Lide Egizala • Arte zalea
Arteak gauza traszendentalak irudikatzen dituela esan ohi da askotan; historiako momentu gogoangarrien adierazgarria dela. Ezin da ukatu zentzu handi batean hala dela, baina garrantzi handiko ekintzetatik haratago, artista askok eguneroko gauza arruntak islatzeko ere erabili dute artea: jendea festan, jolasean, eta nola ez, maitasuna ematen eta jasotzen. Preseski, maitasuna bizitzan eta artean ezinbestekoa zaigun osagaietako bat da, eta, horren erakusle, zalantzarik gabe, muxu ematea. Funtsean, zer dago muxu bat baino gauza traszendental eta aldi berean arruntagorik, ez? Artista askok islatu dute ekintza txiki eta berezi hau euren lanetan: lagunen arteko muxuak, ahaideenak, bikotekideenak, maitaleenak… Muxua protagonista duten obren artean, Gustav Klimten obra bereizgarria dago, ekintzaren izen bera duena. Bertan, bi maitale ageri dira, erromantizismoaren ikur diren lore koloretsuz betetako zelai batean, elkar besarkatzen, eta amildegi baten ertzean. Kasu honetan, maitasunaren erakusle izan nahi du muxuak, ekintza dramatiko eta traszendental bihurtuz.
Hala ere, bizitzan bezala, muxu guztiek ez dute maitasunaren erakusle izan beharrik, eta beste esanahi batekin irakurtzeko eginak daude. Hau da, akaso, Berlingo harresian dagoen Sobietar muxua-ren kasua. Leonid Brezhnev eta Erick Honecker politikariak dira obraren protagonista. Hemen, maitasunaren aldarri baino, kritika sozial eta politiko baten erakusle da bi gizonen arteko muxua. Muxuak muxu, guztiok bizi izan dugu ekintza arrunt hau traszendental bihurtu den momenturik. Hala ere, ondo dakigu beti ez direla desirazkoak eta politak izaten, eta baita ere nahi baino gehiagotan jaso behar izan dugula judasen muxuren bat edo beste. ■