Bihar Legazpi-Gabiria rallyesprinta egingo dute. Lehen edizioa Jose Miguel Velascok (Zumarraga, 1949) eta bere lagunek antolatu zuten. Lehen proba duela ia 60 urte egin zuen. Velascok pasioz bizi du rally mundua. Bera hasi zenean, egun baino askoz ere baliabide gutxiago zeuden, eta lehen proba nola prestatu eta egin zuen entzutea plazera da. Duela bederatzi urte, 67 urterekin, parte hartu zuen azkenekoz rally batean.
Zer ikasketa egin zenituen?
Batxilergoko laugarren mailara arte ikasi nuen, Medrano ahizpekin. Ondoren, Arrasateko lanbide eskolara joan nintzen. Ia bi urte izan nintzen bertan. Baina ez zitzaidan gustatzen. Niri mekanika gustatzen zitzaidan. Nire osabek, Jose eta Alberto Geretak, auto tailerra zutenez, beraien tailerrean hasi nintzen. Urretxuko Labeaga kalean zuten tailerra, Salegi tailerretik gertu. Garai hartan auto tailerrak egungoen oso ezberdinak ziren. Jendea aholku eta informazio bila joaten zen, presarik gabe lan egiten zen… Lan eguna bukatzen zenean, auzoko guztiak (harakina, errementaria…) osaben tailerrean elkartzen ziren solasaldia egiteko.
Nolatan rally zaletasuna?
Roberto eta Jose Mari Salegik Vasco-Navarro rallyan parte hartzea erabaki zuten. Gu rally hori ikustera joaten ginen, autoak herri erditik pasatzen baitziren gau guztian zehar. Mutikoak ginen eta guretzako sekulako ikuskizuna zen: autoak, zarata, derrapatzeak… Egungo rallyetan ez dago horrenbesteko ikuskizunik, dena bikain egiten baitute. Garai hartan ikuskizuna zen kontua. Jose Mari Salegik rallyan parte hartu behar zutela esan zidanean, txundituta geratu nintzen.
Zein autorekin parte hartu zuten?
Renault Dauphine bat prestatu zuten eta niri autoa apaintzea eskaini zidaten. Herriko batzuk rallyan ikustea sekulakoa izan zen gure kuadrillakoentzat. Bukatu zutenean, oso luzea eta gogorra egin zitzaiela esan zidaten. Ez zutela gehiago parte hartuko. Nik probatu egin nahi nuen, ordea. Sekulako afizioa nuen, baina dirurik ez. Gainera, rallyak oso luzeak eta garestiak ziren. Ordura arte, moto-krosean ibili nintzen: merkeagoa zen eta mendian entrenatu nezakeen. Rallyan parte hartzea erabaki nuenean, 18 urterekin, lehen lana auto bat lortzea izan zen.
Zein auto eskuratu zenuen?
Guretzako auto egokiena Seat 124 zela ondorioztatu genuen: trakzioa atzean zuen, bizia zen… Herrian oso gutxi zeuden eta berria erosteko urtebete itxaron behar zen. Inarajak Seat 124 bat zuela esan zidan eta 7.000 pezetan saldu zidan. Garai hartan Gipuzkoan oso pilotu onak zeuden, baina denak dirudunak ziren. Juan Luis Sarasolak Seat 1430 FU bat zuen eta auto hori Seat 124aren oso antzekoa zen. Diru asko zuenez, Santiago Martin Canterorengana eramaten zuen prestatzera. Martin Cantero Espainiako prestatzaile onena zen. Sarasolari bere autoa begiratzeko baimena eskatu genion, Martin Canterok zer egin zuen jakiteko. Sarasola oso pertsona ona zen eta baimena eman zigun. Beasainera joaten nintzen, bere autoa arakatzera. Sarasolaren autoa kopiatuz, gurea hobetzea lortu genuen. Pello Iturbe Agiñeta laguna entziklopedia baten modukoa zen eta datu asko zituen: nork irabazi zuen, zer denbora egin zuen… Ez genuen onenen denboretara hurbiltzea lortzen, baina halako batean zera esan nien: «Rallya goraka eta beheraka da, beheraka arriskatzen badugu…». Gau batean Mandubiara joan ginen eta igoerak eta jaitsierak kronometratu genituen.
Zer gertatu zen?
Beheraka, asko arriskatuta, lauzpabost onenen artean sartzen nintzen. Hala, lasterketan ere beheraka arriskatzea erabaki genuen. Izan ere, motorra prestatzea ezinezkoa zen. Martin Canterok ez zigun telefonoa hartzen. Baina Faus Orbegozok ere autoa Martin Canterori eramaten zion (Fiat Abarth zoragarri bat zuen) eta mesedea eskatu nion. Orbegozoren bitartez, Martin Canterorekin hitz egitea lortu nuen. «Ez gastatu dirua alferrik. Zaletasun handia baduzu, parte hartu eta ondoren hitz egingo dugu». Jaitsieretan arriskatzeko asmoa genuenez, freno bereziak jarri nizkion. Proba oso luzea zen, gainera: larunbatean hasten zen, 12:00etan, eta igandean bukatzen zen, 15:00etan.
Nork lagundu zizun?
Kopilotua Antxon Iraeta azpeitiarra izan zen. Boxeolaria izan zen, Urtainen aurka borrokatu zuen. Laguntza mekanikoa, berriz, Legazpiko Olaetxek eskaini zidan, Miguel Zabaletak. Bera joan zen toki batetik bestera ordezko gurpilekin. Baina Land Rover bat zuen, bera baino lehenago heltzen ginen.
Nola joan zen proba?
Beheraka ondo moldatu ginen, baina 16:00etarako autoko ateak laxatu zitzaizkigun eta ez ziguten horrela jarraitzen uzten. Olaetxe heldu zen eta ateak soldatu zituen, gu barruan geundela. Rallya oso gogorra zenez, pilotu asko erretiratu egin ziren. Porsche bat zuen Delgado, adibidez. Eta gu aurrera! Urbasatik hiru aldiz pasa behar ginen. Frenoekin arazoak genituen eta Olaetxe ez zen heldu oraindik. 04:00etan frenorik gabe geunden eta bihurgune batean errepidetik irten ginen. Antxonek atera zuen, soka batekin! Bigarren postuan kokatu ginen, Marc Etxebertzen atzetik, baina azkeneko zatian, Jaizkibelen, motorra hautsi egin zen.
A ze abentura.
Kopilotuek koadernoak zeramatzatela ikusi genuen. «Zer da hori?», galdetu nion Antxoni. «Ez dakit», erantzun zidan. «Hartu egunkari bat, guk ere zerbait badaramagula ikus dezaten». Girgillaora heldu ginenean, Sarasolari koadernoa zer zen galdetu genion. Oharrak zirela esan zigun eta kopiatu egin genizkion. A ze aldea!
Horren baliabide gutxirekin hain ondo ibilita, jarraitu zenuten, noski.
Hala da. Autoa txikituta zegoen, baina Martin Canterok normala zela esan zigun. Guretzako auto egokia Fiat 125a zela esan zigun. Lagunduko zigula, gainera. Iraeta kamioilaria zen eta Madrilera joaten zen. Palentziako gasolindegi batean Fiat 125 bat ikusi zuen eta hurrengo bidaian Aitxu eta biok berarekin joan ginen. Autoa kamioira igo genuen eta etxera ekarri genuen. Arrankatu egin zuen, ondo zebilen… Zoragarria! Martin Canterok kulata eramaten banion, 15 zaldi gehiago jarriko zizkiola esan zidan. Kulata hartu eta Madrilera joan nintzen, trenean. 22:30erako kulata prestatu zuen. Lehen rallyan zazpi balazta pastilla behar izan nituen. Fiat 125 autoa kuadrilla guztiaren autoa izan zen. Norbaitek rally batean parte hartu nahi zuenean, Fiat 125a hartzen zuen.
Zein auto izan zenituen ondoren?
Fiat 125a ez zen punta-puntako autoa eta Santa Barbarako igoera antolatu genuenean (behin bakarrik egin da) punta-puntako auto batekin parte hartu nahi nuen. Udala legazpiarrak bere Simca Rallya utzi zidan. Ordutik aurrera ez nintzela gehiago auto kaxkarrekin arituko erabaki nuen. Baina ez nuen auto on bat erosteko dirurik. Pedro Elizburuk, garai hartan inguru honetan zegoen pilotu onentsuenak, berarekin aritzea eskaini zidan. Proba batean berak gidatzen zuen eta hurrengoan nik. Oso ondo aritu ginen. Jauntxoak, dirudunak, haserretu egin ziren. Gure autoari legezkoa ez zen zerbait egin izana leporatu ziguten. Kexa aurkeztu zuten eta Federaziokoek gure motorra desmuntatzeko asmoa azaldu zuten. Guk ez genuela ezer ukitu erantzun genien. Motorra askatzen bazuten, beraien ardurapean zela. Oso garestia zenez, ez zuten askatu. Gipuzkoako txapelketa irabazi genuen. Espainiako txapelketan parte hartu izan bagenu, onenen artean ibiliko ginatekeen. Baina ezin genion horrenbeste denbora eta diru eskaini.
Noiz utzi zenion rallyetan parte hartzeari?
55 bat urterekin. Baina 67 urterekin Legazpi-Gabiria rallyesprintean parte hartu nuen, nirekin lan egin zuen mutil batekin. Renault Clio batekin aritu ginen. Hirugarren egin genuen gure kategorian. Egungo autoek ez dute zerikusirik garai batekoekin. Egungoek hegan egiten dute eta errail batetik doazela dirudi. Rallyen esentzia gurutzatzeak, jendearen txaloak… ziren. Rallyek ikusgarritasuna galdu dute. Garai hartan rally batean parte hartzea abentura bat zen. Lagunarteko kontu bat zen. Bakoitzak bere ekarpena egiten zuen, zekiena ematen zuen.
Rallyak ikustera joaten al zara?
Bai, noski. Usainak deitu egiten nau. Garai bateko lagunak elkartu egiten gara oraindik. Familia bat gara.
Zarata eta usaina aipatu dituzu. Zer diozu auto elektrikoez?
Nire ustez, auto guztiak ez dira elektrikoak izango. Auto elektrikoak gabezia asko ditu: prezioa, autonomia falta… Nire ustez, beste aukera batzuk ere egongo dira. Hibridoak, adibidez. Hidrogenoa? Gasa? Gu gasarekin ibilitakoak gara. Beldurtu egin gintuzten, maletategian lehergailuak generamatzala esaten ziguten. Eta orain elektrikoekin su hartu dezaketen bateriak daramatzagu. Ezin duzu auto bat erosi eta bidaia luze bat egin nahi duzun bakoitzean zenbat aldiz gelditu beharko zaren pentsatzen egon. Hala, auto zaharren merkatuak gora egin du. Jendea auto zaharrak erosten ari da. Auto elektrikoen lasterketak antolatu dituzte, baina ez dute jendea erakartzen. Zaratarik gabe…
Zein da ikusi duzun pilotu onena?
Marc Etxebertz. Porsche batekin parte hartzen zuen. Garai hartan oso Porsche gutxi zeuden eta Porschea dantzan jartzen zuen. Modu ezin hobean eramaten zuen. Ez zuen sekula kale egiten. Xabi Goiburu ere oso ona zen. Behin, Vasco-Navarro rallyan, argirik gabe gelditu zen eta nire atzetik joateko baimena eskatu zidan. 20 kilometro egin zituen bere Citroen DSarekin niri itsatsita. Aldapa behera, 140 kilometro orduko abiadan… eta niri itsatsita. Kontrolera heldu baino hiru kilometro lehenago gurpil bat askatu zitzaion, gainera! Suspentsio hidroneumatikoari esker, kontrolera heltzea lortu zuen, baina ez zuen gurpila aurkitu eta erretiratu beharra izan zuen. Sinesgaitza da. Zanini ere sekulakoa izan zen. Prestatzailea da eta asko ikas daiteke oraindik berarengandik.
Gabiria-Legazpi rallyesprinta ikustera joan behar al zara?
Noski. Urtero joaten naiz.
Non ikusten duzu lasterketa?
Toki guztietan probatu dut: goraka, beheraka, tontorrean… Legazpi aldera jaisten badira, hor jartzen naiz: behealdean bihurgune oso azkar batzuk daude, horietako baten aurretik putzu bat dago eta hortxe frenatu beharra dago. Toki hori gustatzen zait. Aldapa behera pilotua ona den edo ez ikusten da, autoak berdindu egiten baitira. Gabiriako lehen rallya lagunok antolatu genuen. Pirata izan zen. Jende asko etorri zen eta sekulako ikuskizuna izan zen. Duela 30 bat urte izan zen. Legazpitik Gabiriara joan ginen. Gaizki pasa genuen eta, berriro antolatuz gero, behar bezala antolatu beharko zela esan genuen. Asko gustatzen zait Gabiria-Legazpi rallya. Berezia da. Kortako irteerako giroa, Legazpiko parkea… Egun osoa auto artean eman daiteke eta proba toki oso ezberdinetan ikus daiteke. Oker ez banaiz, gu orduko 150 kilometroko abiadan jarri ginen Clioarekin Atagotitik Legazpin behera. ■
Santa Barbarara igoera
Jose Miguel Velascok hamaika rallytan parte hartu du, baina gogoangarrienetako bat Santa Barbarako igoera da. Izan ere, herrian egin zen, berak eta bere lagunek antolatu zuten eta irabazi egin zuen, gainera.
Herrian aritzea oso berezia zen beretzat eta auto ona nahi zuen, irabazteko aukera eskainiko ziona. «Punta-puntako auto batekin parte hartu nahi nuen. Udala legazpiarrak bere Simca Rallya utzi zidan. Hori autoa!».
Ez zuen zaratarik ateratzen, ordea, eta garai hartan zaratari garrantzi handia ematen zitzaion. «Lleidako tipo batek Simca Rallyentzako oso ihes-hodi onak prestatzen zituela esan zidaten eta deitu egin nion. Autoa nirea ez zenez, ihes-hodia alokatzeko aukera eskaini zidan eta Lleidara joan nintzen bila. Autoari ihes-hodia jarri nion eta 02:30ean Santa Barbarara joan nintzen probatzera. A ze zarata ateratzen zuen… baina polikiago zebilen!».
Rallyrako denbora gutxi gelditzen zen eta irabazteko aukerak murriztu zitzaizkion. Bere osabak salbatu zuen. «Nire osaba oso abila zen eta ihes-hodia moldatu egin zuen. Proba irabaztea lortu nuen eta ordutik aurrera ez nintzela gehiago auto kaxkarrekin arituko erabaki nuen».
Harrezkero, auto asko gidatu ditu: Seat 124 2000 FU, Renault 5 Turbo, Mini Cooper eta Renault Clio. Bere auto kuttuna Martin Canterok gomendatutako eta kuadrilla guztiak erabilitako Fiat 125a da. «Ez zen hausten eta oso segurua zen». Azken rallya duela bederatzi urte egin zuen eta ordutik rally klasikoetan parte hartzen du. Lau auto klasiko ditu: Seat 1500, Seat 600, Dodge Dart eta Seat 131 1600 Supermirafiori. Rally klasikoetan azken biekin ibiltzen da.
Munduko auto guztien artean, bat aukeratu beharra izango balu, Renault 5 Maxi Turboa hartuko luke. «Lehiatzeko eta gozatzeko egokiena iruditzen zait. Gipuzkoan bat edo bi bakarrik daude. Behin bat probatzen utzi zidaten. Eramaten oso zaila da, erreakzio oso azkarrak baititu, baina behin egokituz gero, oso dibertigarria da».