Valeria Medina Nikaraguan jaioa da eta Zaldibian bizi da duela zazpi urtetik. Bertan egin dioten harrerarekin gustura dago, eta euskara menperatzeko urratsak egiten ditu egunero.
Bi mundu desberdin lotzen ditu Valeria Medinaren istorioak. Nikaraguan jaioa, duela zazpi urte iritsi zen Zaldibiara, unibertsitatean industria ingeniaritzako ikasketak bukatu berri, eta Euskal Herrian, Goierrin zehazki, lanean hasteko ametsarekin. Hala ere, bere titulazioa hemen homologatzeko erronkek, ustekabeko norabidea markatu dute bere bizitzan. Gaur egun 27 urte ditu, eta Illati tabernan lan egiten du, bere amak zuzentzen duen negozioan, baina inoiz ez ditu alde batera utzi bere desioak, eta Zaldibian jasotako harrerak tokiko kulturan integratzeko nahia ere piztu diote barruan.
«2018. urtean etorri nintzen lehenengoz, oporretan. Ama Euskal Herrian bizi da duela 22 urtetik, eta hura bisitatzera etorri nintzen», kokatu du Goierrira etorri zen lehenengo aldia. Valeriaren ama Zaldibian bizi da aspaldian, eta Illati tabernaren gidaritza du azkeneko urteetan. Bere ahizpa bikiak ere bertan lan egiten du, gaur-gaurkoz. «Ez nentorren hemen gelditzeko intentzioarekin, egun batzuetako bisita baino ez zen izan, baina amak hemen geratzeko proposamena egin zidan, ingeniari bezala lana topatzeko aukera izango nuela eta… Gauza batek, bestea ekarri zuen», kontatu du segidan.
Nikaraguako titulazioa homologatu bitartean, amaren tabernan hasi zen lanean. «Ingeniari gisa jardun ahal izatea gustatuko litzaidake, noski, baina homologazio-prozesua zaila da, eta, oraingoz, ezin izan dut zentzu horretan aurrera egin» azaldu du Medinak, frustrazio puntu batekin. «Bitartean, tabernan ari naiz lanean. Zaldibiara iritsi eta segituan hasi nintzen bertan, amari laguntzen», kontatu du.
Nahiz eta bere lan eremuan aritzeko aukerarik ez izan, Valeria Medina inguru berrira egokitu da. «Bizitza ikusteko eta ikasteko modu berri bat da taberna, baina ingeniaritzak jarraitzen du nire pasioa izaten», dio irribarrez. Tabernako lanaren bidez, zaldibiarren eguneroko bizitza gertutik ezagutzeko aukera izan du, eta esperientzia horrek aberastu egin du, komunitatearekin lotura hurbilagoa sortzeko aukera emanda.
Euskara menperatzea
«Nik neukan abantaila zen amak urte asko zeramatzala hemen, eta horrek ateak ireki zizkidan, nolabait, zeren bera oso ezaguna da herrian, oso ondo hartu zuten iritsi zenean, eta nabaria da herritarrek asko maite dutela. Beti kontatzen du Zaldibian oso ondo hartu zutela, eta horrek niri ere bidea egiten lagundu dit».
Hala izanda ere, hizkuntza arrakala gisa sentitu izan du, momentu batzuetan. «Hasieran nire beldurrik handiena euskararen ezjakintasuna zen», adierazi du nikaraguar jatorriko zaldibiarrak. «Amak beti animatu izan nau, eta beti esaten dit lasai egoteko, poliki-poliki ikasiko dudala. Eta ari naiz… Baina ez da batere erraza. Hala izanda ere, egunen batean menperatuko dut».
Kontatu du bidea, une batzuetan, ez dela xamurra izan. «Oro har, jendearen jarrera oso ona da nirekiko, egunero euskara ikasteko eta praktikatzen saiatzeko egiten ari naizen ahaleginaz ohartzen dira, baina batzuetan hori ulertzen ez duen eta hori dirudien pertsonekin egiten duzu topo». Gertakari bat gogoan du: egun batean, lanean ari zela, Medina bezero batzuekin euskaraz hitz egiteko ahalegina egiten ari zela, haren euskara ‘perfektua’ iruditu ez zitzaion batek zera esan zion: «Zuk ez badakizu euskaraz, isildu zaitez!».
Pasarte hori ahaztu nahian edo, Zaldibiako jendea «zoragarria» dela kontatzen jarraitu du. «Oso ondo hartu naute, eta oso pozik nago zein ondo tratatzen duten ama ikusita, eta etxeko denak ere bai».
Valeriak aurre egin beharreko erronka handienetako bat, une honetan, «euskara ikastea» da. Ikasten aritu den arren, aitortu du tabernako lana eta ikasketak uztartzea zaila egiten zaiola. «Zaldibian bertan antolatzen dituzten ikastaroetan parte hartzen dut, nahiz eta batzuetan zaila izan denbora aurkitzea. Maizpiden ikasi nahiko nuke, nire ahizpa han dago eta aurrerapauso handiak egin ditu. Niretzat, euskara gainditu beharreko ikasgaia da. Ondo ikasi nahi dut eta mundu guztiarekin euskaraz komunikatu nahi dut», dio erabakitasunez.
Euskara «funtsezkoa» da Valeria Medinarentzat. «Integraziorako tresna gisa ez ezik, Zaldibiako jendearengana eta bertako kulturarengana gehiago hurbiltzeko modua baita». Zailtasunak zailtasun, ez du hobetzen jarraitzeko itxaropena eta motibazioa galdu.
Uemako kanpainarekin bat
Goierrin igaro dituen urteetan jasotako esperientziak erakutsi dio, gainera, «jendeak oso esker onez hartzen duela euskaraz erantzunez gero, logikoa den bezala». Horregatik, denen artean euskararen transmisioaren ahalegina egitea beharrezkoa dela uste du, hizkuntzak iraungo badu. «Nire herrian, tokiko hizkuntza desagertu egin da, beste toki askotan bezala, ez direlako hura ez galtzeko politikak martxan jarri, ezta ahaleginik egin ere», dio atsekabetuta. Ez du horrelakorik nahi euskararentzat, eta bere eskuetan dagoena egiteko konpromisoa du.
Bide horretan, UEMAk abiatu duen kanpaina batekin bat egin du. Ostalaritzan eta merkataritzan aritzen diren euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoa du kanpainak, Egin nirekin ere euskaraz! lelopean. Euskaldunei zuzendutako kanpaina bat da, eta euskaraz bizi direnei «begiak irekitzeko» helburua duela ohartarazi du Medinak. «Askok pentsa dezakete parean aurkitzen duten tabernariak edo dendariak azalaren kolorea bestelakoa duelako edota jatorriz beste toki batekoak garelako ez dugula euskaraz jakingo. Aurreiritzi horiek baztertzeko eta edozein tabernatan edo dendatan lehenengo hitza euskaraz egiteko deia egin nahi diegu herritarrei. Nik neuk, oraindik hitz egiteko zailtasunak izanda ere, hitz egiten dudana baino gehiago ulertzen dut, eta nahiz eta momenturen batean gazteleraz erantzuten dudan, euskalduna denak niri euskaraz egitea nahi dut, horrela lehenago ikasteko aukera izango dudalako», erakutsi du euskara ikasteko duen gogoa.
Lehenengo hitzak bigarrena ekartzen du, eta hirugarrenetik aurrera osatu daiteke elkarrizketa oso bat euskaraz. «Euskara ukatzean, nahi gabe izan arren, bertakoa izatea edo sentitzea ere ukatzen da. Alderantziz, euskaraz hitz egiterakoan, herrien eta kulturen arteko zubia sendotzen da», borobildu du bere hizpidea.
Izan ere, gazteleraz zuzentzen bazaizkio mostradorearen edo barraren bestaldean dagoenari, litekeena da hark erdaraz jarraitzea. Lehen hitza euskaraz egin, eta gero euskara ulertzen ez badu aldatu daiteke hizkuntza edo saiatuko dira beste hitz batzuekin ulertarazten; baina euskaldunek ez dezatela behintzat moztu bidea lehenengotik. ■