Asier iriondo • Hizkuntza aholkularia
PSE-EEko Txiki Benegasek EAJko Xabier Arzalluzi funtzionario guztiak bertsolari izatea nahi ote zuen aurpegiratu zion. Benegasen buruan, bertsolaria izatea bosgarren hizkuntza eskakizunaren parekoa izango zen. Garaitsu hartan, administrazioko hizkuntza eskakizunen aztertzaile ibili ginen. Aurretik, formazioa jaso genuen, eta egindako azterketen eredu batzuk erakutsi zizkiguten. Tartean zen idazlan bat. Gure iritzia galdetu ziguten: «Bigarren hizkuntza eskakizunerako gaindituko zenukete idazlan hau?». Testua, oro har, oso txukun idatzita zegoen. Sarrera bat zeukan, egoeraren azalpena, ondorio bat eta proposamena ere bai. Egoeraren azalpenean, erdi aldean, eta proposamenean ere bai, narraskeriaren bat edo beste bazeuzkan, baina gainerakoa ikusita, baietz erantzun genuen gehienok. Ondoren, esaldi kutsatuak kendu eta testua berriz irakurtzeko eskatu ziguten.
Alde onak eta txarrak ikusten dizkiot gaiari eta gaiak sor lezakeen egoerari. Alde onetan legoke inguruan, herrian, baita Goierri osoan ere, nola eragin lezakeen. Esan beharrik ez dago belaunaldi gazteei begirako eredugarritasuna lantzeko aukera ematen duela. Alde txarretan, berriz, nabarmenduko nuke, tentuz landuko ez balitz, bazterkeria egoerak sortuko liratekeela. Garrantzitsua da, beraz, uneak eta guneak aukeratu aurretik, ondo hausnartzea, diagnostiko zehatza egitea eta horren araberako neurriak abiatzea. Bistan da Goierriko hedabideak eta hezkuntza-zentroak eragile garrantzitsuak izan beharko liratekeela gaiaren garapenerako.
Esaldi narrasak kenduta testuan ez zen ezer kontatzen. Ia edozein gairi buruzko iritzia izan zitekeen. Berriz galdetu ziguten ea bigarren hizkuntza eskakizuna mereziko lukeen idazlanak. Bigarren bozketan, gutxiengoa izan ginen baiezkoaren aldekoak. ■