Bizitza pertsonala eta lanbidea eskutik doaz Maider Azurmendi (Zegama, 1976) gerontologo eta psikogeriatrarentzat. Pasioz bizi ditu giza harremanak, eta komunitatearen indarrean sinisten du erabat. Bere izaera eta bere sinismenak, lanbidean ere aplikatzen ahalegintzen da egunerokoan. Zaintzaren bueltan berriketan, zaintzaren eraldaketa eta ekosistema berriak ekarri ditu hizpidera.
Zer ikasi zenuen eta zergatik?
Gizarte Lana ikastea erabaki nuen. Ez dakit zerk eraman ninduen horretara, baina egia da, orain, begirada atzera botatzen dudanean, nire haurtzaroa eta gaztaroa nolakoak izan ziren ikusita, saltsera xamarra nintzela. Harremanei beti eman izan diet garrantzia. Abesbatzan sartu nintzen oso txikitatik, dantza taldean, gero gazte aisialdiko taldean ibili nintzen… Hasiera batean ez nekien oso ongi zer ikasi, baina bai neukan garbi giza harremanekin eta arlo sozialarekin lotutako zerbait izango zela.
Non garatu zara profesionalki?
25 urte egin ditut Matian. Urtebete Segurako egoitzan pasa nuen, GSR kooperatibarekin, eta berriz Matiara itzultzea erabaki nuen. Rol eta funtzio oso desberdinetan jardun dut. Hasi nintzen Donostian egoitza txiki batean, Alai-etxen, gizarte langile bezala, Lamorousen eta Argixaon zuzendari gisa ere lan egin dut, eta hortik bueltan, komunitatearekin lotutako proiektuetan aritu izan naiz; boluntariotzaren inguruan Matiazaleak edo Matiak duen boluntario sarearen eraketan; gizarte osoari arlo hauetan informazioa eta orientazioa eskaintzeko zerbitzua martxan jartzeko hastapenetan baita ere; etxeko arretara begira ere lan egin dut; eta 2018tik aurrera Eusko Jaurlaritzaren Etxean Ondo proiektuko ondorioetan oinarrituta, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Etxean Bizi etxeko arreta eta herri eta auzoetako arreta ereduaren eraldaketara bidean herri desberdinetan bidelagun.
Azken urteetan zaintza sistemaren eraldaketaren gaia puri-purian dago. Matian aldaketarik izan da zaintza ereduan?
Pertsonak ardatz dituen arreta eredua du Matiak oinarri momentu honetan. Gaur egun dugun erronka da, pertsona bakoitza eskubide osozko herritar bezala identifikatzea, eta bide horretan, behar handiak dituzten haiek ere, askotan beste profesional batzuk marraztutako biziak bizi behar dituzten horiek, herritar bezala ikustea. Gizartea bera aldatzen den heinean, gerontologia eta psikogeriatria ere aldatzen joan dira, eta adinekoak integraltasunetik ikusten dituzten begiradak dira oraintxe.
Etxean Ondo programa aipatu duzu. Zertan datza?
Etxean Ondo, Eusko Jaurlaritzaren eskutik garatutako programa bat izan zen, etxeko arreta eraldatzera bidean egindakoa. 2011. urtean izan zen hori, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzietan testatu zen. Zaintza behar handiak izanda ere etxean egoki bizitzen jarraitzeko, eta aukera hori posible ez denean etxean bezala bizi ahal izateko zaintzadun etxebizitzak testatzea zen programaren helburua. Pertsonak ardatz dituen arreta-eredua zen ardatza bi kasuetan, hau da, bai etxeetara begira, bai egoitzen eraldaketara begira ere.
Zein ondorio atera zen hortik?
Bertako emaitzetan oinarriturik Gipuzkoako Foru Aldundiak eta zenbait udalen iniziatibaz, Etxean Bizi bultzatu zuen, 2018tik aurrera, lehenik hiru udalerritan (Elgoibar, Errenteria eta Elgoibarren). Lehen esperientzia haietatik Gipuzkoako udalerri desberdinetan –Usurbil, Hernani, Legorreta, Urretxu esaterako– tokiko zaintza ekosistemak garatzen ari dira.
Narriadura kognitiboa izanda ere?
Kasu horietan ere, pertsonaren borondatea aurrera eramateko nola egin hausnartzen ari gara, zeren norbanako bakoitzak erantzun desberdinak behar ditugu. Askotan, administraziotik berdintasun hori bermatze aldera, zerbitzuak oso-oso zurrunak izaten dira, eta bidea egin nahi dugu, poliki-poliki, zerbitzu horiek malgutzen joan daitezen. Hausnarketa horretan guztian, esan dezaket udal guztiengandik eta ordezkari politikoengandik gertu gaudela, eta erronka handi bat izango da saretze hori nola egin zehaztea; herri, auzo, komunitatea nola osatzen dugun, nola goazen komunitate inklusiboak eraikitzen, eta hor sartzen da herri zaintzailea izatea, gobernantza…
Urrun gaude oraindik, askotan badirudi utopia bat dela ere, baina sinisten ez badugu inoiz ez dugu lortuko. Konpromisoz, eta gainera ikerketa proiektu guztiek garamatzate esatera, baietz, posible dela, eta zenbait lekutan ematen dela, eta ondorioak onak eta jasangarriak direla. Beraz, sinis dezagun eta egin dezagun lan bide horretan.
Pertsona askok esaten dute, zahartzerakoan ez dutela erresidentzia batera joan nahi, baina poliki-poliki ari dira eredu berriak loratzen, eta horrek askoren iritzia alda dezake.
Behar handiak ditugunean, egia da, beharbada egokien gaudela arreta intentsibo hori eskainiko diguten lekuan. Baina ikusi dena da, zer ezaugarri bete ditzaketen horiek etxean bezala sentitzeko. Adibidez, espazio intimoaren garrantzia. Orain arte ezagutu izan ditugun egoitzetan, gela gehienak bikoitzak izaten dira. Geroz eta indibidual gehiago daude, baina gela bat izaten jarraitzen du, eta oso zaila da gela hori norbere etxe bezala identifikatzea.
Adibidez, Usurbilgo Egurtzegin egin dena da bizikidetza unitate batzuk sortu, non era berean 15 eta 18 etxebizitza txiki dauden, etxebizitza batek dituen instantzia guztiak dituztenak: kortesiako sukaldetxo bat, logela komun egokituarekin, naturarekiko konexioa, eta egongelatxo bat. 30 metro koadro dira, eta etxe bateko intimitatea du. Eta gero dago kanpoan, beste 17 bizilagunekin partekatuko duzun egongela bat, jangela… Herrigunean kokatuta dago eta kanpotik etxebizitza itxura du. Baina, era berean, bertan unitate horretako lantalde bat dago, horretan bizi dena, beraz elkar ezagutzen dute. Egunerokoa bertan bizi direnek eta profesionalek elkarrekin antolatzen dute.
Orain arte, bazirudien guztiak barruan gertatu behar zuela, baina hor eskubideak urratzen ari dira. Pertsona horrek komunitateko bizilagun izateko eskubidea dauka; beraz, ateak ireki behar dira. Eta, era berean, komunitatea prestatu egin behar da horko herritarrak ikusteko.
Guretzako, eredu izan dira iparraldeko herrialdeetako Suedia, Danimarka. Gaur egun hemen ditugun egoitzak, aurreko mendeko 80ko hamarkadatik debekatuta daude han, eta espazio propioarena lehenesten dute. Han alokairua ordaintzen da alde batetik, eta gero datoz zaintzak. Hemen dena bat da.
Nolako osasun egoera dute Egurtzegin dauden pertsonek?
Menpekotasun graduan 2 eta 3 mailan daude. Eta, gero, aniztasun funtzionala duten gazte-helduentzat unitate bat dago.
Usurbilgoaz aparte, besterik aipatuko zenuke?
Egurtzegiren moduan, garatzen ari diren egoitza proiektu berriak eredu eraldaketara bideratzen ari dira. Era berean, Aldundiaren eskutik martxan dauden egoitzak ere eredu berrira egokitzen ari dira. Bestalde, egoitzen alternatiba gisara, beste etxebizitza mota bat eta alternatibak testatzea ere beharrezkoa da. Esaterako, Lugaritzen dauden Bizitza Osorako Etxebizitzak.
Eta etxeko arreta nola hobetu daiteke?
Lanketa handia dago egiteko oraindik, eta hori zaintza ekosistemekin ere oso lotuta dago, ez bakarrik zerbitzua, baizik eta komunitatea nola artikulatzen dugun ohiko etxebizitzetan bizi diren pertsona horien arreta hobetzeko. Etxez Etxeko Zerbitzuan gakoa da, ordukako zerbitzu bat izatetik, pertsonen beharretan edo kasuetan oinarritutako eredu batera pasatzea. Hortxe dago erronka nagusia.
Prebentziotik eta dauzkagun zerbitzuak eraldatzetik lortuko dugu jende asko egoitza batera joatea berandutzea eta urruntzea, edo kasu askotan ez ematea ere. Eta hori, adibidez, Etxean Bizi programaren ondorioetako bat izan zen. Hor egin zen ikerketa bat ohiko arreta jaso zutenen eta arreta pertsonalizatuagoa jaso zutenen artean. Oso ingreso gutxi eman ziren proiektu esperimentalean parte hartu zuten pertsonen artean azken kasu horretan. Beraz, emaitzak ere badaude.
Kasu horretan, nola artikulatzen da komunitatea?
Boluntariotzaz harago, auzo sareak sortuz, naturalki ematen diren harremanak sendotuz, bizilagunekiko begirunea edukiz eta formalizatuz. Gertutasunaren garrantzia azpimarratu behar da hor.
Gakoak oso garbi ditugu: pertsonak beti erdigunea izan behar du. Eta gero behar dira zaintzaile roletan dabiltzanen koordinazioa, ekipamenduak, edota etxebizitzak integraziorako aukera ematea. Zehar-lerroan kultura, kirola eta merkataritza ere kontuan hartu behar dira, zeren arlo horietatik ere zaintza ematen da eta hori ere sustatu behar da.
Zein da adineko pertsonei arreta ematerakoan lortu nahi duzn helburu nagusia?
Pertsonen zahartze prozesuan duintasuna bermatzea da nire helburu nagusia. Zeren, azkenean, eskubidezko kontu batez ari gara, eta horretarako ezagutza eta zerbitzu pertsonalizatuak martxan jartzen eta autonomia modu iraunkorrean sustatzen ari gara. Giroa eta ingurunea ere kontutan hartzen ahalegintzen gara. Uste dut herri askotako apustua dela zaintzarena. Eta ertz pila bat ditu.
Zaintzaileen lan baldintzak, adibidez?
Uste dut aldarrikapenak oso garrantzitsuak direla, alde batetik, orokortasunean, zaintzaren arloa ez dagoelako batere baloratuta gure komunitateetan. Eta hori hezkuntza eta balore kontu bat da. Horrekin lotuta, lan baldintzak ere bai. Zentzu horretan egiten diren aldarrikapenak uste dut zilegi edo legitimoak direla. Noski lan baldintza onak behar direla, langilearen ongizatearentzat eta lan talde sendoak izateko.
Eta aldarrikapenekin lotuta, berdin afektibotasunetik zaintzen dutenentzat ere. Zaintza ez da derrigorrezkoa izan behar, bizi-aukera bezala egin behar da. Eta norbaitek ez zaintzea erabakitzen badu, ezin dugu epaitu, arrazoiren bat izango du.
Aldarriak aldarri, inork gutxik aldarrikatzen du, adibidez, narriadura kognitibo larria duen pertsona baten bizi plana. Profesionalek marraztu eta diagnostiko baten ondorioz irudikatzen diren eta, agian, erabakitakoak ez diren bizitzei buruz. Eta, nolabait, aldarrikapen horietan uste dut oso inportantea dela oreka. Zeren, askotan, baten autonomiak bestearenarekin talka egin dezake. Orduan parean egon behar dute zaurgarritasun egoeran dauden zaintza behar handiak dituzten pertsonen eskubideak, zeren beraien eskubidea ere komunitate bateko parte izatea da eta ez alboratuta uztea. ■
Joxe Joakin, komunitatea egiten maisua
Kasualitate ederrak existitzen dira. Atal honetarako argazkia aukeratzeko bueltaka, hemen jasotako hau agendan agertu zitzaion Maiderri. Ez du gogoratzen zenbat urte izango zituen orduan, baina bai Zegaman atera zutela. Eta baita argazkian ageri direnez akordatu ere. Joxe Joakin maisuaz batez ere. «Oso eraldatzailea izan zen. Komunitatea lantzen zuen. Gu bere ikasleak ginen, baina, aldi berean, bere bizitzako parte ginen. Gu bere etxera joaten ginen, kalean elkartzen zen gurekin; irakasle izateaz aparte, oso saretzailea zen. Zegamako zine zaharra zegoen tokian gaude argazkian, adin desberdinetakoak gaude».
Lehenengo lerroan, lurrean eserita, ia ezkututik ageri da Maider, kamiseta beso motz gorriarekin. «23 urterekin, Donostian nengoela, kalean elkarrekin gurutzatu, eta bera konturatu zen: ‘Maider Azurmendi, Zegamakoa’, esan zidan. Gurekin hiru edo lau urte egin zituen, baina asko ikasi nuen, arlo pertsonalean batez ere».
«Komunitate indartsu eta balore positiboak» irudikatzen ditu argazkiak Azurmendirentzat.