Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Urrutiko tokiren batean, ezagutzen ez genuen ez-dakit-ze-gaitz hasi omen zen hedatzen. Albistegietan izena jarri zioten. Norbaitek esan zidan kezkatu egin beharko ginatekeela, iritsi egingo zela hona ere igual. Erdi brometan hartu nuen, barretxoarekin erantzun nion, nola ba. Ez-hain-urrutiko tokietan hasi ziren kasuak agertzen gero; baina urruti, ez behintzat kezkatzen hasteko bezain gertu. Notiziak ugaritzen ari ziren. Gero eta gertuago zegoela zirudien, larria zela. Irakurriaren irakurriaz, entzunez eta entzunez, ikasi egin genuen gaitzaren izena: Covid-19. Ba omen zetorren, ba omen zetorren. Eta eguraldi ona egiten zuen astearte arrunt batean, klase batetik bestera bidean elkarri asteburuko anekdotatxoak kontatzen genizkiola, bigarren klasera joan edo kafetegian pintxoa jan erabakitzen ari ginela, fakultateko korridoreetan telefono mugikorrari begira gindoazenon artean zabaldu zen zurrumurrua, eta jakin genuen albistea: “Gasteizko hezkuntza zentroen jarduera eten du Eusko Jaurlaritzak”. Geroago irakurriko genuen “Euskal Herriko ikastetxe guztiak itxiko dituzte koronabirusaren eraginez”. Eta geroago, “Alarma egoera ezarri du Espainiako Gobernuak”. Eta titularrak eta titularrak elkarren atzetik.
Norberak biziko zuen bere istorioa aldi gogor hartan. Amorruzko, irrizko, mugazko eta jolasezko egunak gogoratzen ditut nik; etxean itxita igarotakoak eta ondorengoak. Ordenagailua, pelikulak, balkoia, sukaldea, albistegiak, eskulanak, eguzkia, liburuak, musika, nire logela, Meet, mahai-jokoak, unibertsitateko ikaskideen lanak, txaloak, bizilagunak, gimnasio birtuala, pijama, etxeko zapatilak. Gauzak pila bat aldatu dira ordutik. Pila bat aldatu gara gu. Pila bat aldatu da dena. Eta hala ere, oso fuertea iruditzen zait pentsatzea bost urte pasatu direla dagoeneko. ■