Behetik gorako bidea urratzeko sortu dute Behe Banda Euskal Herriko sei idazle gaztek: Irati Oskoz Egiguren (Astigarraga, Gipuzkoa, 2005), Irati Fernandez de Okariz Irureta (Gasteiz, 2004), Maddi Agirre Epelde (Gasteiz, 2005), Harri Diaz de Heredia Matanzas (Gasteiz, 2004), Irati Larrañaga Etxebarria (Bilbo, 2004) eta June Aiestaran Iparragirre (Beasain, Gipuzkoa, 2006). Ekimenaren nondik norakoez mintzatu da beasaindarra.
Zer da Behe Banda, eta nola eratu duzue?
Urruzuno literatur lehiaketan saria egonaldi bat zen, eta egonaldi horretan elkartu ginen seiok. Zer nahiko genukeen hitz egiten, broma artean aipatzen genuen horrelako talde bat sortzearena. Egonaldiaren ondoren beste hitzordu bat egin genuen, eta gure harrikadan sortu genuen. Hortik, pixkanaka hasi ginen testuak idazten.
Izenak badu nolabaiteko arrazoia.
Izena erabakitzeko momentua nahiko luzea izan zen, ez genekielako oso ondo zer izan baino, nola deitu nahi genion taldeari. Halako batean, Maddi Agirrek Behe esan zuen. Denoi iruditu zitzaigun ondo, gure posizioa zela, hain justu. Ez gara azpitik sentitzen, ez da hori, baino behean sentitzen gara literaturaren munduan. Gazte talde bat gara, kasu gehiegi egiten ez zaiona gazte izateagatik, eta horixe esan nahi genuen Behe Bandarekin. Literaturan behetik hasteko leku bat da.
Zeintzuk dira taldearen helburuak?
Helburu nagusia kolektiboki idaztea da. Ohituta gaude bakoitzak berea egiten, bere testuak, bere lehiaketak, eta Behe Bandak hortik atera nahi du. Idazle izatetik harago, probokazioa eta gazteon kezkak azaleratzea da helburua. Hausnarketarako espazio ere izan nahi du, horren hutsune handi bat nabaritzen baikenuen literatur munduan, eta horixe bete nahi genuen.
Idazlearena, beti irudikatu izan da lan bakarti bat bezala. Zuek, ordea, taldean egiten duzue. Aurretik ere izan dira hainbat adibide.
Lehenago ere izan dira horrelakoak, baina azken aldian, guk behintzat, ez genuen horrelakorik ikusten edo sentitzen inguruan, eta horiek erreferente izanik, segida ematea da asmoa.
Nora gustatuko litzaizuke iristea?
Iritsi nahi dut puntu batera non gustura idazten dudan, eta nik idazteari ematen diodana, idazteak niri ematea nahi nuke. Egunen batean, nahiko nuke liburu bat idaztea, baina momentuan ez dut helburu handirik.
Nolako irakurlea zara? Zer irakurtzea duzu gustuko?
Ez ohiko istorioak edo literatura komertziala, nahiago ditut hausnarketak, edo polit idatzita dauden testuak. Agian mezu potoloegirik ez dute, baina polit daude. Adibidez, Maitasun kapitala gustuko dut. Hausnarketa eta istorio handirik ez duen liburua da. Eta Karmele Jaio ere oso gustuko dut idazle bezala.
Eta zu zeu, idazle bezala, non kokatzen zara? Non mugitzen zara gustura?
Poesia baino prosa idaztea nahiago dut, eta gauzak nahiko esplizituki idaztea. Fikzioa idazten ez naiz oso eroso sentitzen; agian probatzea da.
Zeintzuk dira idazle gazte batek aurkitzen dituen zailtasun handienak?
Komentatu izan dugu askotan, 18 urte arte badaudela literatur lehiaketak, eta beti aurkitzen duzula aitzakia bat idazteko. Baina 18 urte betetzen dituzunean, sentitzen duzu nolabaiteko saltoa ezerezera. Aukera gutxi samar sentitzen dira inguruan, eta agian, idazteko sentitzen duzun modu bakarra da argitaletxe batera joan eta egindako lana erakustea, edo 100 orriko zeozer idaztea. Hori da gauzarik desmotibagarriena idazle gazte batentzat.
Behe Bandak horrekin apurtzeko asmoa du?
Bai, hala da. Urruzuno lehiaketan elkartu diren beste gazte batzuek ere sortu dute antzeko talde bat, eta hori pozgarria da. Behar bat dagoen seinalea da.
Zein da dinamika? Nola sortzen dituzue testuak? Libreki jarduten duzue? Elkar zirikatzen duzue?
Orain arte, ariketa moduko batzuk sortu izan ditugu. Horrela planteatu izan dugu. Adibidez, eskaera izan daiteke poesia idaztea, metaforarik gabe. Erronkak planteatzen ditugu. Gero, Diskonfort izeneko eremu bat dugu. Hor saiatzen gara elkar zirikatzen, eta gutxien egiten dugun hori eginarazten. Adibidez, nire kasuan, poesia bada gutxien idazten dudana, poesia mota jakin bat egitea da erronka. Orain arte ondo funtzionatu digu.
Nondik eta zertarako idazten duzu?
Azken aldian gure belaunaldiarentzat edo gazteentzako ari naiz idazten, bai idazten dudanagatik –hau da, edukiengatik–, eta bai idazmoldeengatik ere. Orain arte, lehiaketengatik, tradizionalago idatzi izan dut, baina aldatzen ari naiz, eta nahiko gustura nago.
Zure belaunaldikoen kezkak aipatu dituzu. Zeintzuk dira?
Asko dira. Sinpleenetik hasita, ikasketak, lagunak, familia… Horiei idazten saiatzen naiz.
Zer egin daiteke zuen testuetara iristeko?
Behebanda.eus webgunean argitaratzen ditugu, baina horretaz gain, fanzine bat argitaratu dugu. Hainbat zenbaki kaleratu ditugu, eta liburutegietan aurki daitezke. Eta, bestela, gurekin harremanetan jarrita eskura daiteke. Gainera, Argia aldizkarian bi astez behin idazten dugu zutabe bat.
Aipagarriak dira artikuluak janzteko erabiltzen dituzuen ilustrazioak eta argazkiak ere.
Justu, gutako bat Arte Ederrak ari da ikasten, eta hark egindako lanak dira. Iruditzen zaigu testua indartzen duela, hura irudikatzeko beste modu bat eskaintzen digula.
Eta hemendik aurrera, zer? Bide luzea egiteko jaio al da ekimena?
Ari gara etorkizun ez oso luze baterako gauzak pentsatzen eta egosten. Hala ere, ez dakigu bide motza edo luzea izango duen. Gustura gauden bitartean horretan segituko dugu, eta gu geu eta proiektua erre aurretik bukatuko dugu. ■