Jon Eskisabel • Musikazalea
Duela sei urte inguru zinemagile bat nirekin harremanetan jarri zen, Itoiz taldeari buruzko dokumental baten proiektua zuen esku artean eta nik biografia bat idatzia nuenez —Itoiz, hari xingle bat (Gaztelupeko Hotsak, 2006)—, agian lagundu nezakeela pentsatu zuen. Aitortu behar dut ez nuela proiektua burura eramana izateko itxaropen handirik. Batetik, sumatzen nuen taldearen ibilbideari buruzko ohiko dokumental bat egiteak ez zuela Juan Carlos Perezengan ilusio handirik piztuko, eta haren kolaboraziorik gabe…; bestetik, taldean oinarritutako biopic bat egiteak konplexutasun handia zuen. Proiektuak zein bide hartuko zuen ezagutzeko jakin-mina izan dut urteotan eta, hortaz, estreinaldia iragarri zutenetik Itoiz. Udako Sesioak noiz ikusteko zain egon naiz irrikaz.
Eta ikusi ostean, txalogarria iruditu zait Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak aukeratutako bidea. Genero dokumentala —artxiboko irudiak zein orain arte ezagutu gabeko audio iturri baliotsuak erabiliz—, fikzioa —Perezen gaztaroa eta Indar Trabesen sorrera antzezteko aktore talde bat zuzenduz— eta, bereziki, sormena eta irudimena —taldekideen gogoetak eta oroitzapenak azaleratzeko haien arteko enkontruak bilatuz— baliatu ditu film ezohiko eta ausart bat ontzeko, kanpora baino gehiago barrura begiratzen duen filma. Juan Carlos Perez da filmeko protagonista, ia denbora guztian ikusten dugu pantailan, eta harrigarria egin zait kamera aurreko naturaltasuna. Filmeko bi une hautatuko nituzke: Itoizko liderra Ezekiel-en maketako grabazioa entzuten ari den momentua eta Lau teilatu abestiarekin Perezek izan zuen harreman gatazkatsuaren audio lagina.
Ez da beharbada Itoizen zaleek espero zuten filma, baina bai Itoizen ibilbideak merezi zuenaren pareko lana. ■