Ezusteko bikaina eta arte-ondare aberatsa utzi du Beasaingo Andre Mariaren Zeruratzea elizako erretaula berriztatzeko proiektuak. Konpontzeko eta errestauratzeko 2022ko udan desmuntatu zutenean, horma-margo batzuk agertu ziren atzealdean. Berpizkunde garaikoak dira, XVI. mende erdikoak. Erretaula bera ere baden altxorrari, haren aurrekaria gehitu zaio orain, behin paretetako pinturak azaleratu dituztenean.
Agirietan jakina zen elizako hormetan izan zirela margo errenazentistak. Juan Perez de Landa margolari nafarrak (Hiriberrikoa zen, Arakil bailarakoa) 1555eko azaroaren 9an sinatu zuen horma-margoak egiteko kontratua. «Erretaula bat margotuko balu bezala, Pasioaren zortzi historia exekutatuko ditu pintzelez, zuri-beltzean», utzi zuten agirietan idatzita. Behealdean, eremu koloretsuan erromatar erara landutako frisoa edukiko zuen artelanak.
Perez de Landak Zaragozan ikasi zuen, 1546tik aurrera. Elizetako horma-margoetan berezitu zen. Beasaingoaz gain, Zaldibiako eta Amezketako elizetan ere margotu zuen.
1555ean hasi bazen, lanaren tasazio eskritura 1566ko irailaren 17koa da, Andres Olabarrieta azpeitiarrak eta Pedro Gamiz gasteiztarrak egina.
Aldare nagusiko erretaula 1671n eraiki zuen Juan de Urrusualdek, barroko madrildar estilokoa. Landaren horma-margo errenazentistak, hain justu, behin betiko erretaularentzako diru faltak eraginda, bien bitarterako irtenbide merkeagoa izan ziren.
Adituen arabera, margolanak «Gipuzkoako altxor errenazentista aparta» dira. Hain neurri handikorik ez dago –elizaren presbiterio osoa eta goiko bost luneto hartzen dituzte–, Berpizkunde garaikoak ere oso gutxi, Larraulgo San Esteban elizan motibo batzuk eta Azkoitian kapera bat izan ezik; eta kontserbazio-egoera oso onean daude.
Erretaula aurreratuko dute
Pipiaren eta xilofagoen kontrako tratamenduak emanda, erretaula barrokoa ere berriro kokatzeko moduan dago. Gabonak arte eliza itxita egongo da.
Horma-margo errenazentistekin, historian 120 urte lehenagoko eliza bat daiteke. «1550 urte inguruan Gipuzkoako elizak nolakoak ziren, nola margotzen zituzten eta bukatzen zituzten erakusten dute margoek. Gizarte horrek nolako ohiturak zituen erakusten dute. Horren testuinguru bakarra da», azaldu zuen Maite Fernandez adituak, bisita gidatu batean.
Pinturen zaharberritze-lanak bi fasetan egin dituzte. Lehenengo, margoak estaltzen zituzten geruza guztiak kendu zituzten, mekanikoki, sei hilabetean. Bigarrenean, margoak zaharberritu zituzten: finkapena, egonkortzea, garbiketa eta berrintegrazio kromatikoa.
Erretaula berriro jarritakoan, horma-irudiak ez dituzte guztiz estaliko. Erretaula hormatik 3 bat metro aurreratuta kokatuko dute, atzean horma-margoak ikusteko tartea utzita. ■