
Martin Urkiola eta Imanol Galarreta osaba-ilobak, taxiarekin. / Josu Zabala
Imanol Galarretak (Beasain, 2000) bizitza osoan ezagutu du taxistaren ofizioa familian. Bere osabak, Martin Urkiolak, 26 urte bolantearen aurrean lan egin ostean, erretiroa hartu zuen irailean, eta orain ilobak hartu dio erreleboa. Lanbidean denbora gutxi daraman arren, Galarreta «gustura» ari da lanean, eta etorkizunean ere horrela jarraitzea espero du.
Noiztik zara taxista?
Duela sei hilabete hasi nintzen ofizio honetan lanean, zehazki abuztuko azkeneko astean.
Zergatik aukeratu duzu lanbide hori?
Mekanizazioko eta administrazioko ikasketak egiten hasi nintzen arren, etorkizunean ez nuen nire burua horrelako lan batean ikusten, eta aldaketa bat nahi nuen. Nire osabak erretiroa hartu behar zuela jakin nuenean, bere lekua hartzera animatu nintzen, eta horretan ari naiz orain.
Zer da ofizio honen hoberena eta okerrena?
Hoberena, daukazun askatasuna eta independentzia dela esango nuke. Ez zaude inoren menpe, eta, azkenean, zu zara zure buruaren nagusia. Lana egin beharra dagoen arren, ordutegia zure modura antolatzeko eta moldatzeko aukera daukazu. Okerrena, berriz, bakarrik pasa beharreko orduak direla esango nuke. Ordu hil asko egoten dira tartean, eta luze egiten da zenbaitetan. Ordutegiaren arabera, badaude oso lo gutxi egiten dugun egunak ere. Hala ere, Goierri mailan enpresekin lan egiten dugu gehiena, eta hori astegunetako lana izaten da, batez ere.
Zertan aldatu da zure bizitza taxista zarenetik?
Hilabete gutxian bizitza goitik behera aldatu zait. Aldaketa nabarmenena nire denbora librean gertatu dela esango nuke. Lan honetan astegunetan zein asteburuetan lan egiten dugunez, denbora gutxiago daukat kirola egiteko eta lagunekin egoteko. Bestalde, pertsona bezala ere aldatu egin naizela esango nuke. Orain, nire lana ondo egiteko erantzukizun handia daukat, eta heldu naizela ere sentitzen dut.
Anekdotarik izan al duzu?
Oraingoz ez dut bestelako anekdotarik izan, horrelako gauzak gauetan gertatzea da ohikoena, eta, oraingoz behintzat, gutxi ibili naiz gauez lanean. Hala ere, seguru hemendik aurrera kontatzeko asko izango ditudala.
Zein dira zure helburuak?
Nire osabaren lanari jarraipen txukun bat eman nahiko nioke. Oraingoz ondo ari naiz funtzionatzen, eta horrela jarraitzea gustatuko litzaidake. Bestalde, gogoa eta ilusioa luzaroan mantentzea ere nahiko nuke.
Zure ofizioan hobetzeko zerbait ikusten duzu?
Esango nuke, oro har, hemen zortea daukagula lana badagoelako, eta gainera, ondo ordainduta dagoelako. Aldatu beharreko gauzen artean, jendearen jarrera da gehien aldatu beharko litzatekeena. Badirudi taxista zarelako eguneko 24 orduetan eskuragarri egon behar duzula, baina hori ez da horrela. Goizean zein gauean zerbitzua ematea beharrezkotzat jotzen dut, baina batzuetan ezezkoa ematen ere jakin egin behar da. ■