Irati Goikoetxea Asurabarrena • Idazlea
Oparia da idazle batekin idatzi duen liburuari buruz solasean aritzea. Oparia da hausnarketa partekatuetan hitza hitzari lotzea eta hazka egin ahal izatea istorioaren sekretu ezkutuen bila. Otsailaren 14an Karmele Jaiorekin batera Ordiziako Barrena Jauregian Maitasun kapitala liburua biluzten aritu zen Ordiziako Irakurle Taldea. Ibilbide oparoa egiten ari da Karmele. Maite dute irakurleek. Maite dute. Akaso horregatik itzuli die maitasuna. Bihotz forman baino ziztaka goxoan. Kapitala da maitasuna. Dena da kapitala eta dena da maitasuna. Eta batez ere, bien konbinazioa. Pausan hitz egiten du Karmelek. Badaki isiltzen eta ekiten. Badaki idatzitakoaren zergatiak argitasunez adierazten. Badaki irakurlea maitatzen. Asko hitz egin izan da Karmeleren liburu guztiak lotzen dituen hari ikusezinaz. Karmeleren estiloaz. Idazten jakiteaz. Jende asko inguratu zen Barrenako areto nagusira. Pozik etxeratu ginen. Maitasuna gau erdiko itzal bihurtuta.
Solasgai izango dugun hurrengo liburua Juan Kruz Igerabideren Ura saltoka da. Beti ezin eta idazlea ez da bertan izango, baina izango da zipriztinek nola busti gaituzten aztertzeko aukera. Urari salto egiten ez zaionean, urak berak egiten digu salto, eta sinesten dugu errekan behera itotzen bagara ere, urak berak salbatuko gaituela. Idazle handia da Juan Kruz, irakurle askok maite dute, baina ez dakit irakurleek (taldean, multzoan, blokean) asko maite ote duten. Ez asko eta ez gutxi. Ez dakit irakurleek (taldean, multzoan, blokean) behar beste ezagutzen ote duten. Maitatzeko badela jakin egin behar baita. Hori da nire gaurko maitasun keinua. Karmelerengana hurbiltzen diren irakurleei «E, tz, tz, ezagutzen duzue Igerabide?» galdetzea. ■