
Nagore Nebreda Brinkolako Eguzkitza Beko baserriko lurretan, zaldiez eta ahuntzez inguratuta.
Nagore Nebreda Urtaza legazpiarrak lehen sektorean lan egin nahi du. Horri begira, Artzain Eskolan graduatu eta gero, formazioarekin jarraitu nahi du. Suitzako etxalde batean dago orain.
Legorretan jaioa, hiru urte eskas zituenetik bizi da Legazpin Nagore Nebreda Urtaza, eta Brinkolako Eguzkitza Bekoa baserrian du hanka bat jarrita orain. Familiak duela urte gutxi erosi zuen baserria, eta konpondu eta laster hara bizitzera joatekoak dira guztiak.
Baina Nagore Suitzara joana da martxo hasieran, urtebeterako. Handik itzulitakoan, Eguzkitzako konpontze lan guztiak amaituta izatea nahiko luke. Horrela, errazago heldu ahal izango dio abereen hazkuntzarekin edo gaztagintzarekin lotuta landu nahi duen proiektuari.
Baserria ez zen izan bizimodua ateratzeko gazte honek egindako lehenengo aukera. Lehenagotik, erdi mailako gradu bat ikasi zuen Goierri Eskolan, mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko teknikari izateko. Geroago, Elikagaien Industriako Prozesuak eta Kalitatea goi mailako gradua ikasi zuen Markina-Xemeinen (Bizkaia).
Baina baserri mundua asko gustatzen zitzaionez, Arantzazuko Artzain Eskolara ere joan zen, eta iaz lortu zuen diploma. «Oso formakuntza ona jaso nuen, baita praktikak egin ere, etxean bertan, Makatzan. Oso tratu ona eman zidaten. Praktika gehiago Abadiñoko (Bizkaia) Alluitz Naturan egin nituen, ganadua eta turismoa uztartzen dituen enpresan». Formakuntza hori gutxi ez, eta orain kanpora joan da, Pipeo erakundearen bitartez, Suitzako etxalde batean lan egitera eta gehiago ikastera.
Eguzkitza Bekoa, bizitza proiektu
Nagore ez da baserrikoa, kalean jaiotakoa da. «Gurasoen proiektua zen baserrian bizitzea». Nagore ere batu egin zaie. Juan Karlos eta Idoia dira gurasoak, eta lehenik Legorretan eta azken urteetan Legazpin kalean bizi izan diren arren, beti izan dute gogoa txabolaren bat eta terrenoa edukitzeko, baratzea eta animalia pare bat jartzeko. «Beti ibili dira bila, Legorretan bizi ginenetik. Legazpira etorri aurretxoan hasi ziren horretan, eta duela urte batzuk, Brinkolan paseoan zebiltzala, baserri honetan, Eguzkitza Bekoan, Salgai kartela ikusi zuten». 2017an erosi zuten, lursail eta guzti.
Ordutik hainbat konponketa egin dituzte, «zahartuta» baitzegoen baserria. Baina orain ekingo diote lan handienari, «bertara bizitzera etortzeko».
Animaliak ere badituzte, «terrenoak zaintzeko animaliak behar direlako». Hasieran ardiak jarri zituzten; aitona Felixenak ziren. «Burgosko Santa Cecilia herrikoa zen, eta han pastore izan zen, Patrizio Etxeberriaren lantegira lan egitera etorri arte». Ardien ondoren, ahuntzak jarri zituzten, eta orain, ardiak kenduta, ahuntzekin jarraitzen dute. Zaldiak ere badituzte. «Aitonarenak ziren horiek ere. Mendian izaten zituen berak, baina guk baserri ondoan dauzkagu». Arraza desberdinetako oiloak eta euskal arrazako antzara bat ere badituzte.
Suitzara, urtebeterako
Prestakuntza eta baserria baditu, eta orain hurrengo fasea dator: hori guztia uztartu, eta lanbide bihurtu. Baina, aurretik, formakuntzarekin jarraitu nahi du, eta horregatik joan da Suitzara, lanera eta, aldi berean, ikastera, «esperientzia gehiago pilatzeko».
Suitza ekialdean dagoen Furna herriko Platta Hof etxaldean dago, Benjamin eta Carina Roffler bikoteak ustiatzen duena. Esnetarako eta haragitarako behiak hazten dituzte, eta etxean bertan egindako esnekiak eta haragia komertzializatzen dute. «Nire lana ukuiluan eta kanpoan behiak zaintzea izango da, neurri handi batean, baina gazta desberdinak egiten ere lagunduko diet, eta haragiarekin egiten dituzten hanburgesekin, saltxitxekin eta beste produktuekin ere bai».
Baserrian bertan bizi da, familiarekin batera. Komunikazioa errazteko, alemana zertxobait ikasita joan da.
Artzain Eskola eta Pipeo
Artzain Eskolaren laguntza jaso du proiektu honetan, Pipeo enpresarekin harremanetan jarri zutelako. Nekazaritzaren alorrean praktikak kudeatzen dituen Espainiako enpresa bakarra da, eta nekazariei atzerrira joateko aukera eskaintzen die. Nagoreren profila ikusita, hau da, Artzain Eskolan ibilia zela eta baserria, lurra eta abereak dituena, Suitzako etxalde hori eskaini zioten ordaindutako praktikak egiteko. «Behar nituen gestio guztiak egiten lagundu zidaten, plaza lortu arte».
Urtebeterako joana da, martxoaren 7an. Astean 55 ordu egin beharko du lan, hango langileen soldataren parekoa jasoko du, eta alokairu bat ordaindu beharko die baserriko nagusiei. Lau asteko oporrak izango ditu urtean.
Abentura hau hasi besterik ez du egin Nagorek, «ilusioz beteta». Handik itzulitakoan, «lehen sektorean lan egingo dudala argi dut, baina ez dakit oraindik zer egingo dudan». ■