Monica Leiva • Kazetaria
Europan zehar inauteriak ospatzen ari gara. Ituren, Markina, Arizkun edo Altsasuko hartza ere presente dago kontinenteko beste ospakizun batzuetan. Horretaz mintzo zaigu Aitor Ventureira etnografo tolosarra, zeinak dokumentatu duen, adibidez, joaldunen bertsio ezberdinak Bulgaria bezalako lekuetan aurki daitezkeela. Helburua: lurra esnatu eta anima txarrak uxatu. Portugaldik Balkanetaraino, europarrok neolitikotik komunitate ezaugarriak partekatzen ditugu. Izan ere, gure eskualdetik, non bizi-baldintzak eta aurrerapenak pribilegiatuak diren, Larrundik haratago gertatzen denak ez duela axola pentsa genezake.
Egoera honakoa da: Europa bakarrik geratu da. Azken hilabetean, Estatu Batuek, garai bateko aliatu eta babeslea, kontinente zaharra arerio gisa tratatu dute eta errusiar anbizio inperialisten aurrean bere zortera abandonatzeko mehatxua egin du. Bada azalpen bat: Donald Trump buru duten neoliberal ultraerreakzionistek mundu ordena berri bat inposatu nahi dute, kapital globalaren erregealdia oztoporik gabe. Demokraziak (azken batean, legeak) soberan daude. Mendebaldeko aliantza hautsita, Europak erreakzionatu behar du Moskuk kudeatutako eremu bat ez bihurtzeko.
Ekialde Hurbileko korrespontsal-lanetan aritu nintzen urteetan, esperimentatu nuen gerrengatik, okupazioagatik, pobreziagatik eta jazarpenagatik sufritzen dutenentzat Europa hitza itxaropena esatearen antzekoa zela. Eta pentsa dezakegu: nola izan daiteke hori posible europarrok mundua aspaldidanik espoliatu eta menperatu dugunean? Egia da. Baina Europak azken 80 urteetan lortu duena apartekoa da. Munduaren zilborra izateari utzi diogu. Gizarte anitz eta kohesionatuetan ere bizi gara, kalitatezko osasun eta hezkuntza publikoko zerbitzuekin, non pentsioetarako eta etxebizitzarako eskubidea onartzen den. 1945etik feminismoaren eta ekologismoaren balioak txertatu ditugu; gay eta trans seguru bizi dira; arrazakeria lotsagarritzat jotzen da. Aberastasun kulturala babesten saiatzen ari da, baita giza eskubideak ere. Porrot, erronka eta kontraesan ugarirekin, noski, baina askoz lorpen gehiagorekin. Orain denok batera lortu duguna gal liteke.
Identitate hiltzaileak saiakeran, Amin Maalouf libanoarrak dio gizakiok erasotua sentitzen dugun identitate hura sutsuago defendatzeko joera dugula. Europako bandera gure udaletxeetako balkoietan badago ere, europeismo kontzienteak tradizio gutxi du kontinentean. Agian iritsi da garaia europar kontzientzia behingoz ernatzeko. Portugaldik Balkanetaraino, lurra esnatu eta anima txarrak uxatu. ■