Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko azkeneko urtea egiten ari da Mikel Balerdi (Olaberria, 2003). Duela urtebete bere proiektu propioei forma ematen hasi zen, eta Aztarna Produkzioak proiektua sortu zuen lagun batekin batera. Dagoeneko hainbat lan sortu dituzte, horien artean Lazkaomendiko herri kirolen apustua eta ‘Andrak erramutan’ dokumentala, baita beste batzuk eskuartean izan ere.
Noiztik datorkizu ikus-entzunezko proiektuak egiteko interesa?
Txikitatik gustatu izan zait mundu hau, eta aukera izan nuenean, Ikus-entzunezko Komunikazioa gradua ikastea erabaki nuen. Karreran hasi nintzenean ez nekien ez kamera erabiltzen, ezta bideoak editatzen ere, baina iaz nire lantxo batzuk egiten hasi nintzen. Lazkaomendiko herri kirolen apustuko bideoa nire lehengo proba izan zen.
Zer da Aztarna Produkzioak?
Bi lagunen arteko proiektua da, Deñe Garcia-Bravorena eta biona. Gure lanak gordetzeko eta erakusteko helburuarekin sortu genuen. Oraingo eta etorkizuneko sorkuntzak erakusteko erakusleiho bat da.
Zein motatako lanak egiten dituzue?
Gure lehenengo lana Lazkaomendiko herri kirol apustua izan zen. Hura, zehazki, umorea uztartzen duen promozio edo trailer bideoa da. Proiektu horrekin euskal kultura eta galtzen ari diren euskal apustu eta tradiziozko kirol ekintzak sustatu nahi genituen. Horrez gain, gure proiektu garrantzitsuenetako bat Andrak erramutan dokumentala izan da. Haizea Bedialauneta, Ane Urresti, Deñe Garcia-Bravo eta nik egindako lana da.
Zer kontatzen duzue ‘Andrak erramutan’ lanean?
Ondarroako 40 urtetik gorako emakume batzuek egindako erronka kontatzen dugu bertan. Emakumeak izateagatik ez zuten arraunean ibiltzeko aukerarik izan, eta hori dela eta, talde bat sortu zuten. Ondarroatik Donostiara egun batean joateko erronka planteatu zuten, eta horren lekuko izan ginen gu.
Beste lanik badaukazue eskuartean?
Olaberriko Oroimen Historikoaren dokumentala izan da egin dugun azkeneko lana. Oraindik ez dugu ezer publikatu, baina trailerra eta dokumentala eginda daude. Orain azkeneko ukituak ematen ari gara estreinaldi egunerako.
Horrelako proiektuetan, zer da gehien eta gutxien egitea gustatzen zaizuna?
Taldean bi garenez, alderdi guztiak ukitzea tokatzen zaigu. Niri denetarik egitea gustatzen zait. Batez ere sormen prozesua da gehien disfrutatzen dudana: ideia desberdinei zer forma eman erabakitzea. Paperean idatzitakoa errealitate bihurtzea ere asko gustatzen zait. Edizio eta kameragile lanak ere gustura egiten ditut. Gutxien gustatzen zaidana audio lanak egitea dela esango nuke.
Etorkizunerako zer asmo duzu?
Aztarna Produkzioak era formalago batera eramatea asko gustatuko litzaidake. Bestalde, dokumental eta zine mundua asko gustatzen zaizkit, baita komunikazioa eta marketina ere. ■