Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Ai!, Joxemiel, Joxemiel… zenbat egia esan zenituen! Ez da berria, baina bai guztiz interesgarria, Eider Rodriguez, idazle eta EHUko irakasleak, Jakin aldizkarian, 2016an idatzia: «Kultura ondasun bat da, baina ez zaio tratu hori eskaintzen. Kultura eskubide bat da, baina kapritxo bat dirudi. Ez dago kulturarik gabeko herririk. Kulturarik gabe, ez dago herririk…».
Euskal kulturgintzan lanean ari garenok muturrekoen artean, tarteka, goxotasuna jasotzea estimatzen dugu. Gustura hartzen ditugu laneko bidea argitzen diguten iritziak ere. Zenbat aldiz entzun ote dugu kultura eta hizkuntza ez direla politika. Izango ez dira ba!? Euskara ez “nahasteko” politikarekin, diote. Ez dago nahastu beharrik, orre bereko ogiak dira bi-biak! Hor daukagu, Eusko Jaurlaritzan, adibidez, Hizkuntza Politika Saila. Izena eta izana? Ez, noski, politikan, kultura eta hizkuntza baino gai garrantzitsuagoez jarduten omen dute eta. Harrapa zan/k!
Politikan punta puntako gaiak dira, azpiegitura handiak, garraioa, eraikuntza… baina baita ikastolen sorrerako mugimenduak, euskal komunikabideak, adimen artifiziala, musika… dena da politika.
Marko horretan, haurrak eskolatzeko matrikulazio garaian, politikoa den gaiaren bueltan, alegia, epelak entzun behar izan ditugu, urtero bezala aurten ere, Ikastolen kontra. Urteroko erasoa da, matrikulazio-garaian eta urte guztian zehar, jasan behar izaten duguna. Lotsagarria, benetan, euskal curriculuma, euskal kultura eta euskara lantzen ahaleginak egiten diharduen instituzioa horrela egurtzea, bistatik kendu nahi izatea. Ikastolak beren lana egiten bakean utzi eta ez ote daukagu erasotzeko beste etsairik, beste egitekorik?
Elkartasuna Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolari, beren haurrak ikastolan matrikulatu nahi zituzten 8 familiei ateak zabaltzeagatik isuna, zigorra jaso duzuelako. ■