Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Duela gutxi, lagun batekin hizketan, landa inguruko munduaren ezagutzak eta euskararen aberastasunak nabarmenki behera egin dutela genion, eta badela hori ondo laburbiltzen duen esaldi bat: zozoak beleari ipurbeltz.
Fenomeno kuriosoa: gaur egungo gaztetxo euskaldun gehienek ez dute esaldia ulertzen. Izan ere, askok ez daki zer den belea, are gutxiago zozoa; eta horiek ezagutzen dituenik bada, ipurbeltz erreferentzia ulertzeko galtzak bete lan izango ditu, hitz-jokoa ez baita hain sinplea.
Azken boladan badirudi jendea oso arduratuta dagoela euskararen egoerarekin. Diskurtso ez hain ezberdinak ahotan, gordintasun mailan nabaritzen dut nik aldea: euskal faxistek, ahobizarrik gabe, ordezkapen etnikoa gelditu behar dela diote, eta aurrerakoi usteko hainbatek eskuak burura eramaten ditu; bigarren horiek, migranteak modu mailakatuan onartu behar direla diote, bestela euskara euren erruz galdu egingo dela, haiek egokitu behar dutela.
Ni ere arduratzen nau euskararen egoerak, eta saiatzen naiz nire ikasleei hizkuntzarekiko maitasuna transmititzen. Burutik pasa ere egiten ez zaidana, ordea, gure posizio pribilegiatuak –zentro inperialista– eragin duen pobretze eta basakeriatik ihesi datozen horien aurkako jarrera –kasurik onenean erreakzionarioa, txarrenean zuzenki faxista– euskararen biziraupenarekin justifikatzea da. Erne ibili behar da, eta hankak lurrean izan: ohartzerako perspektiba galdu eta astakeria arrazistak esaten hasten da bat.
Atsotitz batekin amaitzeko, munduan hiru gauza galtzen dira alferrik: pobrearen arrazoia, mendiko egur igarra eta alferraren indarra. Edo, lehenengoaren bertsio modernoa: migranteak euskal elkarbizitza baketsua haustera datozela dioenak, zer esaten dio euskal faxistari? Ipurbeltz. ■