Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Aitortuko dizuet etiketek edota abizenek ez nautela gehiegi arduratu inoiz. Bereziki abizenekin eroso egon naiz beti; akaso gerra galdu genuelako, akaso militantziak gure bizitzak errotu dituelako, akaso etxean elkartasunaren eta ekitatearen aldarria nagusitu delako, baita garai gogorrenetan ere. Dena den, militantziak eta komunitatearen aldeko borrokak ez ditu, nola ba, lagunak bakarrik sortzen. Esaterako, Ordiziako segregazio egoerari buruz ari ginela, amak aitortu zidan 1980ko hamarkadan Arrasateko eskolaren eta ikastolaren artean bi urtez egindako esperimentu ausartak pisua izan duela gure etxean. Gauzak eraldatzeko arriskatu behar da, pauso bat aurrera eman, eta horrek bere ondorioak ditu.
Motxila handirik gabe natorkizue, beraz, gaurkoan. Baina arduratuta, hori bai. Nabari dut ekimen eta proiektu kolektiboetan (baita artikulu sinpleetan ere) beti dagoela galdera bat: zein dago atzean? Berdin dio proiektua eraldatzailea den, interesgarria, onuraduna, komunitarioa… berdin dio. Proiektuak behar besteko oinarriak ez baditu, ekimenaren bultzatzaileen abizenek, aurreiritziek eta etiketek baldintzatuko dute bere etorkizuna. Eta ez da soilik maila pertsonalean, nola ba. Banderizoen herri honetan, ‘kausakoak’ ez diren baina alternatiben alde lanean ari diren militanteak eta erakundeak markatuta daude. Are gehiago, zenbait mugimendu eraldatzailetan ere, ‘sortzez garbiak’ ez diren bidaideak kanpora begira bigarren mailan uzten dira, beraien parte-hartzea estrategikoa dela jakin arren.
Etiketek eta aurreiritziek proiektu estrategikoak itotzea lortu aurretik, heldutasun politiko handiagoz egin diezaiegun aurre egungo erronkei. Bada garaia abizen eta etiketak alde batera utzi, eta lehenaldiaren kontzientzia izanda ere, aurrera begiratzeko. ■