Segurako Lardizabal sendiak Juan Sebastian Elkano itsasgizonarekin urrutiko ahaidetasuna zuen. Lardizabal sendia Idiazabaldik joan zen Segurara, eta burdinolen jabeak izan ziren. 1565ekoa da lehen aipamena agirietan. Abizenaren eta orubearen maiorazkoa Seguran ezarri zuten. Idiazabalen gelditutako familian, 1854an jaio zen Lucia Lardizabal Erostegi; Zegamako Gregorio Zabaletarekin ezkondu, eta Iturburu baserrian jarri ziren bizi izaten. Alustizatarren jabetzakoa zen etxea. Luciak kontatzen zuen hiru ahizpa zirela, eta euren amak ezkontza-arreorako kutxatxo bana urrezko txanponez beteta eman ziela.
Familiako beste adar batean, Maria Lardizabal 1841ean Telesforo Monzon Zurbanorekin ezkondu zen –Telesforo Monzon politikariaren gurasoak–. Osaba Ignacio Lardizabal ere politikaria izan zen, eta 1926an EAJren GBB Gipuzkoa Buru Batzarrean sartu zen. Aiako Laurgain jauregian, Donibane Lohizunen eta Ziburun bizi ziren.
Azken bide horretatik iritsi zen, duela urte gutxi, Elkanorekiko lotura. 2017an, Anne-Marie Christophe Lardizabali eskuzabaltasuna eskertu zioten Getarian, lehen mundu biraren 500. urteurrenaren harira. Leinuaren dokumentazioa Euskadiko Artxibo Historikoari eman zion.
Laurgain dorretxeko agiritegi horretan zegoen, hain justu, Elkanok berak idatzitakoa. 1522ko irailean San Lucar de Barramedara (Andaluzia) itzuli ondoren, gutuna bidali zion Carlos I.a erregeari.
Seguratik eramandakoak
Lardizabaldarrek XX. mendean zehar aldatu zuten Segurako beren jauregiko artxiboa. Gaur egun udaletxea den eraikina zen haiena. Bi kamioitan sartuta eraman zituzten altzariak, koadroak, ezpatak, apaingarriak eta alfonbrak; baita paper zaharrez betetako zakuak ere. Eta etxearen fatxadan zeuden zurezko bi ezkutu handi.
Laurgaingo dokumentazioaren artean agertu da, baita ere, XVII. mendeko Segurako gabon kanta bat. Elkanorena Aiako dorretxean zegoen ala segurarrek eraman zuten galdetzen du zenbaitek. Litekeena da Seguran egon izana.
Izan ere, Anne-Marie Lardizabalen birraitona Ignacio Lardizabalek 1925eko urriko Euskalerriaren Alde aldizkarian argitaratutako artikulu batean zabal eta xeheki jorratu zuen gaia. Beretarren genealogia luzeaz jardun zuen, eta Elkanorekiko loturaz. Bere etxeko agiri zahar batzuetan oinarrituta idazten ari zela argitu zuen.
Hauxe dio ‘De Elcano, su casa solar’ artikuluan: «Elkanoren mendeurrena une egokia zitekeen erreseina hau idazteko (…). Ospakizun hartan oharkabean pasatu zen xehetasun bat: Elkanoren jaiotetxearen historia. Ohar arin hauen egileak eskura ditu gabezia hori betetzeko beharrezko agiriak. (…) Ez da bidezkoa artxibo pribatu batean gordeta ezkutatzea, jendearentzat berri interesgarriak direnak».
Ignacio Lardizabalek ere bazuen bere historia. Gipuzkoako diputatu nagusi izan zen, Guardia Errealeko kapitaina, eta karlisten buru izana. Sabino Aranaren lagun-mina zen, eta GBBko agintari izan zen 1908an, abertzaletasun politikoaren hastapenetan. Ziburun bizi zen 1926an. Lardizabal sendiko kideak 38 aldiz izan ziren Gipuzkoako diputatu nagusi 1792tik 1867rako epean. ■