Maitane Legarreta • Irakurzalea
Komunikabideetan Ximun Fuchsi egindako elkarrizketaren bat ikusten dudan aldiro, irakurtzeko edo entzuteko tartea hartu ohi dut, gogoeta mamitsuak egiten baititu sarri askotan.
Hark eta Manex anaiak sortutako Axut! Kolektiboaren antzezlanek ere hausnarketaren bidetik jotzen dute. Euskal antzerki garaikidea eta herrikoia sortzea dute helburu biek ala biek ere. «Gure arteak egiten gaitu euskaldun, euskaraz sortu eta pentsatutako arteak. Etxekoak gara, etxekoei mintzo, eta horrek munduko egiten gaitu», idatzi du Ximun Fuchsek.
Hainbat antzezlan sortu dituzte, tartean Zaldi urdina (2019), Amua (2020) eta Hondamendia (2022). Iaz Lurrez estali antzezlana estreinatu zuten eta hainbat emanaldi egin zituzten udan Nafarroa Beherean. Orain, Susaren Ganbila bilduman argitaratu dute obraren testua.
Etxalde batean kokatzen da istorioa, eta bertan bilduko da familia udan. Alargundutako seme zaharrenak kudeatzen du etxaldea, leporaino zorpeturik dago eta, gainera, harekin bizi den aitak burua nahastu samarrik du. Egoerak gaina harturik, alkoholetan bilatzen du babesa. Bestetik, bi arrebak, familiako gainerako kideak, eta auzokoak ere agertuko dira: hiritik bizitzera joan direnak, etxaldea erosi nahi duen maizterra…
Landa eremuaren edertasuna, izatea eta gogortasuna azaleratzen da kontakizunean, laborariek bizi duten egoera latza, eta bizimodu hura zaintzeko eta horretan ari direnak duinki biziarazteko dugun erantzukizunaz ohartarazten du. Familia dinamikez, ardurez eta zereginen banaketaz hausnartzeko bide ere ematen du.
Irakurketa gozagarria da, Iparraldeko landa eremura eta hizkerara hurbiltzen gaituena. Gure ajeak eta kontraesanak begi-bistan jartzeko ariketa aproposa da. ■