Lazkaoko Irakurle Talde Feminista 14 lagunek osatzen dute, eta Iratxe Retolazak gidatzen du. Dioenez, «ederra» da kide berrien integrazioa, ahots berri bat entzuteko aukera emateaz gain, «ikuspegi berri batetik eginiko irakurketak» entzuteko aukera sortzen delako.
Ekimen honekin hezkuntza literarioak testuetara hurbiltzeko garatu izan dituen eredu matxistak auzitan jarri nahi ditugu, eta bide batez, literatura geureganatzeko hartu ditugun zenbait joera zalantzan jarri», azaldu du Retolazak. Lazkaoko irakurketa feminista horietan urratsak egiteko, hala, ibilbide bat egin ohi dute, elkarrekin eta talde-lanean, kide guztien artean «literatura-testuen ertzak feminismotik interpretatzeko». Bide horri esker, gainera, besteak beste, «kontzientzia feminista astindu» nahi dute, eta baita euskal kulturatik feminismoaz pentsatzeko «trukerako espazio bat» sortu ere.
Horretarako, hilean behin biltzen dira, urritik ekainera bitarte. Ikasturte hasieretan irakurgai-proposamenak eramaten ditu Retolazak, baina taldeko kide guztien artean adosten dituzte nondik norako guztiak. Iaz, gainera, aurreneko aldiz idazle gonbidatu bat ere izan zuten saioetako batean, Ane Labaka bertsolaria eta idazlea. Aurten, berriz, beste bi idazle gonbidatu izango dituzte kurtso bukaera bitarteko zenbait saiotan: martxoan Yolanda Arrieta, Etxe bat norberarena lana hizpide izango dutelako; eta ekainean Uxue Alberdi, Hetero narrazio-bilduma izango dutelako hizpide.
Proposamen berezia
2021eko abenduan jarri zuten abian Irakurle Talde Feminista. Jabekuntza Eskolatik eta udaleko Berdintasun Sailetik hiruzpalau saioko dinamika bat abian jartzea proposatu zuten herrian, herritarren artean interesik bazen ikusteko. Aurreneko saio hartatik, taldea «oso giro onean» aritu zela adierazi du Retolazak, «jakin-minez, parte hartuz, elkarrizketa bizian». Hiruzpalau saio haiek egin ondoren, talde-dinamika hari segida ematea erabaki zuten Berdintasun arlotik. Ordutik, taldea handituz eta aniztuz joan da.
Garai hartan, Berdintasun arlokoak Euskal Herriko hainbat txokotan halako irakurle taldeak bazeudela jakitun zirela azpimarratu du Retolazak: «Bazekiten halako dinamika interesgarriak sortzen zituen irakurle taldeak zeudela, sarea sortzeko eta elkarrengandik ikasteko gune eraginkor izan zirenak, eta halakoetan gabiltzanokin harremanetan jarri ziren». Lazkaon halako bat abian jartzeko proposamena egin nahi zieten. Proposamen hori «ilusioz» hartu zuela esan du; 2012. urtetik zeraman Retolazak antzeko taldeak dinamizatzen, eta Euskal Herriko txoko askotan ibilia zen aurretik aldian aldiko saioak egiten.
Lehenengo momentutik «aukera ederra» iruditu zitzaion, Euskal Herriko beste eskualde batean murgiltzeak «irakurle profil berri bat» ezagutzeko aukera ematen baitzion. Une honetan bertan hainbat herritan eta Donostian ari da hainbat irakurketa-talde feministak dinamizatzen, eta batean eta bestean bildutako «hausnarketak partekatzeko» aukera bat dela ziurtatu du, alegia, bateko zein besteko irakurle profilek gai batzuen inguruan dituzten kezkak eta galderak beste irakurle profil batzuetara ere heldu ahal izateko.
Hilean behin liburu bat irakurtzen dute, eta liburuaren irakurraldian guztiek antzeko gai edo hari batzuk gogoan izateko, galdera-sorta bat proposatzen du Retolazak. Galdera-sorta hori kontuan hartzea ala ez hautazkoa dela adierazi du, baina batzuetan partaide guztiek fokua alderdi jakin batzuetan jartzeko aukera ematen diela onartu du, gerora solasaldian alderdi jakin batzuetan gehiago sakontzeko aukera emanda.
Saioaren hasieran lehen txanda bat egiten dute, irakurraldiaren inguruko aurreneko sentsazioak partekatzeko. Ondoren, lehen txanda horretan aipaturiko hari batzuk hartzen dituzte, «gutxika-gutxika liburuaren inguruko interpretazioa egiteko guztion artean», baita ikuspegi feministatik «interesgarriak edo zalantzagarriak» izan daitezkeen alderdietan arreta jartzeko ere.
Askotariko irakurle profilak biltzen direla ziurtatu du, adin, genero-posizio, eta bizi-ibilbide askotakoak. «Nork bere esperientziatik irakurri ohi du, eta geure kokapenetik eginiko irakurketak beste kokapen batzuekin elkarrizketan jartzeko aukera ematen digute saioek» Zubi horiek «ederrak» izaten direla azpimarratu du, elkar ulertzeko eta elkarren esperientziak ulertzeko bideak direlako.
Horrekin guztiarekin, genero-ikuspegian sakontzen ahalegintzen dira, literatura ikuspegi feministatik irakurtzeko tresnak lantzearekin batera, «pixkanaka guztiok geure genero-aurreiritziak zalantzan jartzeko, geure joera matxistak zalantzan jartzeko edo geure esperientzietan bizi izandako bortxak edo ezinegonak feminismotik interpretatu ahal izateko».
Ekarpen anitza
Retolazak euskal kulturan begirada feminista garatzearen eta txertatzearen premiaren inguruko kontzientzia gero eta handiagoa dela uste badu ere, berretsi du bere ustez berariaz kulturaz jarduteko lanabes, oinarri, teoria, kontzeptu edo begirada kultural feministak askoz gutxiago zabaldu direla, eta, oro har, «ikuspegi feminista orokor batean aipatzen diren kontzeptuak edo ikuspegiak» erabili ohi direla kultura eremuez aritzerakoan. Garbi dauka, aldi berean, parean dagoen egitekoa zein den: «Kultur kritika feministaren eta kultur teoria feministaren ikuspegi berezitua garatzea, euskal kulturaren kokapenetik».
Zentzu horretan, halako taldeek egiten duten ekarpena azpimarratu nahi izan du: «Lehenik, euskal literaturaren inguruko irakurketa-zirkuituak zabaltzeko bide bat dira. Bigarren, literaturaren irakurketa kritikoa sustatzeko guneak sortzen dira, besteak beste literatura kritika feministaren oinarri edo ardatz batzuk kontuan hartzen ditugula. Hirugarren, geure irakurle profilaz kontzientzia hartuta, geure posizioa ere kritikoki aztertzeko aukera ematen dute gune horiek. Eta, azkenik, euskal kulturaren inguruko sare feministak elikatzeko gune ere badira». ■