Izaro Intsausti • Dantzaria
Euskal Herriko hiriburuan 2019az geroztik antolatu duten Iruinkokoa ezagutzeko baliatu dut azken inauteri garaia. Bi bando daude, onak eta txarrak, koko zuriak eta koko beltzak. Koko zuriak dantzariak dira, gorputz espresioa erabiltzen dute eta ez dute hitzik egiten. Koko beltzak, berriz, antzezleak dira, hitza, satira, kritika dutenak, eta egurra banatzen dute eskuin-ezker. Koko zuri eta koko beltzek talka egiten dute, baina bata bestearen osagarri dira aldi berean. Euskaraz egiten da, Euskal Herriaz egiten da eta Euskal Herritik eta euskaldunon kontraesanak plazaratzeko baliatzen da.
Oier Zuñiga antolatzailearen hitzetan, sorkuntza-prozesuan helduleku indartsu bat bufoiaren ideia da eta gogorarazten du bufoiak presente ditugula Euskal Herriko tradizioan; Zuberoan buhame eta kauterak, Otsagin boboa, Lapurdiko bizar-dantzako bizar moztailea… Bufoiari eskumena ematen zaio esan beharreko guztia esateko eta boterea zalantzan jartzeko, eta bufoiaren funtzionatzeko logika horretatik tiraka osatu dituzte koko beltzak.
Festari dagokionean, gazteek plaza hartzen dute baina atzean beste belaunaldietako jendea dago; sorkuntza taldea, logistika taldea, esku lanak, jostunak… Belaunaldiartekotasuna zainduz musika, dantza, bertsoa eta antzerkia uztartzen dituen festa honek Iruñeko euskal komunitatea sendotu eta elkartu du.
Egunean bertan bizitzen dena jaiari lotuta badoa ere, aurretik dagoen lau hilabeteko sorkuntza prozesua da benetan balioan jarri beharrekoa.
Euskaldunok gure ohiturak berrasmatu ditzakegunaren beste adibide eder bat . ■