritar Misto Profesionala programaren helburu nagusietako bat. Proiektu horrez bidez, lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duten pertsonei lagundu nahi diete, enpresako lana eta landa eremukoa «modu jasangarrian» uztartzeko aukera emanez.
Joan den urtarrilaren 30ean aurkeztu zuten diru-laguntza programa hori, eta martxoaren 5era arte dago beharrezko dokumentazio guztia aurkezteko aukera. Eider Mendoza diputatu nagusiaren esanetan «ekimen anbiziotsu eta berritzailea» da: «Enpresatik lehen sektorerako trantsizioa errazteko diseinatuta dago, baserritarrei beharrezko segurtasuna emanez beren proiektua pixkanaka garatu ahal izateko. Baserritarren lana funtsezkoa da gure biodibertsitatea zaintzeko eta tokiko eta kalitatezko elikagaien ekoizpena bermatzeko».
Programa horretara 300.000 euro bideratu du Diputazioak, eta jasotzen dituen eskaeren arabera kopuru hori handitu egin daiteke. Iazko udazkenean eskualdez eskualde egin zituzten bileretan 300 lagun inguruk hartu zuten parte, eta 80 baino gehiago dira orain arte aldundiarekin harremanetan jarri direnak. Behin enpresaren eta programan parte hartzeko interesa duen pertsonaren arteko akordioa formalizatu ondoren, foru erakundeak 60.000 euroko diru-laguntza emango die baserritarrei, eta 30.000 eurokoa enpresei. Programak 6 urte iraungo du.
Enpresen babesa beharrezko
Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutiren arabera, enpresetan lan egiten duten baserritar askorentzat lehen sektorean dituzten proiektuen jarraipena bermatzeko «irtenbide bat» da programa. Era berean, ekintzarako deia egiten du: «Badakigu erronka bat dela enpresentzat, baina unea orain da. Enpresen babesa inoiz baino beharrezkoagoa da aurrera egiteko eta Gipuzkoako lurralde oreka berdea bermatzeko». Programa babesteko gonbidapena egin dio enpresa sareari.
Prestasuna azaldu duen enpresetako bat Idiazabalen egoitza nagusia duen Iturriotz Eraikuntzak da. Sei hamarkada baino gehiago daramatza eraikuntzaren sektorean eta obra zibilean jarduten, eta haien langileen profila aldatzen ari bada ere, oraindik ere «zortzi-hamar» badira enpresako lana baserrikoarekin uztartzen dutenak: «Gure sektore honetan portzentaje handi bat baserri inguruko jendea da. Programa honek nolabaiteko irtenbide bat edo arnasa eman diezaieke», adierazi du Xabier Iturriotz kudeatzaileak (Beasain, 1973).
Haien langile batek programa honekiko interesa azaldu ondoren jarri zen berarekin harremanetan aldundia: «Gure kasuan hala izan da. Egia da kudeaketa zaildu dakigukeela, baina ‘dena ala ezer ez’ izan beharrean, moldatzea da kontua, bajak edo oporrak kudeatzen ditugun moduan. Gaur egun eskulan falta handia dago, eta inportantea da dauzkagun baliabideei eustea, langile nahiko espezializatua baita gure sektorekoa». Iturriotzek argi du haientzat «orduetan penalizazio» bat izango dela programa honekin bat egitea, baina nahiago du hori langileek ihes egitea baino. «Lantokian giro ona egoteak eta langilea gustura edukitzeak ere asko balio du».
Programan parte hartzeko prest
CAFeko lana Ordiziako Tximista sagardotegiko lanarekin eta sagastien zaintzarekin urte askoan uztartu du Aitor Esnaolak (Ordizia, 1970), eta programa honek eman dion aukera baliatzea erabaki du orain. «Seme-alabak hazi dira, bi lanean hastera doaz, eta nire adinean denbora zeri dedikatu erabakitzeko momentua dela ikusi dut. CAFeko soldata erdia uztea sakrifizio ekonomikoa da, eta programa honek zer edo zer konpentsatzen du. CAFen lanaldi erdira pasatuko naiz, eta sagastiari eta sagardotegiari dedikatzeko denbora gehiago izango dut. Dena ez da dirua, momentua momentua da».
Esnaolak egin du lanaldia murrizteko eskaera, eta baiezkoa jaso du. «Adostasuna egon behar du enpresaren eta langilearen artean, eta enpresak horregatik diru-laguntza jasotzen du. CAFek bermatzen dit sei urtera lanaldi osora bueltatzeko aukera». Programa «ondo bideratuta» dagoela iruditzen zaio. «Bakoitzari, bere bizi momentuaren arabera, hobeto edo okerrago etorriko zaio, baina uste dut eskaintza polita dela, animatzeko modukoa. Ez da erraza lehen sektoreari etekina ateratzea, eta horregatik daude laguntzak». ■
Baserritar misto profesionala programaren jakingarriak
- Adina. 18-55 urte artean.
- Lanbidea. Nekazaritza jarduera ez duen enpresa batean aritzea.
- Ustialekua. Gipuzkoan kokatzea, enpresa beste lurralde batekoa izan daitekeen arren.
- Akordioa. Langileak eta enpresak sinatutako akordio loteslea.
- Epea. Martxoaren 5era arte.
- Informazioa. gipuzkoa.eus/baserritarmistoprofesionala.