Gorka Hermosa (Urretxu-Zumarraga, 1976) munduko akordeoilari entzutetsuenen artean dago. Lehen mailako orkestra eta musikariekin jo du, mundu osoan zehar, eta hainbat disko kaleratu ditu. Duela gutxi dokumental bat estreinatu du. Pasioz bizi du musika, eta pasio hori hurrengo belaunaldiei transmititzen saiatzen da. Esker oneko ageri da bere irakasle izan zirenekin, eta berarekin egin zutena Santanderreko kontserbatorioko gazteekin egiten saiatzen da.
Nolatan musika zaletasuna?
8 urterekin nire lagun guztiak solfeoan hasi ziren eta ni ere apuntatu egin nintzen. Handik hilabete gutxira, nire lagunek solfeoa utzi zuten eta nik ere utzi egin nahi nuela esan nion amari. Hasitakoa bukatu beharra nuela erantzun zidan. Inongo gogorik gabe joaten nintzen. Instrumentua hartzeko ordua iritsi zenean, irakasleak ez nengoela prestatuta esan zidan. Beste urtebete egin nuen, eta instrumentua har nezakeela esan zidatenean, ez nuela nahi esan nuen. Solfeoko azken urtean hautatu nuen instrumentua. Hori oso ezohikoa da.
Asko kosta zitzaizun zaletzea. Noiz zaletu zinen?
Akordeoia jotzen hasi nintzenean. Berehala maitemindu nintzen. Irakasleek segituan oso ondo jotzen nuela esan zidaten. Javi Ramosekin hasi nintzen ikasten. Mundu berri bat erakutsi zidan. Munduko akordeoilari onenetako asko Zumarragara ekarri zituen. Sekulako zortea izan nuen: akordeoilari handiak ezagutu nituen eta eskolak eman zizkidaten. Javi soldadutzara joan zenean, Euskal Herriko irakasle onenekin eskola bana hartzea eta ondoren irakaslea hautatzea proposatu zigun. Thierry Paillet aukeratu nuen, Frantziatik etorritako irakasle bat. Gaztea zen eta gogo handia zuen. Thierryk bultzada handia eman zidan. Gainera, Friedrich Lips ekarri zuen: historiako akordeoilari onena, beharbada. Bere eskolak jaso nituen, doan. Jon Lekuona eta biok hasi ginen berarekin. Lehen urte horietan, Lekuona ere funtsezkoa izan zen. Nire lagun onenetakoa zen eta da. Ibilbide guztia elkarrekin egin genuen eta elkarrekin joaten ginen toki guztietara. Udan Frantziara joaten ginen ikastera. Urte haietan nire ondoan lagun bat izatea oso garrantzitsua izan zen.
Lekuonaren eraginez aukeratu zenuen akordeoia, gainera.
Saskibaloian elkarrekin jokatzen genuen, Hot Dogs taldeko kideekin. Jonek akordeoia jotzen zuen eta nik ere akordeoia jotzea erabaki nuen. Harpa jo nahi nuen, Harpo Marxekin flipatu egiten bainuen, baina Urretxu-Zumarragan ez zegoen harpa jotzen ikasteko aukerarik. Hala, zeruko instrumentua hartu beharrean, infernuko hauspoa hartu nuen.
Zer du berezia infernuko hauspoak?
Ez dakit, baina berehala nire gorputzeko atal bat zela nabaritu nuen. Baita hori jo beharra nuela esaten zidan barne energia bat ere. Barruan nuena esateko modua eskaini zidan. Oso gauza organikoa izan zen.
Zer ikasketa egin zenituen?
Lizeotik Gasteizko kontserbatoriora joan nintzen. Akordeoi ikasketak 19 urterekin bukatu nituen. Bere alde ona eta txarra izan zuen: eskolak ematen hasteko aukera eskaini zidan, baina nik gehiago ikasi nahi nuen eta hemen ez zegoen horretarako aukerarik. Umezurtz gelditu nintzen. Finlandiara joan nahi nuen ikastera, baina beka bat behar nuen eta garai hartan ez zegoen Erasmusik. Hala, nire kontura jarraitu nuen ikasten. Berehala beste musikari askorekin jotzen hasi nintzen eta haiengandik ikasi nuen. Nire akordeoilari kuttunak esaten zuen bere sekretua bera baino hobeak ziren musikariekin jotzea zela. Horretan saiatu naiz beti. Zorte handia izan dut. Flamenkoa jo nuen lehen aldian munduko jaialdi handienean jo nuen, fadoak jo nituen lehen aldian Madredeus taldearekin jo nituen, klasikoa orkestra handiekin jo dut, jazza Grammy sariak irabazi dituztenekin, technoa DJ garrantzitsuekin, rocka Celtas Cortos edo Burning bezalako taldeetako kideekin… Oso talentudunak dira, eta begiak erabat ireki behar dituzu musika ezberdin horien patroiak ikasteko. Horrelako musikariek beraiekin jotzeko aukera ematea ohorea da.
Finlandiara joan nahi zenuela esan duzu. Zergatik?
Finlandiako hezkuntza sistema oso aurrerakoia da, eta musikan are eta gehiago. Nire garaian akordeoilari onenak Errusian zeuden, baina Errusiako egoera ez zen oso ona. Gainera, Finlandiako akordeoilariak finagoak iruditzen zaizkit. Musika garaikidea egiten zuten eta garai hartan musika abstraktua asko gustatzen zitzaidan.
Non hasi zinen lanean?
18 urterekin, akordeoira dedikatu behar zarela esaten duzunean… Lizeoan nota onak ateratzen nituen eta selektibitatean ere nota ona atera nuen. Ingeniaritza-edo ikasi behar nuela suposatzen zen. Lizeoko irakasleek arraro begiratu zidaten akordeoilaria izan behar nuela esan nienean. «Akordeoia? Ikasi ezazu lan on bat lortzeko aukera handiagoa emango dizun beste zerbait». Hori dela eta, ingeniaritza informatikoa ikasten hasi nintzen. Lehenengo UNEDen hasi nintzen eta Valladoliden (Espainia) amaitu nuen. Ikasten ari nintzen bitartean, kontserbatorio pribatu batean eskolak ematen hasi nintzen. Han irabazi nuen lehen soldata. Polita izan zen, ez bainituen akordeoi eskolak bakarrik ematen. Historia, konposizioaren oinarriak, analisia, estetika eta ganbara musika ere irakasten nuen. Nik neuk ere asko ez nekienez, ikasleak baino bi eskola aurrerago ibiltzen nintzen: ikasi egiten nuen, beraiei irakatsi ahal izateko. Hala, asko ikasi nuen.
Ordutik non eman dituzu eskolak?
Alcañizen (Teruel, Espainia) bi urte eman nituen eta handik Santanderrera (Kantabria, Espainia) joan nintzen, 27 urterekin. Han gelditu nintzen, gaur arte. Horretaz gain, irakasle laguntzaile bezala aritu naiz. Besteak bestek, Belgikan eta Suitzan. Bartzelonako Kontserbatorio Goreneko plaza ere atera nuen, baina alabak Santanderren izan nituen eta ez nintzen joan. Gainera, Euskal Herritik gertu nago.
Irakasle lana gustuko al duzu?
Asko gustatzen zait. Santanderren eman ditudan urteetan munduan punta-puntan dabiltzan musikariak atera ditut. Londreseko (Erresuma Batua) BBCn edo New Yorkeko (AEB) Carnegie Hallen jo dute, bi ikaslek Juventudes Musicales de España lehiaketa irabazi dute, beste bat Ainhoa Artetak TVEn aurkeztu zuen programan bigarren gelditu zen… Eskolak emateak asko motibatzen nau. Egiten ditudan gauza guztietatik gehien gustatzen zaidana da, agian. Oso ondo pasatzen dut ikasleekin. Hamar urte egoten naiz beraiekin: 8 urte dituztenetik, 18 urte betetzen dituzten arte. Ordu bat bakarka eta beste ordu bat taldean. Pentsatzen hasiz gero, lagunekin ez dugu ordu bat bakarka ematen hamar urtean jarraian. Beraiekin ematen ditudan ordu horiek direla eta, oso erlazio polita sortzen da ikasleekin. Gainera, 8tik 18ra bitartekoak oso urte garrantzitsuak dira. Batzuek musikarekin jarraitzen dute eta beste batzuek ez, baina transmititzen dizkiezun baloreak eta kariñoa bizitza guztirako gelditzen dira.
Akordeoia ez dago modan.
Beno… Kantabrian, jendeak ikasleekin egiten dugun lana ikusten du eta gure kontserbatorioan instrumentu eskatuenetariko bat da. Heldu nintzenean ez zegoen akordeoi tradiziorik, eta egungo egoera oso ezberdina da.
Akordeoiak, lagunak emateaz gain, herrialde asko ezagutzeko aukera eman dizu.
Egin ditudan lagunak eta ezagutu dudan jendea musika baino garrantzitsuagoak dira. Ni nahiko lotsatia nintzen. Beno, urretxuarrak eta zumarragarrak halakoak gara. Bertan zaudenean ez zara konturatzen, baina kanpora joaten zarenean ez garela oso irekiak konturatzen zara. Musikari esker, asko hazi naiz. Txinako kontserbatorio gorenean, Moskukoan (Errusia), Pragakoan (Txekia), Varsoviakoan (Polonia)… eskolak eman ditut. AEBetan, Kuban, Argentinan, Uruguain, Brasilen, Txilen, Iranen eta Europako herrialde gehienetan ere jo dut.
Musikari askorekin jo duzu, baina Jon Maiarekin harreman berezia duzu, ala?
Hala da. Hasteko, Jon nire lagun onenetariko bat da. Eta artista bezala, euskal kulturako mito bat da. Artista bezala izugarri miresten dut. Dohain berezia du, denok sentitzen duguna hitzetan jartzeko. Agertokian askotan negar egin dut Jonekin. Nire bizitzako gauza asko kontatzen ditugu: etorkinak nola iritsi ziren Euskal Herrira, maketoen seme-alabak nola garatu garen… Euskal Herria Jonekin korritu izana oso polita da. 120 kontzertu baino gehiago eman ditugu azken sei-zazpi urteetan. Gure familiaren historia kontatuz korritu dugu Euskal Herria, gure gurasoek egin zuten bidaiari duintasuna emanez. Berarekin hasi nintzenean bertsolaria soilik zen, eta azken urteetan sekulako bilakaera bizi izan du. Egun, Euskal Herriko auditorio handienak betetzen ditu eta horren zatitxo bat dagokidala sentitu nahi dut, musika egiten baitiot. Oso polita da berarekin lan egitea. Berak aurpegia eta hitzak jartzen ditu. Hitzak musika instrumentalak ez duen botere bat du. Nire ibilbide profesionalean musika instrumentala jo dut batez ere, eta Jonekin, lehen aldiz, hitza erabili dut nire obran. Horrek beste dimentsio bat ematen dio, jendearen bihotzetara heltzeko askoz ere modu zuzenagoa da. Horretaz gain, Jonekin agertokira egiarekin igotzen ikasi dut. Oholtzara zure kezkekin, hunkitzen zaituenarekin igotzen bazara, biluztu egiten zara, baina jende gehienak antzerako gauzak sufritu ditu eta hunkitu egiten da.
Zure azken egitasmoa ‘Hauspoa&Tunela’ dokumentala da.
Zinemagile bat nirekin harremanetan jarri zen bere dokumental batean nire musika sartzeko. Dokumental bat egiteko moduko bizipenak nituela ikusi zuen. Euskal Herriko lehen akordeoilaria Zumarragara nola iritsi zen eta horren ondoren etorri zena kontatzea oso polita izango litzatekeela esan nion. Ez naizela hutsetik sortu. Euskal Herrian akordeoi tradizio handiena eduki duen herrian sortu naizela. Bestalde, Zumarraga immigrazioaren erakusle bikaina da. Euskarak eta Euskal Herriak ez dute biziraun herri isolatu bat izan garelako, kanpotik etorri dena gureganatzen jakin dugulako baizik. Ni bezalako maketoen seme-alabak euskaldun peto-petoak gara gaur egun, eta trikitia edo akordeoia jotzen dugu eta bertsoak egiten ditugu. Trikitia horren metafora polita da, bertako pandero arkaikoa eta kanpotik etorritako soinua baitira bere osagaiak. Biak nahasten direnean, gauza berri bat sortzen da. Kanpotik etorritako zerbait euskal DNAren parte da dagoeneko. Emigrazioa arriskutsutzat hartzen den garai honetan, denok inmigrazioaren eta fusioaren ondorio garela erakusten dio munduari. Hori guztia da ‘Hauspoa&Tunela’ dokumentalean kontatu nahi duguna. ■
21 urterekin, RTVE orkestrarekin
Gorka Hermosak ehunka kontzertu eman ditu. Guztien artean bereziena 21 urte zituenean RTVEren orkestrarekin egin zuena da. «Juventudes Musicales lehiaketa irabazi nuen eta hori oso pauso garrantzitsua izan zen akordeoiarentzat. Kontzertu asko egiteko aukera eman zidan. Guztiak ondo antolatuak eta ordainduak. Hori sekulakoa izan zen niretzat. Salto itzela. Kontzertu nagusia RTVEko orkestrarekin egin nuena izan zen. Madrilgo Teatro Monumentalen izan zen eta TVEk eta Espainiako Irrati Nazionalak zuzenean eman zuten. NBAn edo Santiago Bernabeun jokatzea bezala izan zen. Bakarlari gisa jo nuen, gainera. Estatuan lehen aldiz, akordeoilari batek orkestra sinfoniko batekin jo zuen. Bide bat irekitzen ari nintzela konturatu nintzen. Zerbait handia egiten ari nintzen nire instrumentuarentzat. Ez zen nire meritua bakarrik izan. Hor jarri ninduen jende guztiaren meritua izan zen. Kontzertu haren ondoren, milaka kontzertu eman ditut mundu osoan, eta bat aukeratzea oso zaila da, une polit asko bizi izan baititut. Dena den, kontzertu bereziena hurrengoa da, beti. Horrela izan dadin saiatzen naiz. Ilusio hori mantentzen».