Geroz eta goierritar haur gutxiago animatzen dira Euskal Udalekuen Bernedo, Abaigar eta Goñiko aterpetxeetan udara igarotzera. Bertako begirale goierritarrek, tradizioa berpiztu eta goierritarrei bertaratzeko deia luzatu nahi diete. Martxoan irekiko dira izen emateak.
Euskal Herriko udalekuen historiaren eta kulturaren lekuko bihurtu dira, urteek aurrera egin ahala, belaunaldiz belaunaldi transmititu diren Euskal Udalekuak. Bernedo eta Abaigarreko udalekuek, konkretuki, 50 urte bete dituzte, eta mende erdiko ibilbide horretan, milaka gazteren esperientzi ahaztezinen gordeleku bihurtu dira. Naturarekin harremana, euskal kulturaren sustapena eta elkarlanaren indarra izan dira urtetan landu dituzten ardatzak.
Gaur egun, ordea, proiektuari beste zenbait balore erantsi zaizkiola azpimarratu du Abaigar aterpetxeko begirale Jone Aramendi gabiriarrak: «Gizarteak aurrera egin duen modu berean, udalekuek ere aurrera egin dute, eta gaur-gaurkoz, feminismoan, euskaran eta auzolanean ere oinarritzen gara, batik bat». Aramendik 20 urte ditu, eta urte askoan haur moduan udalekuetara joan bazen ere, lau urte egingo ditu Euskal Udalekuetan begirale moduan lanean. Azpimarratu du nahiz eta udalekuaren baloreak ez diren bere horretan aldatu, balore horiek transmititzeko moduek eduki dutela aldaketa nabarmena.
Euskara bultzatzeko premia
XX. mendeko bigarren erdian Euskal Herrian udako koloniak antolatu izan zituzten zenbait erakundek, gaztelerazko jardunarekin egiten zirenak. Hain justu, garai hartan, etxeko haur txikienak soilik ibiltzen ziren euskal eskoletan, gutxika-gutxika adinez nagusi egin ahala, gehiengoak erdal eskoletara joaten baitziren. Euskaldun gehienak, beraz, erdal eskoletan ziren orduan, eta euskara bultzatzeko premia lehenetsi zuten egoera horretan; erdal eskoletakoak ere hartu zituzten aurreneko kolonia haietan.
Urte batzuk beranduago, 1960ko hamarkadan, ikastolen mugimenduko boluntario batzuen laguntzaz, klandestinitatean ikasten zuten haurrei udan jarraipena eman eta euskara bultzatzeko asmoz euskara hutseko koloniak antolatu zituzten, eta hala sortu zen udaleku terminoa ere. Barriako (Araba) jauregi zahar batean egin zituzten aurreneko udalekuak 1965. urtean, Gipuzkoako ikastolen arduradunen eta irakasle batzuen ekimenez. 1965-75 urteen artean, gerora, Euskal Herriko zenbait lekutan egin zituzten, baina zegoeneko ikastolen mugimendutik kanpora antolatzen hasi ziren.
Geroztik, urteen poderioz, gazteen identitatearen parte sentitzearekin batera, asko indartu eta ugaldu dira Euskal Udalekuak. Gaur-gaurkoz Abaigar, Bernedo eta Goñiko herrietan mantentzen dira, eta mila haurretik gora biltzen dira urtero-urtero udako kanpaldietan. Aurreneko biak 1975ean sortu zituzten, eta Goñi, berriz, beranduago, 1980an.
Boluntarioki auzolanean
Euskal Udalekuek badute «bereizgarri nagusi bat» gabiriarrarentzat; kanpaldiaren antolakuntza boluntarioen esku dagoela, hain zuzen. Hezitzaileek eraikitzen, indartzen eta zaintzen dituzte udalekuak, eta txanda bakoitza autonomoa den arren, txanden arteko elkarlana eta komunikazioa «etengabekoa» izaten da, udalekuei «koherentzia eta osotasuna» emateko. Urtean zehar zenbait formakuntza hartzen dituztela adierazi du Aramendik, udalekuen balioak komunean jarri eta begiraleen artean komunitatea eraikitzeko; etengabeko harreman horren adierazgarri da txanda guztiek helburu orokor berdinak dituztela.
Euskaraz bizitzea, naturarekiko errespetua mantentzea, elkar zaintzea eta euskal kultura sustatzea lirateke, besteak beste, helburu orokorretako batzuk, eta jolas, kanta, ipuin, antzerki, zinema, festa eta etxeko apainketa berezi eta egokitu baten bidez saiatzen dira haurrek beren euskal nortasuna landu dezaten. Zentzu horretan lantzen dituzte euskal kulturarekin loturiko egunak, helburu konkretu batekin antolatzen direnak, eta irakaspen konkretuak ateratzen dituztenak: euskal mitologiaren eguna, euskararen eguna… Aramendiren ustez, garrantzitsua da haurrei euskara «tresna erabilgarria» dela erakustea, izan egunerokorako, izan harreman osasuntsuak eratzeko. Hala, euskal lurralde guztietako haurrak bateratzen dituzte, askotariko egoera soziolinguistikoetan bizi direnak, elkarri bere egoeren, hizkeren eta ohituren berri eman diezaieten. Udalekuetatik etxera euskararen eta euskal kulturaren ikuspegi ahalik eta aberatsena eraman dezaten nahi izaten dute.
Aramendik dio lan handia egiten dutela Euskal Udalekuak «gune seguru» izan daitezen, edozein direla ere bakoitzaren ezaugarri pertsonalak, gorputza, sexu orientazioa, arraza eta abar. Horretarako, «elkarren zaintza» giroa sustatzen dute hezitzaileen, haurren eta gazteen artean. Oro har, udalekuak sustatzen dituen balioetan sakondu ahal izateak eta ikuspegi feminista gizartera zabaldu ahal izateak motibatzen du gabiriarra: «Momentu honetan gizarteak behar dituen baloreak dira, nire ustez, bertan lantzen direnak».
Gaineratu du «berezia» dela bertan sortzen den zaintza. Izan begiraleen artekoa edo haurren zein begiraleen artekoa. Begiraleek ere urte osoa igarotzen dute udalekuen esperoan, eta esperientzia «haurren urduritasun berarekin» bizi dute; begiraleentzat irakaspena izaten dira askotan, eta ez udalekuetan bakarrik, urte guztian elkarren sostengu eta babes izaten ahalegintzen dira begiraleak euren artean.
Goierritarren gainbehera
Goierriko eskualdean, Euskal Udalekuetara joateko ohitura, lehen izan zen ohitura sakon eta partekatua, denboraren poderioz galtzen ari dela azaldu du gabiriarrak. Gazteen beharrak eta interesak hein batean aldatu direnez, tradizio horren galera ekarri du: «Arraroa da, hain eskualde euskalduna izanda, haur gutxi etortzea».
Aramendik azpimarratu du Goierri mailan urte askoan ahoz ahoko transmisioa oso garrantzitsua izan dela, hau da, aurreko belaunaldietatik hurrengoetara komunikazio sare eraginkorra eta egonkorra mantentzea. Transmisio hori erabat murriztu den arren, uste du aisialdi aukerak nabarmen ugaritu direla, eta horrekin, onartu du, egungo gazteek «udaleku aukera anitzak» topa ditzaketela, Euskal Udalekuetatik harago; Ikastolako Udalekuak, Bertso Udalekuak, Arte Udalekuak eta Ingeles Udalekuak, besteak beste.
Haurren tendentzia horren kontrara, baina, badira nahikoa begirale goierritar, eta diotenez, ahalegintzen dira Goierriko eskualdean bultzadatxo bat eman eta galdutako tradizioak berpizten; urte guztian zehar lanean jarduten dute Goierriko txoko bakoitzera udalekuetako informazioa irits dadin. Gaur egun, bertako kide dira, besteak beste, Jone Aramendi, Uxue Perez, Maddi Aiestaran, Amaia Ramirez, Lexuri Iparragirre, Klara Schmidt, Saioa Etxezarreta, Uxue Urien, Joseba Llorente, Garazi Mujika eta Ane Nazabal goierritarrak.
3 etxe, 11 txanda
Bernedon, Goñin eta Abaigarren, etxearen tamainaren arabera hartzen dituzte neska-mutilak. 3 etxe eta 11 txanda eskaintzen dituzte Euskal Udalekuek. Eremu desberdinak dituzte eta horietara egokitzen diren jarduerak eramaten dituzte aurrera. Bernedon, lau txandatan banatzen da udalekua; Abaigarren hiru txandatan; eta Goñin, azkenik, beste hirutan.
Izena emateko epea martxoan irekiko dute, eta, nahi izanez gero, bakarka edo taldean izena eman daiteke –gehienez hiru pertsonako taldeak–. Apirilaren 19an emango dute argitara onartutako haurren zerrenda. Informazio gehiago behar izanez gero, udalekuak@udalekuak.eus helbidera idatzita edo 633 57 68 23 telefono zenbakira deituta jar daiteke antolatzaileekin harremanetan. ■