Goierriko Gizarteratze Sareak abiatu du aurten ere ‘Elkar-EKIN Lanean’ programa. Egoera zaurgarrian eta baztertze arriskuan dauden langabetuak gizarteratu eta laneratzeko helburua du. Bi ikasturteko iraupena du.
Martxan da beste urte batez Goierriko Gizarteratze Sarean parte hartzen duten erakundeen lankidetzaz sortutako Elkar-EKIN lanean enplegu programa. Baztertze arriskuan dauden eta Goierrin bizi diren langabetuei gizarteratzen laguntzea eta lanerako aukerak ematea da proiektu honen helburua. Enplegu programa berriak bi urteko iraupena izango du, eta lorezaintzari eta zaintzari buruzko ibilbideak ez ezik, sukaldaritzakoa ere eskainiko du. Hitzarmen berriaren barruan, oinarrizko konpetentzien tailerra ere txertatu dute aurten. Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoak departamentuak (%85) eta Goierriko udalek (%15) bultzatu eta finantzatu dute programa.
Honako erakundeek osatzen dute gizarteratzeko eta laneratzeko Goierriko sarea: Goierriko Caritasek, Gurutze Gorriak, Sarea Fundazioak, Prospektikerrek, Ede Fundazioak, Goierri Eskolak, Biok Zerbitzuak enpresak, eskualdeko gizarte langileen ordezkariak eta Goiekik. «Talde ahulei prestakuntza, praktikak, laguntza eta aholkularitza eskaintzeko lan egiten dugu, lan mundura errazago sar daitezen, eta, aldi berean, Goierriko gizarte eta eskualde kohesioa hobetu dadin», adierazi du Ainhoa Imazek, Elkar-EKIN lanean Goierriko Gizarteratze sarekideak.
Aurten, ikastaroei izena jartzeko urratsa ere egin dute: Loratu Goierri izango da lorezaintzako ikastaroaren izena, Zaindu Goierri arreta soziosanitarioari lotutakoa eta Sukalda-tu sukaldaritzako oinarrizko jakintzak eskainiko dituenarena.
Lorezaintzako ibilbidea prest
Abiatu den lehen proiektua Loratu Goierri da. Astelehenean, otsailaren 24an, ekin dio ikastaroari hemezortzi pertsonako taldeak, eta ekain erdialdera arte iraungo dute klase teorikoek. Astelehenetik ostegunera Zizurkilgo Fraisoro eskolan jasoko dituzte modulu teknikoen jakintzak, eta ostiraletan konpetentzia soziolaboralak landuko dituzte Goiekiren eraikinean Ede Fundazioaren eskutik.
Lau hilabetez hartuko dituzte eskolak, eta ondoren Goierriko udaletako brigada taldeetan egingo dituzte praktikak. Irakasleak Haritz Elosegi, Oihane Larretxea eta Imanol Amantegi izango dituzte. «Aurreko hitzarmenetan, Lorazaintzan soilik lehen modulua eskaintzen genuen, lorategien eta berdeguneen instalazioei buruzkoa. Aurten, pertsona horiek gaituago irteteko lorategien eta berdeguneen mantenuari zuzendutako bigarren modulu bat ere egingo dute. Moduluak egiten dituzten bitartean Lur garden, Jardin botanikoa eta Miramon parkea bisitatuko dituzte.
Zaindu Goierri (mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa emateko ikastaroa) eta Sukalda-tu (sukaldaritzako oinarrizko jakintzak) prestakuntza ibilbideen lehen modulua irailean hasiko dira.
Hizkuntzaren garrantzia
Programako laneratze ibilbideak «guztiz pertsonalizatzen» dituzte pertsona bakoitzaren egoerara eta beharretara. «Nahiz eta denen helburua bera izan, lan munduan txertatzeko egin beharreko bidea desberdina izango da. Batzuena luzeagoa eta besteena zuzenagoa». Ainhoa Imazek adierazi duenez, hizkuntza ezagutzeari «garrantzi handia» ematen diote, eta ibilbide teknikoetan sartzeko gutxieneko hizkuntza maila bat eskatuko diete ikastaroetako partaideei.
«Hitzarmen berriaren barruan sartu dugun tailerretako bat Oinarrizko Konpetentziak da, eta hori gainditu arte ezin dira ibilbide teknikora pasa. Ziurtagiri profesionala guztiz aprobetxatzeko eta ondorengo praktikoa txukun betetzeko hartutako erabakia da». Sarea Fundazioak gidatuko du tailer hori, eta hiru hilabetez (apirila-ekaina) gaztelania, matematika eta digitalizazioa landuko dituzte Goiekiko gela batean. «Hori gainditutakoan aukeratutako ibilbidera salto egiteko aukera izango dute». Hego Amerikatik etorritakoek gaztelania badakarte, baina Afrikatik etorritakoek, batez ere Nigeria eta Senegal, «hizkuntza maila oso baxua» dutela nabarmendu du programaren sarekideak.
Gizarteratze Sareak eskaintzen dituen prestakuntza ibilbide guztiak Goierriko enpresa publiko edo pribatuetan praktikak eginez bukatuko dituzte ikastaroetako partaideek, eta Ordiziako Biok Zerbitzuak aholkularitza enpresak atzerritartasun legearen aholkularitza zerbitzua ere eskainiko die ikastaroan zehar. Ibilbide bakoitzari bukaera emateko diploma banaketa egiten dute. ■