Arantxi Barandiaran Etxenagusia (Ataun, 1977) duela 15 urtetik Seguran bizi da eta Ampo kooperatiban lan egiten du. Baina, antzerkia du zaletasun, eta Xirikara antzerki taldeko kidea da. «Ataunen, txikitatik, eskolan antzerkia asko landu genuen, eta nik uste dut han piztu zitzaidala antzerkirako zaletasuna. Asko disfrutatu nuen». Segurako udalak duela dozena bat urte abian jarri zuen antzerki mintegi baten ondorioz sortu zen gerora Xirikara izena hartu duen antzerki taldea, eta hasieratik bertako kide da Barandiaran. «Azken batean, familia txiki bat izatera iritsi gara. Bertan, herrirako bakarrik egin ohi izan ditugu antzezlanak. Euskara eta umorea ditugu ardatz, eta helburua jendeari tarte batean behinik behin disfrutaraztea eta irribarre bat lapurtzea da». Urtero herriko jaietarako antzerki obra bat prestatu izan ohi dute, eta ondoren herriz herri emanaldiak egiten dituzte.
Zein zaletasun dituzu?
Antzerkia ikustea. Euskal kultura bultzatu behar da eta! Antzerkitarrak-eko lagunekin emanaldi bat ikusi eta ondoren haren gain ‘hitz egiteko’ afaltzera joatea.
Pelikula edo telesail bat.
This is us telesaila.
Liburu bat.
Ibon Martinen edozein. Nobela beltza gustatzen zait. Eta horri gehitzen badiozu euskal kultura, leku eta mitologiaz hitz egiten duela, bada oraindik eta hobeto.
Musika talde edo abeslari bat.
Doctor Deseo.
Abesti bat.
Abrazame.
Oporretarako leku bat.
Konpainia onarekin edozein leku da ona. Eta oporretan bazaude, are gehiago.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesne triste bat baina konpainia onean!
Kolore bat.
Lurraren koloreak, tonu marroiak…
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Nire bi semeak jaio ziren egunak, noski.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Nire amak oparitutako antigoaleko josteko makina bat. Bere gain urteak bezainbeste istorio izango dituela pentsatzen dut.
Amets bat.
Donostiako Victoria Eugeniako oholtzan emanaldi bat egitea
Bizitzako plazer txiki bat.
Udaran, afal osteko mahai buelta kuadrillarekin edo etxekoekin.
Goierriko txoko bat.
Ataun. Beti izango du esanahi berezia niretzat.
Seguran biziko ez bazina…
Edozein dela ere, herri txiki bat izango litzateke. ■