Reda Qazqaz Ataunen jaioa da eta euskalduna eta marokoarra sentitzen da. Bere gurasoen etorreraz eta esperientziaz, eta berak eta bere familiak euskararekin duten harremanaz mintzatu da.
Euskal gizartea askoz anitzagoa da joan den mendean baino. Orain, jatorri askotako pertsonak bizi gara, hots, hizkuntza, kultura eta erlijio askotakoak, bizitzari eta munduari buruzko oso bestelako ikuspegia eta pentsamoldea eta klase askotako imajinarioa dutenak. Immigrazio fenomenoak, atzerriko herritartasuna zuten pertsonak eta bertako herritartasuna zutenak bereizten zituen lehen. Gero, fenomenoa ohikoagoa bilakatu da, eta nazionalitateak ugaritu ahala, atzerriko herritartasuna dutenak eta atzerritar jatorrikoak (atzerrian jaioak) bereizi izan dira. Behin Euskal Herrian seme-alabak izan dituztenean, beste kategoria soziologiko bat gehitu da: atzerritar jatorriko gurasoak dituzten pertsonak, Euskal Herrian jaioak, euskaldunak. Bada, Euskal Herrian jaioak diren eta atzerritar jatorriko gurasoak dituzten pertsonak geroz eta gehiago dira eta ugaritzen segiko dute.
Reda Qazqa Euskal Herrian jaioa da, eta 23 urte ditu. Ataunen hazitakoa da, eta Legorretako enpresa batean lan egiten du esportazio departamentuan. Gurasoak marokoarrak dira, Fez herrian jaiotakoak. «1991. urtean iritsi zen nire aita Euskal Herrira. Aurrez, bazuen familia hemen, anaia, hain zuzen ere. Lehenik Ordiziara joan zen bizitzera, Zaldibiara ondoren, eta azkenean, Ataunen kokatu zen, 2000. urtean. Goierrin nolabaiteko oreka bilatu zuenean, eta familia asentatzeko toki egokia izan zitekeela ikusi zuenean, nire amarekin ezkondu zen. 2001 urtean ezkondu ziren gurasoak. Bi anai-arreba ditut, eurak ere Euskal Herrian jaiotakoak dira», hasi da kontatzen familiaren etorreraz.
Gurasoen esperientzia ekarri nahi izan du hizpidera. «Aitak kontatzen du, Euskal Herrira iritsi berritan, ez zela erraza izan. Herrialde berri batera emigratzea bertako hizkuntza jakin gabe ez baita erraza. Euskara ikasteaz aparte, gaztelania ikastea tokatu zitzaion. Kalean ikasi zuen gaztelania. Euskararekin ere ahalegindu zen, baina batik bat gaztelaniaz komunikatzen da. Pixka bat gogorra egin zitzaion hasieran komunikatzea, eta lana bilatzeko gaztelera eta euskara eskatzen zioten, eta euskara ez zuen asko garatu; 1990eko hamarkada zen, testuinguru politikoa zela eta, beldur pixka bat ematen zion euskara ikasteak, nolabaiteko ondorioak izango zituelakoan… Horregatik, gaztelera lehenetsi zuen».
Reda eta bere anai-arrebak jaio eta hazi zirenean, ahalegindu ziren gurasoak euskara ikas zezaten konbentzitzen. «Ataun euskararen arnasgune da, eta garrantzitsua da horri eustea», adierazi du gazteak. «Zailtasunak zailtasun, guk animatuta, ahalegina egin dute gurasoek euskara menperatzeko urratsak eginez, eta asko hobetu dute, baina kosta egiten zaie oraindik», laburbildu du.
Redak euskararekin izan duen esperientzia, berriz, «naturala» izan da. «Ataungo eskolan hasi eta segituan ikasi nuen. Ataundar bat gehiago naiz. Eskolan, kuadrillan, kalean… euskara daukat beti ahoan».
Bi kultura
Bi kulturaren artean hazi da Reda. Euskal eta marokoar kulturetatik edan du. «Bi kulturen artean hazi naizenez, bataren eta bestearen parte sentitzen naiz. Euskalduna sentitzen naiz, baita marokoarra ere. Konturatu gabe ikasi dut bi kulturak bateratzen. Gurasoen jatorrizko kulturari eutsi diogu familia-bizitzan, ama-hizkuntzan hitz eginez edo dagozkion jaiak ospatuz. Aldi berean, lagunekin eta kalean euskaraz hitz egiten dut eta bertako ospakizunetan eta ohituretan parte hartzen dut, bete-betean».
Beretzako gurasoen herriarekiko atxikimendua handia da, Marokon inoiz bizi izan ez bada ere. «Familia daukat Marokon, eta oporrekin eta gurasoen alaitasunarekin lotzen dut. Beste batzuek, agian, ez dute izan nik izan dudan aukerarik, hau da, gurasoen jaioterria ez dute ezagutu. Ni urtero joaten naiz amona, osaba-izebak eta lehengusuak bisitatzera. Haiekin arabieraz hitz egiten dut, etxean ikasi baitut, eta aberastasuna da niretzat. Hura ere maite dut, gurasoek eurek egin duten transmisio lanagatik».
Oreka harmoniatsu hori lortzeko hainbat gako izan dira. Batetik, familiaren jatorriaz harro egoteko sentimendua eta egoera berri batean etorkizuna lantzeko egindako ahalegina daude; eta, bestetik, adore ematea eta laguntzea integrazio-prozesuan, euskal gizartean harrera ona izanik, bidea errazagoa baita. Biak sustatzea beharrezkoa dela dio Redak.
Desikasteko garaia
Gazte euskalduna baina arrazializatua izateak, oraindik ere, arrakala sortzen du, maiz. «Ni euskalduna naiz, baina ezagutzen ez nautenek, gazteleraz egiten didate lehen hitza. Nire ezaugarri fisikoengatik da», azaldu du Redak, gaur egun oraindik bizi behar izaten duen errealitatea plazaratu nahian. «Nik, euskaraz, Ataungo euskaraz jator erantzuten diedanean, harrituta gelditzen dira».
Horrek erakusten du gaur egungo gizarteak ikasteko edo desikasteko asko duela oraindik. Izan ere, ez dago euskaldun izateko modu bakar bat. Berdin da euskara maila, zein euskalki, noiz jaio zaren, antzinatasuna, edo orain dela bi urte ikasi duzun, zein duzun azaleko kolorea, hemen edo beste herrialde batean jaioa zaren.
Hain zuzen, etorkizunean Euskal Herriko historia idatziko dutenak, euskarazko kultur sorkuntzan arituko direnak, edota bertako taldeetan golak sartzen edo pilotalekuan tantoak egiten arituko direnak, euskaldunak izango dira, nahiz eta beste herrialde bateko jatorria duten abizenak eduki.■
- 1.727 biztanle ditu Ataunek. Horietatik gehienak Gipuzkoan jaioak dira: 1.457, biztanleria osoaren %84,4.
- 170 Espainiako Estatutik kanpo jaio eta Ataunen bizi direnen kopurua, biztanleen %9,80 da.
- 83 Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik kanpo, Espainiako estatuan jaio diren ataundarren kopurua. Biztanleria osoaren kopurua betetzeko falta direnak, Araban jaioak 3 dira, eta Bizkaian 14.