Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Aste honetan 100 bat herrialdetako 1.000 agintari, aditu eta enpresaburu inguru Parisen burututako goi-bileran izan dira adimen artifiziala gizartearentzat baliagarria izan dadin araudiak adoste aldera.
Teknologia berrien etengabeko lasterketan, bizitzako arlo guztietarako erabilpen anitz eta konplexuak dituen adimen artifizialarena, gure egunerokoan gero eta mahaigaineratuagoko gaia da. Are gehiago oraindik, azkenaldiko gerra teknologiko eta komertzialak tarteko.
Geratzeko etorria, eta betiko moduan, erabilera egokia eman ezean ondorio sumaezinak ekarriko dizkiguna. Deitura bera ere esanguratsua, artifizial hitzak konnotazio positibotik baino negatibotik baitu gehiago.
Azkenaldian mediatiko bihurtu den ‘makinetako’ bati, DeepSeek txinatarrari adimen artifizialak gure garun gaitasunari nola eragin diezaiokeen galdetuta, kezkatzeko moduko erantzunak ere eman dizkigu. Interes sozialak komertzialen gainetik egon behar dutela dioen arren, ez digu oso garbi zehaztu AAk kudeaketa publikoa edo pribatua izan beharko lukeen, herrialdeen arteko arrakala handituko duen, etorkizunean makinarik gabe geure eguneroko erronkei aurre egiteko gai izango ote garen, gure garunak atrofiatze bidean jarriko ote dituen edota egunen batean giza adimenari gain hartuko ote dion.
Garunari eragin diezaioketenak alde batera utzi gabe, giharrei eragiten dietenak ere egunerokotasunekoak dira. Ohikoa bihurtu den gimnasioena kasu. Gure herrietako soinketa leku publikoak topera egoteaz gain, pribatuak ere gero eta gehiago ditugu. Ez daukat argi, geratzeko etorria ala moda kontua den. Gainerakoak bezala erabilera egokia emanez gero, onuragarria izan badaiteke ere, modelitoa jantzita erakusleihoetan jo eta ke aritzearena, besteak beste, hurrengo baterako uzteko modukoa iruditzen zait.
Hauek guztiak egunerokotasun bihurtu aurretik, Siniestro Total talde galiziarrak abesten zuen «mucho músculo, poco cerebro» pasartea datorkit burura.
Teknologia berrien eta gimnasioen erabilera okerrek horretara bideratuko ote gaituzte? ■