Maite Etxanizen (Zumarraga, 1942) familia oso ezaguna da Zumarragan. Gurasoek taberna izan zuten herriko plazan. Etxanizek Zumarragako parrokian eta Antioko baselizan laguntzen du. Zumarragar petoa da eta Antioko Ama Birjinari debozio handia dio. Uztailaren 2a, Santa Isabel eguna, urteko egun handiena da beretzat.
Herriko plazan jaio zinen.
1942ko otsailaren 9an jaio nintzen, Zumarragako plazako lehenengo zenbakian. Zenbaki hori aldarrikatzen dut, gure familia udaletxean bertan bizi baitzen.
Nolatan bizi zen zure familia udaletxean?
Etxe hori enkantera ateratzen zuten eta 1928an nire gurasoek, Jose Francisco Etxanizek eta Josefa Antonia Larrañagak, hartu egin zuten. Maria Larrañaga izebarekin batera hartu zuten. Lau etxebizitza genituen, 22 ohe guztira. Ostatua zen. Eta azpian taberna zuen. Dena udalarena zen. Izeba gure ostatura etorritako trenbideko langile batekin ezkondu zen, eta Madrilera joan ziren bizitzera. Sei anai-arreba ginen eta hiru hor jaio ginen. Hiru zaharrenak, berriz, Santos Agirreren etxean jaio ziren. Zaharrenak, Josek, nik baino 20 urte gehiago zituen.
Ostalari familia batean jaio zinen, beraz.
Gaur egun jubilatuen egoitza dagoen tokitik joan ginen udaletxera. Jubilatuen egoitza dagoen tokian nire aitona-amonek taberna zuten. Lehenago Iburreta taberna izan zuten. Aitona Landaburu baserrikoa zen.
Zure gurasoen taberna oso ezaguna zen.
Hala da, baina egia esan ez dakit oso ondo zergatik. Giroagatik izango zen, beharbada. Ni 13 urterekin hasi nintzen tabernan lanean eta giroa oso ona zela gogoratzen dut. Egunero txikiteoa egiten zuten: eguerdian eta arratsaldean. Gainera, asko abesten zen. Oso abesti politak, gainera. Zarzuela ere abesten zutela oroitzen dut. Niri abestea gustatzen zait, eta garai hartan kuadrillek asko abesten zuten. Eta Gabonetan, txikiteoa egitera ateratzen ziren kuadrillek gabon kantak abesten zituzten. Egun horietan, eguneroko bezeroei ardo ona oparitzen genien. Ondoren, kuadrillek beste botila bat eskatzen zuten. Zumarragako taberna guztietan egiten zuten hori: Iburretan, Juaniton, Unanuen…
Zer oroitzen duzu zure familiak zeraman ostatuari buruz?
Jende asko bizi izan zen gure etxean: Antton Xapala Orbegozo enpresako goi kargua, bere anaia Felipe, Martin, Jose, Vicente eta Jose Mari Aierbe anaiak… Ostatura Orbegozo enpresara lan egitera etorritako jendea joaten zen, batez ere.
Noiz arte eduki zenuten Zumarragako plazako taberna?
Ez dut ondo gogoratzen, baina nire hiru seme-alaba zaharrenak han bizi izan ziren. Laugarrena jaio zenean, ordurako Urdaneta kalean bizi ginen. Nire senarrak ez zuen plazako tabernan lan egiten, baina botilatzen laguntzen zidala oroitzen dut.
Zure familiaren ezizena ‘Mordo da’. Zergatik?
Amaren aitagatik. Azkoitikoa zen. Oso berezia zen. Behin, lagunekin joan zen Errioxara eta mahatsa ekarri zuten. Mahatsa jaten ari zirela, mahats-mordo handi bat hartu zuen eta Mordo ezizenarekin gelditu zen. Azkoitian denek daukate ezizenen bat. Nire senitartekoen artean Ttattarrak eta Amortxoak ditut. Gu Mordo gara, eta harro esaten dut, gainera. Nire seme-alabak ere Mordo dira eta Madrilen Mordo gehiago daude: izeba Mariaren ondorengoak.
Zumarragar petoa zara, eta Antioko Ama Birjina asko maite duzu.
Zumarragar asko gara Antioko Ama Birjinari debozio handia diogunak. Baita kanpotik etorritako asko ere. Hemen jaiotako jendeak baselizara joateko ohitura zuen, eta kanpotik etorritakoak ere hara joaten hasi ziren. Nahiz eta garai hartan baseliza oso egoera txarrean zegoen eta itxita egoten zen. Jendeak elizari buelta emanez errezatzen zuen arrosarioa. 1975ean baseliza zaharberritu egin zen, eta aldaketa sekulakoa izan zen.
Uztailaren 2a, Santa Isabel eguna, urteko egun handiena izango da zuretzat.
Bai, noski. Zoritxarrez, ezin naiz lehen ibiltzen nintzen moduan ibili, bi belaunak gaizki baititut. Santa Isabel eguneko erromeria sekulakoa da. Nire anaia zaharrenak, Josek, ezpata dantza egin zuen Antion. Dantza eta kantua asko gustatzen zitzaizkion. Dantzan oso zorrotza zen. Antioko bederatziurrena ere oso polita da. Orain ez naiz Antiora igotzen bederatziurrena egitera, parrokian egiten dut. Asko gara Antioko bederatziurrena parrokian egiten dugunak. Bederatziurreneko testuak gaurkotasun handia du. Bederatziurrena idatzi zuenak, Antonio Amundarain parrokoak, Elizarekin arazoak izan zituen. Izan ere, emakumeei Elizako ateak ireki zizkien.
Baseliza garbitzeaz arduratzen zara, gainera.
Ostiralero joaten gara. 25 urte daramatzat lan horretan. Parrokian lehenago hasi nintzen oraindik: 1983an hasi nintzen eta 42 urte daramatzat parrokia garbitzen. Parrokia garbitzera etortzen nintzen eta, behin, azokan, Mertxe Uribesalgok mesede bat egitea behar zuela esan zidan: Antioko baseliza garbitzen zutenak adinekoak ziren eta gure laguntza behar zutela esan zidan. Gaur egun gu gara adinekoak: nik 83 urte ditut eta gure taldeko batek 89 egin behar ditu. Baina ezin diogu Antiora joateari utzi. Antio Zumarragako altxorra da eta zaindu beharra dago. Zaintzeari uzten badiogu, akabo. Eraikinak garbitu egin behar dira, aireztatu… Hautsa kentzen ez baduzu, hautsak bere lana egiten du. Baselizako egurra maiztasunez garbitzen baduzu, ez duzu zikinkeriaren esku uzten. Hautsa txarra da, egurrak izan ditzakeen arazoak ezkutatzen baititu.
Baduzue meritua…
Duela gutxira arte oinez igotzen ginen Antiora, gainera. Udaberrian eta udan, ondo, baina udazkena heltzen zenean… Gaur egun autoan igotzen gara Antiora. Juana Mari Carrillok autoa dauka eta Kontxi, Maria Antonia, Mercedes eta Mariasun berarekin igotzen dira. Karmen eta biok Jose Roman Urkiolarekin igotzen gara.
Parrokiako garbitzaile taldeko kidea ere bazara.
Geroz eta gutxiago gara. Gaur hiru lagun bakarrik etorri gara. Hori dela eta, ez dugu bankuen azpialdea eskobatuko. Izan ere, horretarako bankuak mugitu behar dira. Pasilloak eskobatu eta hautsa kenduko dugu. Ni aldareaz arduratu naiz.
Nola ikusten duzu erlijioa?
Asko jaitsi da.
Beste zaletasunik ba al duzu?
Abestea asko gustatzen zait. Etxean asko abesten dut. Gainera, ostiralero, baseliza garbitu ondoren, arrosarioa errezatzen dugu eta Antioko Ama Birjinaren ereserkia abesten dugu.
Nola ikusten duzu herria?
Asko aldatu da. Kexa bat dut: erdiguneko kaleak auzoak baino hobeto zaintzen dituzte. Herri guztia berdin zaindu behar da! ■