Nahia Artza Oiarbide (Lazkao, 2006) Euskal Ikasketak ari da ikasten, Gasteizen. Horrez gain, Oin Arin dantza taldeko eta Lazkaoko Gazte Asanbladako kidea da. Aurten lazkaotarren bozek erabaki dute Gazte Asanbladak botako duela jaietako txupinazoa. «Herriak gu aukeratu izanak asko motibatzen gaitu, eta txupinazo ekitaldia horren erantzuna izatea espero dugu. Urte askoan ibili baita asanblada herrian lanean, problematika ezberdinei erantzunez eta gazteak saretuz». Gazte Asanbladarentzat data garrantzitsuenak herriko festak, Gazte Festak eta inauteriak izan ohi dira. «Belaunaldi berria martxa hartzen ari gara orain, eta proiektu zein helburu berriak ditugu buruan». Artza txikitatik ibili da Oin Arinen, eta orain irakasle ere ari da. «Larunbatetan jarraitzen dut euskal dantzak ikasten. Lagun artean gabiltzanez, deskonektatzeko modu bikaina da».
Dantza bat.
Aurtengo emanaldian egin duguna.
Zer zaletasun dituzu?
Lagunekin ateratzea, buelta bat ematea, musika entzutea…
Pelikula edo telesail bat.
Mamma mia pelikula. Ez dut denbora gehiegi pasatzen honetan.
Liburu bat.
Albert Espinosaren La noche que nos escuchamos.
Musika talde edo abeslari bat.
Gorka Urbizu.
Abesti bat.
Olaia Inziarteren Ravean xuabe bueltaka dabilkit.
Oporretarako leku bat.
Asko, baina duela hiru urte Norvegiara joan nintzen etxekoekin eta ikaragarri gustatu zitzaidan.
Zer gosaltzen duzu?
Hobe nuke horretarako denbora hartuko banu.
Kolore bat.
Berdea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Abaigarren udalekuetan pasatakoak.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Dantzan izan nituen ume batzuek, azken klasean, beraiek egindako marrazki batzuk oparitu zizkidaten.
Amets bat.
Mundua ezagutzea. Gertuko jendearekin eta baita nik bakarrik ere, asko bidaiatzeko aukera izan nahi nuke.
Bizitzako plazer txiki bat.
Aste luze baten ondoren lagunekin zerbait hartzera irtetea.
Goierriko txoko bat.
Lazkaomendi.
Lazkaon biziko ez bazina…
Oraindik ez naiz jarri horretan pentsatzen. ■