Emakumeen egunak oihartzuna kendu dio martxoaren 8an oroitzen den beste kolektibo bati. Martxoaren 8a suhiltzaileen eguna ere bada, eta Legazpiko parkean behintzat, badute ospatzeko ohitura. Goierrin badago beste parke bat, Ordizian.
Gipuzkoan dauden bederatzi suhiltzaile parkeetako bi Goierrin daude, bata Legazpin eta bestea Ordizian. Ordiziakoa da zaharrena, 1993koa da, Goierri du izena, eta eskualdeko beheko herriei eta Abaltzisketari ematen die zerbitzua, hau da, 42.855 biztanleri, 31.935 hektareako eremua estaliz. Legazpikoa 2003an ireki zuten Korosti izenarekin, eta Goierri garaiko herriak eta Antzuola daude bere eremuan; guztira 26.481 biztanle eta 12.361 hektarearekin. Ezkio-Itsaso banatuta dago; Ezkio Legazpirena da, eta Itsaso Ordiziarena.
Parke bakoitzak sei talde ditu, eta bakoitzean gutxienez kabo bat eta hiru suhiltzaile, eta gehienez kabo bat eta bost suhiltzaile daude. Gainera, bi sarjentu daude. Erreleboka egiten dute lan, 24 orduko txandetan, egun batean 14:00etan hasi eta hurrengo eguneko 14:00etara.
Legazpiko taldea

Asier Jauregi, Mikel Agirreburualde, Pili Garcia, Aitzol Jauregi eta Erik Zubiri suhiltzaileak, Legazpiko parkean.
Legazpiko parkean lan egiten duen taldeetako bateko kideak dira Mikel Agirreburualde kaboa, eta Pili Garcia, Aitzol Jauregi, Asier Jauregi eta Eric Zubiri suhiltzaileak. Emakume bakarra dago taldean.
Garcia izan zen, hain zuzen, Gipuzkoako lehen emakumezko suhiltzailea. «Nirekin, korrika eta presaka hasi ziren parkeak egokitzen». 57 urte ditu eta 11 urte daramatza lanean, azken hamarrak Legazpin. «Lehen, soldadutza eginda izatea zen baldintzetako bat, eta emakumeok ez genuen aukerarik». Baldintza hori kendu zutenean hasi zen lanbideari begira Bergaran bizi den legazpiar hau. 2007ko deialdian aurkeztu, eta gainditu egin zuen, baina ez zuen lortu plazarik. 2011n hasi zen lanean, eta ordutik bitarteko suhiltzailea da.
Agirreburualde legazpiarrak 56 urte ditu, eta taldeburua da. Duela 34 urte atera zuen plaza, eta lehen hamaikak Oñatiko parkean egin eta gero, Legazpikoa ireki zenetik bertan dago. «Suhiltzaile-gidari plaza atera nuen».
Aitzol Jauregi urretxuarrak 49 ditu, eta 2003tik da suhiltzaile. Gipuzkoan 15 urte egin zituen, «interino», baina Araban atera zuen plaza. Han sei urte egin eta gero, egonkortze prozesuari esker, urtarrilaren erditik lortu du Gipuzkoan ere plaza, eta Legazpin hasi da.
Asier Jauregi 40 urteko nafarra da, Azkaratekoa, eta 24 urte zituenetik da suhiltzaile. «Oposizioetan zortea izan nuen, eta muturra sartu nuen». ‘Interino’ izan da duela aste gutxira arte, egonkortze prozesuan lortu du plaza. Legazpin 15 urte daramatza.
Zubiri bizkaitarrak –Armintzakoa da– 31 urte ditu, eta txikitatik suhiltzaile izateko bokazioa izan duen taldeko bakarra da. Kamioiak gidatzeko baimena atera arte itxaron behar izan zuen, eta oposizioak gainditu ondoren, Bizkaian sei urte egin zituen, eta Gipuzkoan lortu zuen plaza gero. Bi hilabete pasa daramatza Legazpin.
Bokazioa ez da derrigorrezkoa suhiltzaile izateko, baina baldintza fisiko ona eta lanbide desberdinetan trebatua izatea bai. «Kamioiko pertsiana irekitzen denean, erreminta pila bat dago, eta denak erabiltzen jakin behar da». Elektrikari, iturgin, arotz, sarrailagile, mekaniko… denetik egin behar izaten dute. Ezinbestekoak dira, baita ere, «tenplea eta kontrola». Talde giroak laguntzea ere «oso garrantzitsua» da, «elkar ezagutzea eta ulertzea, eta besteenganako konfiantza izatea».
Era askotako lanak
Parke osoan ondo entzuten den megafoniatik iristen zaizkie Gipuzkoa osoko abisuak, Bai Esan zerbitzutik. Herritarrek 112 zenbakira deitzen dutenean, hango zentraletik bideratzen dute larrialdia dagokion parkera. «Larrialdi motaren arabera, mailaka sailkatzen dute, 0 maila, 1 maila, 2 maila…», azaldu du Agirreburualdek. «0 maila baxuena da, eta dagokion parkeko taldea joaten da bakarrik; 1 mailan, sarjentua ere etortzen da; eta 2 mailara igotzen bada, bi parke behar dira. Guk oñatiarrekin eta Ordiziakoekin lan egiten dugu. Larrialdia ondoko parkearentzako bada, gu alertan egoten gara».
Irteera bakoitzean zer baliabide eraman behar duten ere proposatzen diete. «Baina guk hartzen dugu azken erabakia. Adibidez, hidranteak non dauden identifikatuta dugu, eta badakigu noiz eraman zisterna eta noiz ez». Gipuzkoako parke guztiak antzera hornituta daude: irteera guztietara eramaten den TLFa edo balio anitzeko kamioia, istripuetakoa, auto-eskala, zisterna, baso suteetakoa, mendiko autoak… Legazpin mendiko bi kamioi daude; «gurea da baso suteetarako parke nagusia». Suizidioetarako koltxoneta ere badu; Gipuzkoan bi daude, eta bestea Zarautzen dago.
Zorionez, larrialdiak ez dira egunero gertatzen, eta txanda lasaiak ere izaten dituzte. Horrelakoetan ondo antolatuta dute 24 orduko jarduna, eta, besteak beste, ibilgailuen azterketak, praktika ugari, garbiketa lanak, eta kirola egiten dute. Gauean, 23:00etatik 07:00etara atseden hartzen dute, «baina alertan gaude denbora guztian».
Larrialdiak era askotakoak izaten dira: suteak, auto istripuak, ate irekitzeak, mendi erreskateak… Azken urteetan joera dezente aldatu dela diote Legazpiko suhiltzaileek: istripuak eta suteak asko jaitsi direla esan dute, prebentzioan asko aurreratu delako. Orain gehien egiten dena ateak irekitzea da, «bakarrik bizi den jendeari bereziki, erori egin direlako eta tele-alarma zerbitzura deitzen dutelako».
Suizidioen inguruko deiak ere asko igo dira, «batez ere pandemiaren ondoren». Azkenaldian beste interbentzio mota bat gehitu zaie: «Hemendik Inaziotar Bidea igarotzen da, eta hasita dago arazoak ematen, mendian galdutakoak, istripua izandakoak edo egonezinak jotakoak tarteko».
Lanik arriskutsuenak suteak dira, bereziki industriakoak, baina «gogorrenak» trafiko istripu handiak eta suizidioak dira. Haurrak sufritzen ikustea ere ez dute gustuko, «ezta etxe batera sartu eta adineko pertsona bat lurrean aurkitzea ere, atzean dagoen bakardadeaz jabetzea…».
Kontrako aldean, «ondo» ateratzen diren interbentzioak daude, eta horiek poztasunerako izaten dira.
Langileen bitartekotasuna
Duela sei urte, Aldundiko agintariek Legazpiko parkea ixtea aurreikusi zuten, Bergaran parke zentrala eginda. «Hura, zorionez, bertan behera geratu zen. Korostik irekita jarraituko du, eta horri esker minutu gutxitan heldu ahal izango gara gure beharra duten tokietara».
Baina bertako suhiltzaileek, eta Gipuzkoa osokoek orokorrean, badute orain beste arantza bat, lanpostuen bitartekotasunarena. «Parkeak berritzen ari dira, material aldetik oso ondo hornituta gaude, nahiko langile bagara orain, soldata ere ez da txarra, baina interinitate maila oso altua da, eta hori konpontzeko ez dute neurririk hartzen», Garciak salatu duenez. ■
Iñaki Murua, Suhiltzaile sarjentua:
«Ordiziako parkeak berezitasunen bat izatekotan, mendia da. Aizkorri eta Aralar ditugu»
Klikatu irakurtzeko