Osagaiak
Bi pertsonarentzat
- Berdel bat
- 3 patata
- Tipula bat
- 2 piper berde
- 2 baratxuri ale
- Kaiena piper bat
- Piper txorizero bat
- Tomate bat
- Oliba olioa
Prestaketa
Berdela garbitu, burua, isatsa eta erdiko hezurra kenduta. Horiek kazola baten egosiko ditugu salda egiteko.
Beste kazola batean ondo txikitutako tipula eta baratxuriak olioarekin gorritzen jarriko ditugu. Puskatan moztutako piper berdea eta kaiena piperra gehitu. Gorritu direnean zatitutako patatak, birrindutako tomatea, piper txorizeroa eta gatza gehitu. Dena pixka bat egiten eduki ondoren, berdelaren soberakinekin egin dugun salda gehitu.
Egosten eduki 20-30 minutuan, patatak bigundu arte. Ondoren piper txorizeroa atera, haragia kendu eta kazolara gehitu.
Berdelari hezur guztiak kendu, puskatan zatitu, gatza eta piper hautsa gehitu.
Bukatzeko, berdela kazolan sartu eta bost bat minutuan egosten eduki. ■
Arantxa Agirrezabala • Kattalin erretegia
Arantxa Agirrezabala eta Juan Manuel Garmendia senar-emazteek 1990. urtean ireki zuten Kattalin jatetxe-erretegia Beasaingo Katea auzoan. Gaur egun, bertan jarraitzen du Agirrezabalek, senarrarekin hasi zuen bide beretik.
Hasieratik betiko sukaldaritzaren aldeko apustua egin zuten. Kattalin jatetxearen oinarrian kalitatezko produktua egon da beti, garaikoa eta gertukoa. Agirrezabalak oinarri horri eusten dio.
Bera bihurtu da parrillako espezialista, txuletaz gain haragi zein arrain preziatuenak bere puntuan prestatzeko.
Kattalin jatetxean menu desberdinak daude dastagai: babarrunarena, sagardotegikoa, txangurroarena, nahiz taldeentzat prestatutako hainbat menu berezi.