Frankismoaren atzaparrak zorrotzen zeuden garaietan ere, euskara eta euskal kultura ur gainera aterarazteko saiakerak izan ziren. Apalak eta herri mailan gehienak, errepresioari izkin egiteko ezin baitzen bestela. Baina, konplexurik gabe, euskara hutsezko antolamendu, zabalkunde eta lanketa izan zuten adibide batzuk ere badira.
Gabiriako gazte talde batek abian jarritako antzerkia da eredu bat. 1948an eratu zuten, Elizaren inguruko Oargi erakunde modura, eta hurrengo hamarkada osoan, hainbat euskal antzezlan taularatu zituzten, bai elizako saloian, bai inguruko herrietan. Denboraren joanean oroitzapen ederrenetakoa utzi zuena Garo usaia antzerkia izan zen.

Esku-orriak ere atera zituzten, antzezle taldearekin eta errepartoarekin. Mikel Aizpuru historialari gabiriarrak Sabino Arana Fundazioaren artxiboan aurkitu ditu.
Hain justu, Mikel Aizpuru historialari gabiriarrak iragan martxoaren 5ean Sabino Arana Fundazioaren artxiboan aurkitu zuen 1953an Gabirian egindako antzezpenaren esku-orria. Euskara hutsean, eta aktore taldekoen izen-abizen eta guzti.
Elizpe izendatu zuten parroki-areto edo saloian –izen hori ahanzturan geratu zen–, 1953ko otsailaren 8an eta 22an egin zituzten Garo usaia-ren bi emanaldi, 16:00etan. Juan Mujika zen zuzendaria, herriko mutilen eskolako maisu euskaltzalea.
22 laguneko taldea
Giro kostunbristakoa, Txomin Agirreren Garoa eleberrian oinarrituta zegoen Garo usaia. 22 laguneko taldea ageri da antzerkiaren banaketan, 18 gizonezko eta lau emakumezko. Joanes protagonistaren papera Nikolas Alustizak egin zuen (Alustiza’tar Nikolas zerrendan, beste izen guztiak bezala), Ixabel Mendiolak Ana Joxepa emaztearena. Buruz ikasi zuten, betiko.
Antzerkiaren moldatzailea Jacinto Carrasquedo Olarra zen (Villabona, 1895 – Donostia, 1988). Merkataritza ikasketak egina, Euskaltzain urgazlea 1966tik, Euskal Esnalea aldizkarian 1923an hasi zen euskaraz idazten, eta Argia, El Dia, Pueblo Vasco, Euzkadi eta beste zenbait agerkaritan aritu zen. Gerra ondoren ere zerbait idatzi zuen Zeruko Argia-n. Antzerkia idatzi zuen, gaztetatik, Donostian Santomasetako emanaldietan sarituak batzuk, eta Antzerti aldizkarian argitaratuak asko. ■