Oraindik futbolean egiteko duen ibilbidea luzea den arren, pixkanaka bere bidea eraikitzen ari da Alazne Estensoro (Lazkao, 2006). Futbolaz gain, Ingeniaritza gradua ikasten ari da, eta familiak eskaintzen dion laguntzaz «oso eskertuta» dago. Txikitatik izan du futbola gustuko Estensorok. Lazkaoko Kirol Elkartean jokalari postuan jokatzen hasi bazen ere, berehala ohartu zen atezaina izan nahi zuela, eta duela urtebetetik Realeko lehenengo taldean dabil.
Zer gustatzen zaizu gehien atezain izatetik?
Atezainaren postua desberdina dela esango nuke. Guk beste ikuspuntu batetik bizi dugu partida. Nahiz eta golak ez ditugun sartzen, beste taldekoenak ekidin behar ditugu, eta daukagun erantzukizuna oso garrantzitsua da.
Nola prestatzen zara fisikoki eta psikologikoki ondo egoteko?
Kanpotik ikusita atezainon prestakuntza fisikoa oso exijentea ez dela ematen badu ere, ez da horrela. Ondo prestatuta egon behar dugu edozein egoerari aurre egiteko. Psikologikoki ere oso exijentea da gure lana. Denbora guztian tentsioan gaude eta uneoro erne egon behar dugu. Bi alderdiak lantzea oso garrantzitsua da partida on bat egin ahal izateko.
Nola tartekatzen duzu bizitza pertsonala futbol profesionalaren eskakizunekin?
Oso ondo antolatu behar duzu zure bizitza. Jakin egin behar da futbola, ikasketak eta bizitza sozialaren artean oreka bat lortzen. Nire kasuan, oso ondo daramadan zerbait da. Batxilergoa bukatu nuen pasa den udan, eta orain Ingeniaritza gradu bat ikasten ari naiz. Futbolaz gain, oso garrantzitsua iruditzen zait ikasketak izatea.
Zein izan da zure ibilbideko partidarik gogoangarriena?
Duela bi urte, Realaren igoera lortu genueneko partida guztiak gogoangarriak zaizkit. Espainiako selekzioarekin hamazazpi urtez azpiko Europako Txapelketako finala jokatu nuen eguna ere kuttuna dut. Galdu egin genuen arren, esperientzia itzela izan zen.
Zeintzuk dira zure helburuak?
Oraina bizitzen saiatzen naiz, egunetik egunera. Hala ere, hobetzen eta ikasten jarraitzea, partidak irabaztea eta disfrutatzea dira nire helburu nagusiak.
Nola ikusten duzu gaur egun emakume futbolarien egoera?
Azken urteetan emakumeon futbola ikaragarri hazi da, eta oraindik ere gehiago haziko dela ziur nago. Emakumeok geroz eta aurrerapauso gehiago ematen ari gara kirol munduan, eta hemendik aurrera ere horrela jarraitzea espero dut. ■