Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Bizi naizen eraikinean badago postari bat, brikolajean aritzen den beste bat, familia bat etxerako jana eskatzen duena astero, ia egunero, espeziak atsegin dituen jatetxe batean, eta etxean erabili ez baina kalera bastoia hartuta irteten den amona. Badago Harry Potterren fanatika bat, lapurtzera sartuko zaizkien beldur diren senar-emazteak, hamar urteko flauta jotzailea eta, lasaitzeko edo, leihoan zigarroak erre eta erre aritzen den flautistaren aita. Sarritan haserre eta ozen hitz egiten duen emakume bat badago, txakur tzar bat, musika zaletasun oso eztabaidagarriak dituen nerabea, eta sukaldari fin bat edo beste. Falta zait kanikak erortzen uzten dituen baten bat, Feng Shui workshop-a praktikan jarri eta altzariak mugi eta mugi dabilena, eta gauero zurrunka eginez eraikina kolokan jartzen duena. Baina beste denak badaude.
Nolanahi ere, ez dut oraindik hitzik gurutzatu inorekin. Ez dut igogailuan kointziditzen, ozta-ozta inoiz portalean. Buzoietako karteltxoetan zenbakia eta letra bakarrik jarri eta anonimoak direla uste duten arren, nik entzun eta sumatzen ditut, euren lanpasak ikusi ditut, badakit igogailuko usain hori beti dagoela 5. pisuaren bueltan eta guztiok zintzilikatzen ditugu arropak leihoetan egun eguzkitsuetan. Eta nik haiek ezagutu bezala, haiek ni.
Pentsatzen jarri naiz zer jakingo ote duten eurek nitaz, bizilaguna edo bizietsaia ote naiz? Hor nonbait izango dut bizilagunen bat iritzi zutabe bat idazten nire ohiturez kexati. Nik behintzat jarri ditut izen-abizenak portaleko buzoian, eta beti agurtzen dut. ■