Hiru pertsonaia historiko erretratu batean. Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan martxoaren 10era arte ikusgai dagoen Tomas Zumalakarregi jeneral karlistaren erretratuak barne-historia bitxi du. Oso gutxitan ikusi –eta, ondorioz, publikatu eta zabaldu– izan da, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren egutegi batean agertu zen arren.
Antonio Valverde Casas Aialde-k (Errenteria, 1915 – Oiartzun, 1970) margotua da, 1966an. Antton Valverde musikariaren eta Lola Valverde historialariaren aita izateaz gain, frankismoko urte hitsenetan kultura arlo askotan jorratu zuen. Inprentalaria ofizioz, kulturaren dibulgazioan saiatu zen. Idazlea eta intelektuala ere bazen; euskara heldutan ikasi zuen, Elbira Zipitria andereñoarekin, haurrak ikastolatik irtendakoan klasera joanda. Euskaltzain urgazle izatera iritsi zen.
Afizioz zen margolaria. Aurrezki Kutxak 1966an 18 pertsonaia gipuzkoarren erretratuak margotzeko enkargua eman zion, tartean Zumalakarregirena. Oiartzunen zeukaten Aialde etxearen izena hartu zuen izen artistikotzat.
Aspaldiko pertsonaia irudirik gabekoen erretratuak egiteko oztopoa, irudimen eta sen artistiko handiz gainditu zuen. Tomas Zumalakarregiren (Ormaiztegi, 1788 – Zegama, 1835) kasuan, abantaila zeukan: Charles Frederick Henningsen kapitain ingelesak ormaiztegiarrari margotutako grabatua bazeukan. Urtebete igaro zuen haren ondoan gerran, eta ondo ezagutu zuen.
Bi artista, batean
Aialde etxean Zumalakarregi mihisean margotzen ari zela, Eduardo Txillida eskultoreak bisitatu zuen behin –jende asko hartzen zuen–. Pertsonaia hura interesatzen zitzaiola aitortu zion Valverderi, Zumalakarregiren ondorengoa zela bera ere. Begira jarri, eta berehala aurkitu zizkien antzekotasunak Henningsenen grabatuari eta mundu mailako ospea lortuko zuten grabatuen egileari. «Berdinak zarete eta!», aitortu zion Aialdek Txillidari.
Txillidari beste erretratu bat egin zion, aparte. Ondoren, Zumalakarregiren margolanean txertatu zituen eskultorearen zenbait ezaugarri. Bi pertsonaia historiko daude, beraz, museoan ikus daitekeen erretratuaren trazetan. Bien airea du. Ospetsua bat, ospetsuagoa bestea, paradoxikoki nahiko isil-gordean geratu da artelana.
Lola Valverdek dioenez, gerrian ezpatarekin jarri zuen eta eskuetan kataloxa handi batekin jarri zuen aita zenak jenerala. Jose Artetxe margolariak aholkatu zion prismatikoa luzeegia zela; birmoldatu egin zuen, eta beroki handi batekin jantzi zuen Zumalakarregi, ezpata ezkutatzeraino.
Pertsonaia gehiago
Donostiako Aurrezki Kutxak 1966tik 1968ra, hiru urtetako egutegietan atera zituen Aialdek egindako 18 erretratu haiek. Zoritxarrez, bakar bat ez dute topatu artxibatuta. Zumalakarregi-Txillida sinbiosia ez zen behingo apeta soilik izan. Artetxeren beraren irudia erabili zuen beste baterako, edo Koldo Mitxelena hizkuntzalaria Bilintx irudikatzeko, edo Hondarribiko mediku bat Loiolako San Inazio bihurtzeko.
Herritar xeheengan ere aurkitzen zuen margolariak inspirazioa. Urdaneta ordiziarraren aurpegia, adibidez, Oiartzungo autoeskolako gidari batek ‘eman’ zion. ■