Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
Berdintasun gaietan jarduten naizenez eta bihar martxoaren 8a delarik, ezin diot gaiari muzinik egin, ezta alboko atetik ihesi atera ere. Baina aste honetan nire urtebetetzea izan da eta opari bat egingo diot nire buruari, burura datorkidana botata. Batzuetan kokoteraino egoten naiz gaiaz. Okinari ogiarekin gertatzen zaion bezala, suposatzen dut; berdintasun teknikariari ere hala gertatzen zaio. Eta gainera, egunero, etengabe dago norbait komunikabideetan gaiari buruz iritzia emango duena, nagusiki gizartea berotu eta bazterrak nahasteko. Are gehiago, nirekin edo nire kontra sistemari biziraupena emateko sortu da estrategikoki; hots, erdarazko ‘divide y vencerás’. Eta, antza, ari da bere fruitua ematen. Hori ikusten dugu adibidez ikastetxeetara joaten garenean; sexu erasoei buruz hitz egiten hasi, eta badirudi bi talde kontrajarriri buruz mintzatzen ari garela. Hori da erantzuna: zuek hor eta gu hemen. Emakumeak hemen eta gizonak han. Bertan jaiotako emakumeak hemen eta kanpoan jaiotako emakumeak han. Emakume heterosexualak hemen eta homosexualak han. Emakume sentitzen direnak hemen eta hala sentitzen ez direnak han. Gorputz normatiboak dituzten emakumeak hemen eta ez dituztenak han. Emakume gazteak hemen eta adinekoak han. Ama diren emakumeak hemen eta ama ez direnak han. Edoskitze naturalaren aldeko emakumeak hemen eta biberoiaren aldekoak han. Eta banaketaren izarra: feministak hemen eta feminista ez direnak han.
Horren guztiaren azpian arrazoi eta eragile asko egon litezke, baina nire iritziz nagusiki jakinduria eta formakuntza eza eta sentsibilizazio falta dago. Berdintasunean lan egiten dugunok ezin dugu etsi, lanbide batek baino askoz ere gehiago bultzatzen gaituelako, baina feminismoa ez da ideologia soila. Feminismoa teoria, historia, bizimodu, iparrorratz bat da. Ez da banatzailea, ez baztertzailea, ez da sexuen arteko guda. Eta badaezpada, oraindik ere baten batek ez badaki, ez da matxismoaren kontrakoa. Sozialki eman diren hainbat garapenekin gertatu den bezala, badirudi atzera egin dugula. Horren itzalean interes bat dago; berdintasunaren inguruan bi alde kontrajarri sortzearen atzean esku beltz bat dago; zuek edo gu aukerapean norbaitek sutsuki bilatzen duen ondorio bat dago. Beraz, gogaitu xamar nagoen arren, eta martxoaren 8aren inguruko zaratak nolabait asaldatzen banau ere, ez dut berriro aitortuko. Eta norbaitek galdetuz gero, ukatu egingo dut. Zuek, lerro hauek bukaeraraino irakurtzeko tartea hartu duzuenok, izango zarete sekretu honen lekuko bakarrak. Gora M8a! ■