Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
Utopiak historian zehar hainbat eraldatze jasan ditu. Hasieran Urrezko Aroa, gero hiri-komunitate idealak, eta Frantziako Iraultzarekin, liberté, egalité eta fraternité-aren ametsa. Baina 1830 inguruan Saint Simonen jarraitzaileak aurrerapen teknikoa ospatzen hasi zirenean aldaketa handi bat iritsi zen. Iraultza Industrialaren garaia zen, lurrun makina, trena eta telegrafoaren garaia. Geroztik utopia tekno-zientifikoa progreso kapitalistaren oinarri bihurtzen da merkatuen garapenarekin batera eta, berrehun urte geroago, distopia tankera hartzen ari da.
Gure harreman kolektiboaren ulermena sendotzeko eta zalantzazko mundu berri baten itxaropena eskaintzeko baliagarriak izan zaizkigu utopiak. Garaiko gizarte-beharrek sinesgaitzak ziren utopia asko elikatzen joan ziren mendeetan zehar. Gaur egun beraien asmaketarako gaitasunagatik miresten ditugu utopiko haiek. Baita beraien kemen ekintzaileagatik ere. Dena eskatzen zuten eta ez ziren pixka batekin asebetetzen. Askok komunitate ideal saiakuntzak ere egin zituzten.
Zailtasunak zirela eta, iraganeko garai luze eta ilunetan, beharrezko aldaketak “beste bizitzarako” uzten zituzten. Baina geroz eta jende gehiago sinisten joan zen mundu hobeago bat lortzeko orain eta hemen kostatako eraldaketak egin beharra zegoela. Horrela lortu dira gehiengoarentzako hainbat eskubide eta instituzio politiko, ekonomiko eta sozial.
Utopia gure artean ez dagoenean sortzen da arazoa. Gaur mundu hobe baterako zein utopia berri? Bizidun komunitate planetarioarentzako alternatiba global baten gabeziak herri mugimenduak mugatu eta sakabanatu egiten ditu. Falta zaizkigunak ez dira zehaztutako egitarauak eta antolatutako indarrak bakarrik, baizik baita ametsezko filosofia globalak ere. Horiek gabe zerumuga politiko-biologikorik ez baitago.
Nahiz eta Marxen pentsamendua berpizten ari eta Proudhomen anarkismoak aitzindari izaten jarraitu, garai hauetarako ameskeriak behar ditugu. Gure bidea argitzeko gai diren Ideia handi eta zabalak. Naturarekin eboluzionatzen duen gizarte berdin, justu, aske eta solidarioago baten promes egiten digutenak.
Gizonak eta emakumeak gauden bitartean historia bat izango da. Eta gaurkotik haratago joateko asmoak, ideal batek beti gidatuko gaitu. Iparrizar hori izango da norabidea erakutsiko diguna eta gure bizitzari zentzua emango diona. Denok amesten dugun perfekzio hori ez da behin ere burutuko eta hau berealdiko albistea da: utopiak ez du bukaerarik. Planeta honetan gizonezkoak eta emakumezkoak bizi garen bitartean izango dira ametsak, utopiak eta norberaren hobetze nahiak. ■