
Lazkaon Inauterien usadioa berreskuratu dute.
Goierriko Inauteriak iragana eta oraina uztartzen dituen festa dira; mozorroen, dantza eta erritmo bizien artean, neguari agur esateko eta udaberriari bidea irekitzeko une berezia bihurtzen dira.
Hotza nabaritu da inauterietan Goierriko mendien magalean, baina negua ez da jai giroa izozteko gai izan. Eguzki izpiek elurra urtzen duten bezala, inauteriek herriak irauli, ohitura zaharrak berpiztu eta kaleak kolorez bete dituzte. Otsaileko azken egunetan, erritmo biziak eta irri ozenak nagusitu dira eskualde osoan: segidan etorri dira mozorroak, dantzak, makila kolpeak eta zahagi-zaharren deiadarra.
Herriz herri, bakoitzak berezko kutsua ematen dio festari. Batzuek basoetako izpirituak eta pertsonaia mitologikoak kaleratzen dituzte, eta beste batzuek herri-tradizioei helduta, garai bateko mozorro zaharrak berreskuratu eta eguneratzen dituzte. Goierriko inauteriek ez dute egitura bakarra; mendez mende garatutako festak dira, herri bakoitzak bere nortasuna islatu eta garai bateko usadioak berrinterpretatzeko gunea.
Inauterien berreskuratzea
Erronda-festa egiten zuten inauterietan Lazkaon. Baina bazuen bereizgarri bat, inauteriek oro har oso berea dutena: isekarako, finkatutako arau sozialak puskatzeko eta aginteari trufa egiteko lizentzia zeukaten. ‘Mozorroak’ izenarekin ezagutzen zituzten; sei edo zortzi lagunez osatutako taldeak elkartzen ziren, praka, alpargata eta alkandora zuriz jantzirik, gerriko, txapel, eta izter gainetako esku-marka gorriak eta lepoan loredun zapiak zituztela. Tratulariak ere baziren tartean; baita aurpegia estalitako mozorroak ere.
Iseka eta absurdu giroa areagotzeko, erratzak erabiltzen zituzten tresna gisa. Kaleetan zehar edo baserrien atarian, lurra garbitzeko imintzioak egiten zituzten, parodia giroan murgilduta. Maskuriak ere bazuten funtzio berezi bat: bidean topatutako guztiak, haur zein heldu, bizkarrean astintzen zituzten, inauterien izaera zirikatzailea eta umorezkoa nabarmenduz.
Lazkaon inauteriak festa eta tradizio bat baino gehiago ziren; herriko bizitzaren zati nagusia bihurtzen ziren otsaila inguruan, eta horretan, musika eta dantzak izan ziren funtsezko osagaiak. Panderojoleak, konkretuki, ezinbestekoak ziren inauterietako eskeetan, festaren erritmoa eta giroa sortzen baitzituzten. Tradizio hau Lazkaomendiko mutil kuadrilla baten bidez zabaldu zen; 200 bat baserri zeharkatzen zituzten. Zaldibian, Ataunen, Gaintzan eta Abaltzisketan ere mozorroen taldea alderik alde ibiltzen zen.
Inauteri osoa hartzen zuten, horretarako: igandean eta astelehenean egun osoa, eta asteartean goiza; tradizioaren arabera, azken egun horretan Bar Carmen zaharrean bazkaltzen zuten. Bertan, lagunartea eta elkartruke soziala uztartzen ziren, eta giro horrek herriko batasunaren eta komunitatearen indarra erakusten zuen, besteak beste. Arratsaldean, berriz, ohiko moduan, mezara joaten ziren udalbatzako agintariak, eta festa herriko plazan bukatzen zen, baserrietan bezala, dantza eginez. Dantza horiek, herriko identitatearen eta kohesioaren adierazle ziren.
Lazkaoko bost eragilek elkarlanean tradizio horri jarraipena emateko asmoz antolaturiko eguna izan zen iragan otsailaren 28koa. Bertako kideak dira Leire Dorronsoro (Oin Arin), Eider Tolosa (Lazkao Txiki Musika Eskola), Jon Aizpurua (Jotake Lazkaun) eta Javi Jauregi (Zagupe). Diotenez, koordinazioan lan egitea «erraza» izan da, eta lan horren emaitza egun arrakastatsu hura; ehunka herritar elkartu ziren plazaz plaza, kalejiran, eta herriko plazak zeharkatu zituzten, emanaldi desberdinak eskainita. Adierazi dute lortu dutela hasierako helburuari eustea, alegia, egunari «festa herrikoiaren izaera» ematea.
Ataunen ere, Otsoak dantza taldea buru-belarri jardun da lanean garai bateko inauteri tradizionala berreskuratzeko. Belaunaldi berriei iraganeko ohiturak ezagutaraztea eta herriari festarako beste ikuspegi bat txertatzea izan dute xede, dantza, mozorro eta eskeen bidez komunitateari berriz ere bizitasuna emateko helburua izanda. Horien kasuan, Lazkaon martxan jarri duten formatu berari eman diote jarraipena, eta San Martin auzoko kaleak kolorez busti zituzten, garai bateko trajeak eta arropak soinean jantzi eta usadio zaharrak eguneratuta.
Betiko ohiturei jarraipena

Legazpiko Sustraiak dantza taldearen konpartsa.
Goierriko inauterietan, mozorroak ez dira arropa soil bat; iraganaren eta orainaren arteko haria dira, belaunaldiz belaunaldi transmititutako grinaren eta sormenaren isla. Hori ederki islatzen du 2018tik karroza propioa egiten daraman Legazpiko Lakiolako lagun taldeak. Sei-zortzi lagun elkartzen dira urtero lan horretan aritzeko, eta aurtengoan ere ez dira atzean geratu. Gai desberdinak kaleratu izan dituzte urteetan zehar: feriazaleen azoka, Oktober festa, talogileak, Argentina… eta sagardotegiko txotxeroen gaia izan da azken urte honetako gai-eskuratze berria.
Karroza propioa egitea urrats naturala izan zen. Ostiraleko festa indarra hartzen hasi zen herrian, ikasleen desfilearen ostean bi ikastetxeetako irakasleek eta gurasoek beren karrozak eta musika atera zituztenean. Kaleko giroa biziberritzeko eta aldi berean ondo pasatzeko, beraiek ere ekimen horretan parte hartzea erabaki zuten. Hala, Ibarguren anaien gurasoek garai batean erabilitako metalezko egitura eta beste hainbat tresna gordeta zituztenez, erabakia sendotu eta gurasoen zenbait erreminta berreskuratu zituzten, hala nola traktoreari erantsita erabiltzen duten erremolkea. Gainera, baserrian dute operazio zentroa.
Lakiolatarren ohitura, baina, ez da Legazpiko herriak mantentzen jarraitzen duen usadio bakarra. Lintx-ek eta Katamaloek azken urte askoan bezala ireki eta itxi dituzte inauteriak; ostegun gizenean iristen dira Legazpira eta inauteri igandean erretzen dituzte. Lintx erre aurretik, baina, giro ederra sortzen dute Sustraiak dantza taldeko kideek, kalez kale, kalejiran dantzatuz. Aurtengoa, gainera, bereziki berezia izan da, izan ere, konpartsaren 25. urteurrena ospatu dute. 1991n sortu zen konpartsa, elurra egin zuen egun hotz batean, eta ordutik, Legazpiko inauterietan parte hartu du urtero. Zentzu horretan, 1991. urteko dantza tradizionalak berriz ere kalera atera dituzte, taldekideek 1991n dantzariek soinean eramandako trajeak jantzita zituztela; denera, zortzi dantza desberdin osatu dituzte, konpartsa honetan izandako urte guztiak omentzeko.
Legazpiko Gazte Asanbladak ere, bere aldetik, urteak daramatza inauterietako zapatuari musika, dantza eta erritmoa jartzen. Urtero, legazpiarrek asanbladarentzako gordetzen dute zapatua, eta bertako gai bati estuki lotuta mozorrotzen dira herritarrak. Aurtengoan, olinpiar jokoak ekarri dituzte erdigunera eta egun osoko festa bikaina izan dute legazpiarrek: musikak, dantzek eta alor ezberdinetako jokoek gidatu dute eguna bera.
Herri txikien oihartzuna
Beste zenbait tokitan, baina, inauteriak berreskuratu eta mantentzeaz gain, tradizioak aldatu ere egin dira. Idiazabalgo inauterien kasuan, esaterako. Duela bizpahiru urte arte Izal areto futbol taldeak garagardo festa antolatzen zuen, baina antolakuntzan jende gutxi tarteko, festa antolatzeari utzi zioten. Talde horretako kidea da Xabier Santxez eta hutsune hori ikusita, bere taldekideekin batera, modu batera edo bestera festa hori berreskuratzeko apustua egitea erabaki zuten; orduan pentsatu zuten urtero Idiazabalgo eskolak eta guraso elkarteak elkarlanean antolatzen zuten inauterietako desfile eta meriendari segida ematea ideia ona izan zitekeela. Hala, antolakuntza abian jarri eta berehala batu ziren herriko beste zenbait eragile, gaztetxea tarteko.
Ekintza honen helburuak, besteak beste, hasieratik garbiak izan dira taldearentzat: euren jardunerako dirua ateratzea; herriko gazte, haur eta helduentzat inauteri festarako eskaintza zabala ematea; herriko tradizioa eta kultura bizirik mantendu eta indartzea; eta herritarren artean komunitatea sortu eta bultzatzeko egun gisa baliatzea. Herriaren erantzuna, gainera, «borobila, ederra eta erabatekoa» izan dela aitortu du Santxezek.
Zentzu horretan, inauterietako ostiral mehean, eskolako desfilea eta guraso elkartearen merienda amaitzear zegoenean, eskolako patioan azaldu ziren antolatzaileetako lau, buruhandien jantziak soinean zeramatzatela. Bertan musikarekin giroa alaituz, haurrak plazara gerturatu zituzten, dantza eta musikaren bitartez desfile moduko bat eginez. Eguraldia lagun, bertan igaro zuten arratsaldearen zati handi bat, herriko batukadak saio txiki bat eskaini zuen arte.

Idiazabalgo inauteria.
Santxezen arabera, «festa borobiltzeko ezinbesteko ezaugarria» izan zen batukadarena. Bukatzeko, garagardo festetako ohiturari jarraipena emanez, ‘largeroa jotzeko txapelketa’ abiarazi zuten, haur eta helduentzat aproposa izan zena. Hartara, plazako saioari amaiera eman eta festak gaztetxean jarraitu zuen: mozorro onenaren saria emateaz gain, bi kontzerturekin eman zioten egunari amaiera. Idiazabalen, aurreneko aldiz, beraz, inauteriak goizetik gauera arte luzatu ziren, eta herriko kaleak jendez bete ziren. Kolorezko mozorroek herriko bazter guztiak zeharkatu zituzten, eta herriko tradizioa eta kultura berri bat biziberritzeko aukera eman zuela azpimarratu du Santxezek.
Datorren urtera begira, baina, akatsak zuzendu eta berriz ere antolatzeko gogoekin diraute antolatzaileek. Izan ere, 20-25 urte luzeetan «ezer antolatu ez den herria berpizteko aurreneko urratsa» izan da egun hori.
Transmititutako ondare bizia
Goierriko inauteriek, urteko garai edo egun berezienetakoa izanik, garai eta leku desberdinetan hainbat aldaketa jasan badituzte ere, beti mantentzen dute oroitzapenaren, sormenaren, giro onaren eta komunitatearen indarra. Horixe baita festaren benetako bihotza, azken finean: herri txikietan eta auzoetan, inauteriak ez dira bakarrik ohitura eta tradizio bat, baizik eta herritarren eta herriaren parte-hartzea, elkarbizitza eta identitatearen isla, belaunaldi batetik bestera urte askoan zehar transmititzen joan den ondare bizia, hain zuzen. ■