Idiazabal gazta da, eta ez Idiazabalgo gazta. Kasu honetan, izenak ez du izana atzetik, baina hango bide batek eman zion hala deitzeko bidea. Baina izan zitekeen Urbasa gazta. Hego Euskal Herri osoan –Erronkari ibarrean izan ezik– bertako ardi espezieen eta nagusiki latxaren esne gordinez egindako gazta izendatzen du gaur egun Idiazabal Gaztak.
Hain justu, aurreneko jatorri izendapen babestua Erronkariko gaztak lortu zuen, 1981ean. Idiazabal izendapena 1987ko urriaren 1ean onartu zuten ofizialki. Zer dela eta jarri zioten Goierriko herriaren izena?
Izen horren arrazoiaren eta aukeraketaren historia Xabier Urteaga eta Maitane Urteaga idiazabaldarrek ikertu eta argitaratu zuten, 1999an. Bertako artzainek egindako gaztak erosteko Idiazabalen zegoen tiradizoa baliatu zuten duela 40 urte gaztari deitura ezartzeko. Ez zen motibo bakarra hori izan, baina N-1 errepideak ospetsu egin zuen esneki mota hori. Nazioarteko zirkulazio handiko errepidea zen N-1, eta Hego Euskal Herriko isurialde hezean ekoitzitako gaztak erosteko azkenekoetariko aukera –nola hegoalderantz zihoazen bidaiarientzat, hala iparralderantz zihoazenentzat– Etzegarate mendatean zegoen; hango bentetan, geralekuetan, hoteletan eta jatetxeetan, zehatzago.
Ospeak eta salmentak elkarri hots egin ziotela, alegia. Ordurako, Idiazabalgo artzainek sari asko irabaziak zituzten lehiaketetan gaztarekin. Ordiziako feria bereziko txapelketan, adibidez, bolada batean nagusi izan ziren: banatutako 41 sarietatik 30 Idiazabalera eraman zituzten. Handik kanpora ere, ohikoa zen aurreneko hiru sarituen artean idiazabaldarrak geratzea.
Bestetik, mendate nekeza eta arriskutsua gainditu, eta atseden hartzeko leku seinalatuetako bat zen Etzegarate.
Aristokraziaren zigiluarekin
Madrilen ere ospea zeukaten Idiazabalgo artzainek eta euren gaztek. Goatse baserriko Jorge Otegik eta Enpajolatzako Jose Antonio Elortzak sariak ekarri zituzten XX. mende hasieran, eta herriaren izena eraman zuten. Elortzaren alaba Eulalia, errege familiako giltzaria zen, eta artzaina Alfonso XIII.aren Cuencako etxean ere izan zen, gazta nola egiten zuen erakusten.
XVI. mendean ere dokumentatuta dago Arimasagastiko nagusiak nola oparitu zion gazta bat Gaztelako Joana erreginari, San Adriandik igaro zen batean. N-1en aurretik ere –1849tik 1851ra eraiki zuten errepidea– kanpoko gazta erosleak izaten ziren Idiazabalen. 1762an, udalak gaztaren neurria eta prezioa arautu zituen, artzainek bitartekari edo merkatari kanpotarrei merkeago saltzen zizkietela ikusita. 1799ko beste arau batean, Bilboko erosleak aipatzen dira.
Urbasa erabili zuten, 1987an, jatorri izendapenerako beste izen-aukera bat. Artzain mendi eta gaztagintza eremu garrantzitsua hura ere. ■