
2000ko Gabonetan egin zuten lehen kantu saioa. Harrezkeroztik, urtero atera dira.
Abesbatza ez, kantu taldea deitzen diote euren buruari Ordiziako Larrun Arri elkarteko taldekoek. Zehatzago esateko, «kantu talde taberneroa». 25 urte daramate asteartero elkartzen eta kantuaren bidez ondo pasatzen.
Ordiziako Larrun Arri elkarte gastronomiko bat baino gehiago da. 2000. urteko irailean hamabi lagunek hasitako kantu taldearen bideak 25 urte bete ditu. Urte horietan partaidetza ere bikoiztu da, eta une honetan 25 kidek osatzen dute Larrun Arri kantu taldea. Iñaki Aierberen zuzendaritzapean, astean behin, astearteetan elkartzen dira kantuaz eta lagunarteaz gozatzeko.
1979an sortu zuten Larru Arri elkartea, Jose Arana plazan, 40 bazkiderekin. Gaur egun 90 bazkide ditu. Hasiera hartako saiakera hutsala izan zen, baina 2000. urtean bai, hamabi bazkidek zuzendaritzak egindako deialdiari erantzun zioten, eta astean behin elkartzen hasi ziren. Hori bai, lehenengo entsegu haiek mokadutxoarekin lagundutakoak izaten ziren. Gaur egun ez da horrela: astearteetan, 18:00etan, kanturako elkartzen dira Larrun Arri kantu taldekoak.
Hasierako asmoa zen data jakinetan, herrian zehar, kaleetan eta tabernaz tabernako abestea. Lehenengo irteera, 2000. urteko Gabonetan izan zen. Harrezkeroztik, ez dira gelditu.
Irteera finkoak
Santa Ageda otsailean, Antxoa Eguna Getarian maiatzean, Altamira eta Otegi-Enea auzoetara ere joaten gara apirilean eta maiatzean, ikasturte amaierako irteera ekainean, Santa Zezilia azaroan eta Gabonak abenduan. Horiek dira urtetik urtera errepikatzen dituzten saioak. Aurten, beste bi ere izango dituzte: batetik, ekainaren 7an, Ordiziako Plaza Nagusiaren ehungarren urteurreneko ekitaldian kantatuko dute; eta, bestetik, 25. urteurrena ospatzeko, Emotio taldearekin batera, kontzertu berezia ari dira prestatzen Ordiziako Parrokian kantatzeko.
Elkarrekin ikasi
Jon Biguri, Iñaki Aierbe eta Angel Amolategi Larrun Arriko kantu taldean hasiera-hasieratik dabiltzan hiru kide dira. Elkarrekin hazi dira, eta elkarrekin ikasi dute kantugintzari dagokiona. Iñaki Aierbe zuzendariak gogoratu duenez, «hasi ginenean, nik instrumentuekin esperientzia banuen, baina abesbatzekin ez. Abeslariek bezala, nik ere hemen bideratu dut nire esperientzia».
Hasiera batean ahots bakarrera kantatzen hasi ziren. «Bi ahotsetara kantatzeko partiturak oso gutxi daude. Normalean, abesbatzentzako lau ahotsetara egoten dira. Guretzat ezinezkoa zen. Partiturak lortzen genituen eta azpian eskuz idazten nuen. 2000ko hamarkadan informatikarekin hasi ginen. Orduan hasi ginen bi edo hiru ahotsetara kantatzen, eta gure errepertorioa zabaltzen», gaineratu du Aierbek.
Angel Amolategik gogoratu duenez, «hasieran abeslari gehienek, %90ak, testua nahi zuten, partiturarik ez. Momentu honetan, %60ak partitura nahiago du, nahiz eta lengoaia musikala ez jakin».
Denboraren bilakaeraren ondorioz, garbi dute: «Ez gara konturatzen, baina 25 urtean asko aldatu gara. Ahotsa aldatu dugu, ahotsa kokatzen ikasita gaude. Azkeneko urteetan askoz ere hobeto kantatzen dugu. Esperientziak asko laguntzen du».
‘A cappella’
A cappella abesten dute; hau da, ahotsarekin bakarrik, inongo musika instrumenturen laguntzarik gabe. «A cappella eta jendearen marmarraren tartean, ez da erraza», dio Jon Bigurik. «Beste talde batzuk ikusten dira musika tresna batzuekin, eta asko betetzen eta laguntzen du. Ahotsari eusten dio instrumentu batek».
Gizonezkoak bakarrik daude kantu taldean, «momentuz». Amolategik nabarmendu duenez, «garai hartan Larrun Arri elkartean gizonezkoak bakarrik ginen. Gerora sartu dira emakumezko bazkideak. Ez dute inoiz ere sartzeko pausorik eman».
Kanta herrikoiak kantatzen dituzte, batez ere: «Euskal kantak, habanerak… Abesti italiarren batzuekin ere ausartzen gara». Eta Erdi Aroko kantuak ere bai, Ordizian Erdi Aroko Azoka egiten zenean, apaiz jantzita kantuan ibiltzen baitziren Larrun Arriko kantariak. «Erdi Aroko kantak abestera joan ginen urte batzuetan Brionesera (Errioxa), Hondarribira eta Segurara», gogoratu du Bigurik.
Memoria ona duten seinale, bazkariren bat dutenean, garai batean ikasitako Erdi Aroko kantu batekin bedeinkatzen dute mahaia.
Ateak zabalik
Izan ere, kantua, «ondo pasatzeko aitzakia» da Larrun Arriko abeslarientzat. «Ondo pasatzen dugu, oso giro ona daukagu. Nahiz eta kantu talde xumea izan, lagun talde bat gara. Eta hori da gure babesa», berretsi dute.
Bizpahiru eguneko asteburu-pasak ere egin izan dituzte. Aurten Salamancara joango dira ziurrenik, eta iaz Sevillan izan ziren. «Kantua aitzakia da ondo pasatzeko. Goizean turismo pixka bat, eta arratsaldean bueltatxo bat, batean eta bestean kantatuz, terraza batean edo kalean».
Izan ere, bai entseguek eta bai saioek, «dibertigarria izatea» dute helburu. «Entseguak ere horrela planteatzen ditugu. Nahiko errepertorio zabala daukagu, pixkanaka gauza berriak sartzen ditugu, eta hori izango da gure bidea. Jendea etorri dadila. Entsegua bera izan dadila erakargarria».
25. urteurreneko kontzertua
Dena den, orain serioxeago jarri beharrean daude, 25. urteurreneko kontzerturako eta aurretik egin beharreko lanerako. «Tabernaz taberna, kalean kantatzen ohituta gaude, baina urteurreneko kontzertua elizan abestuko dugu, Ordiziako Emotio abesbatzakoekin batera». Oraingoz, ekainaren 14a dute gorriz margotuta. «Momentuz data hori aurreikusi dugu. Baina denbora gehiago behar badugu, Santa Zezilia inguruan egingo dugu. Bakoitzak lau-bat abesti, eta ondoren zazpi-bat elkarrekin».
Elkarbizitzarako tresna
Urteak betetzen eta kantatzen jarraitu nahi dute Larrun Arrikoek, eta salbuespena izaten jarraitu: «Abesbatzak desagertzen ari dira, gizonezkoen ahotsik ez dagoelako. Salbuespena da Larrun Arri, beste izaera bat daukalako».
Hori bai, gazteak kantu taldera animatzea dute erronka. «Elkarbizitzarako baliagarria izan da, adin desberdinetako herritarrak elkartu baititu Larrun Arri kantu taldeak. Zaharrenak 70 urte ingurukoak gara. 24 urte inguru genituela sortu genuen elkartea». ■