UGLEko ikasle talde bat Marokon izan da beraiek konpondutako autoekin. Bidaia gorabeheratsua izan den arren, balorazio positiboa egin dute ikasleek.
Asfaltozko lurzorua atzean utzi eta basamortuko hareatan ibili dira UGLE Urola Graraiko Lanbide Eskolako Automozio zikloko hainbat ikasle eta irakasle. Iaz proposatu zien Dani Martin irakasleak Marokora joateko erronka, eta, azkenean, urtebeteko epean konpondu eta prestatutako autoekin izan dira goi mailako zikloko hamar gazte han. Hasieratik garbi izan zuten zein izango zen bidaiaren helburua: proiektu mekaniko bat izateaz gain, misio solidario bat ere izango zuen. Horrela, Bellota enpresak emandako palak eta arropak eraman dizkiete Marokoko biztanleei. Batirtze Arruebarrena (Zaldibia, 2004) da bidaia egin duen ikasleetako bat, eta bere esanetan, prozesu «luzea eta gogorra» izan den arren, «merezi» izan du. Ikasleak udan hasi ziren proiektuaren lehenengo pausoak ematen. Aurreneko gauza, bidaia egiteko auto merkeak bilatzea izan zen. Horren ostean, auto bakoitzaren akatsak analizatu eta konpondu zituzten, zehazki, IAT proba bat pasatzeko moduan uzteraino. Gabonetako oporren bueltan, Marokoko lurzorura eta klimara egokitzeko piezak jarri zizkieten autoei, horien artean takodun gurpilak, besteak beste. Azkenik, otsailaren 20an abiatu ziren ikasleak, binaka bost autoren barruan, baita lau irakasle eta kameralari bat ere.
Bidaia gorabeheratsua
Arruebarrenaren esanetan, aurrerantzean «ahaztuko ez» duen bidaia bat izan da. Gehien disfrutatu duena Marokoko bizitza ikustea eta hango jendea ezagutzea izan da. Zaldibiarrak dio «errealitate gogor eta gordin» batekin topo egin duela, baina bertakoei laguntza eskaintzeak «asebete» egin duela. «Bagenekien pobrezia egoeran dagoen jendea topatuko genuela, baina, hara iritsi arte ez genekien zer aurkituko genuen». Bestalde, momentu «zailak» ere bizi dituztela nabarmendu du. Orokorrean ezer larririk gertatu ez bada ere, zenbait autok matxurak izan dituzte, eta horietako bat ezin izan dute bueltan ekarri.
Hala ere, bidaiaren irakurketa «positiboa» egin du zaldibiarrak, eta garbi dauka kasu zehatz horiek hurrengo baterako zertan hobetu ikasteko balioko dietela. Bertako egonaldiari dagokionez, UGLE izan da bidaia antolatzeaz arduratu dena. Lo hoteletan egin dute ikasleek, eta otorduak bertako toki desberdinetan. «Normalean gosaria eta afaria hotelean egiten genuen, eta bazkaria bideko tabernaren batean edo parean harrapatzen genuen lekuren batean. Dena aurretik adostuta eraman dugu», adierazi du Arruebarrenak.
Ibilbidea, helmuga baino gehiago
Egun, bi emakume ari dira automozioko goi mailako zikloa ikasten, baina Arruebarrena izan da bidaia egin duen bakarra. Hala ere, errealitate hori «inoiz» ez da oztopo izan zaldibiarrarentzat, eta argi esan du irakasleen zein ikasleen artean «oso harreman ona» daukatela. «Oso gustura ibili gara denok. Giro paregabea daukagu gure artean, eta hori dela eta erabaki nuen bidaia hau egitea». Gaineratu du proiektu honek eguneroko gauza txikiak gehiago baloratzeko ere balio izan diola, eta erronkaren benetako zentzua ez dela soilik Marokora iristea izan, baizik eta emaitza hori lortzeko egindako ibilbide osoa. «Egindako kilometro bakoitza ikasgai bat izan da denontzat», nabarmendu du.■