Eider, Maren edota Aimarz bezalako izen esanguratsuekin lan egin du Iñigo Aranburuk (Lazkao, 2000), azken urtean. Barruko senak bultzatuta hasi zen estilista moduan lanean. Txikitatik izan du moda gustuko, eta lanketa sakon baten ostean, bere pasioa den langintza horretan murgildu da orain dela gutxi. Gaur egun, sare sozialak erabiltzen ditu bere lanaren erakusleiho moduan. Instagramen @styledbyinigo kontua dauka, eta Tik Token ere aritzen da modaren inguruan hizketan.
Zein da estilista baten lana?
Proposamen batetik hasita unibertso estetiko bat sortzen dugu estilistok. Guk ez dugu arroparik sortzen, ezta josten ere; guk jositako horri zentzua ematen diogu, testuinguru ezberdinetan. Askotan ez da look soil bat sortzea soilik izaten, eta horren atzean aurre-meditazio handia dago.
Nondik datorkizu modaren inguruko interesa?
Nire inspirazio iturri handiena nire amona Maria Dolores izan da. Oso emakume dotorea izan da beti, eta arropa onak erabiltzen zituen. Gaur egun, bere argazkiak ikustean konturatzen naiz emakume aurreratua izan zela modaren munduan.
Zein izaten da pertsona baten estilismoa aukeratzeko prozesua?
Normalean pertsonak berak kontaktatzen du nirekin, eta bere proposamenetik hasten naiz lanean. Eurek esaten didate lan jakin baterako zein kontzeptu jorratu nahi duten, zein modutara, eta nik hortik aurrera lan egiten dut. Nire lana, lehenik eta behin, ikerketa handi batekin hasten da. Artistaren estiloa ikasten dut: bere erreferentziak zein diren eta duen perfila aztertzen ditut. Hortik aurrera, aukera desberdinak proposatzen hasten naiz, eta artistaren eta bion artean erabakitzen dugu estetika nondik zuzendu.
Behin norabidea erabakita, arropa nondik lortzen duzu?
Arropa lortzea ez da hain erraza izaten, eta aurrekontuaren araberakoa izaten da. Nahikoa diru izanez gero, showroom-ekin kontaktuan jartzen naiz normalean, eta arropa alokatzen dut. Dirurik izan ezean, inguruko diseinatzaileei faboreak eskatuz lortzen dut.
Eta inspirazioa, nondik lortzen duzu?
Mundu mailako estilista ugari jarraitzen ditut. Gipuzkoan badago asko gustatzen zaidan estilista bat: Myriam Lizarralde. Madrilgo Enol Blasco ere asko gustatzen zait, eta baita Law Roach amerikarra ere.
Epe laburrera eta luzera, zer helburu dituzu?
Epe motzean artistekin lan egiten jarraituko dut, lehen aipatu ditudan abeslariekin, eta baita zenbait aktorerekin ere. Epe luzera begira, Letizia erreginaren estilista izatea amets bat litzateke. Ez naiz inoiz monarkikoa izan, baina iruditzen zait berak modarekin daukan erlazio horretan nik zerbait eskain diezaiokedala.
Zein da Euskal Herriko panorama modaren inguruan?
Euskal Herrian izugarrizko talentua dago, eta diseinatzaile eta artista paregabeak dauzkagu. Baina irtenbide profesional gutxi daudenez, askok kanpora joatea erabakitzen dute, beste marka batzuekin lan egitera. Oso zaila da marka propioa sortu eta denboran zehar sostengatzea.■