Txikitatik izan du Unax Antzak (Ataun, 2003) musikarekiko pasioa bere baitan. Lazkaoko musika eskolan ikasi zuen baxua eta gitarra jotzen, eta Legazpiko Anker taldean ibili ostean, orain beste proiektu batzuetan dabil buru-belarri. Arozgintza ikasketak musikarekin uztartzen ari da ataundarra.
Nondik eta noiztik datorkizu musikarekiko afizioa?
Etxean beti izan dugu musika presente. Nire aita gitarra-jotzailea izan da urte askoan, eta bai gitarrak, eta baita musikarako interesa ere, beti izan ditugu etxean. Anaia eta biok oso gazte hasi ginen musika ikasten. Ni bateriarekin hasi nintzen, eta ondoren baxua eta gitarra ere ikasi ditut.
Orain arte zein musika taldetan eta proiektutan ibili zara?
Kontuz! taldea izan zen nire lehenengo proiektua. Polita izan zen, baina oso gazteak ginen eta ez zuen gehiegi iraun. Ondoren, Arnau Elgarrestak eta biok beste talde bat sortu genuen, Oier de Miguel bateria-jotzailearekin batera. Proiektu hori nahiko aurreratuta daukagu, eta duela gutxi Legazpiko Nagore Imaz ere sartu da taldean. Ez daukagu ezer grabatuta baina gustura eta ilusioz ari gara lanean. Orain abeslari baten bila gabiltza.
Nola sortu zitzaizun Anker taldean sartzeko aukera?
Ofizialki 2022. urtean hasi nintzen taldean jotzen. Aurreko baxu-jotzaileak, Urko Ventureirak, taldea utzi zuen, eta Anker taldea taldekide berri baten bila ari zen. Nirekin kontaktatu zuten, abestiak goizetik gauera ikasi nituen, eta hala hasi nintzen. Zehazki, COVIDetik atera eta kontzertuak pixkanaka normaltasunez egiten hasi ziren une hartan sartu nintzen.
Disko bat ere grabatu duzu Ankerrekin.
Bai, hala da. Oso proiektu polita izan zen, eta esango nuke horrek eskarmentu handia eman didala musikari bezala. Azken batean, disko bat ateratzea da edozein musikariren ametsa. Esango nuke, norbere musika zabaltzea egin daitekeen gauzarik onenetarikoa dela.
Amaitutzat eman duzu Anker taldearekin egindako ibilbidea?
Bai. Lanez gainezka ibili naiz azkenaldian eta ezin izan dut Ankerren erritmora egokitu. Ni Donostian bizi naiz eta taldekideak Legazpin daude. Hori dela eta, hemen uztea erabaki dugu gure arteko lana.
Eta hemendik aurrera, zer?
(H)aezi proiektua daukagu esku artean, Oier, Arnau eta Nagorerekin daukadan proiektua da. Hazi eta heziren arteko hitz jokotik dator izena. Estilo nahasketa asko daukan proiektu bat da, oso gurea. Habi taldearen estiloko musika egiten dugula esango nuke. Bestalde, nire kabuz ere ari naiz lanean, musika konposatzen eta. Denbora eta dedikazio asko eskatzen duen zerbait da, beraz, oraingoz albo batera utzita daukat pixka bat.
Zein dira zure erreferenteak musikaren munduan?
Gorka Urbizu da Euskal Herri mailan daukadan konpositore erreferente handiena. Belaunaldi bat baino gehiago markatu du Urbizuk, eta bere estiloa ere bakarra dela iruditzen zait. Bestalde, Malevolence talde ingelesa ere asko gustatzen zait, baita Steve Vai gitarrista ere.
Zein estilotako musika egitea duzu gustukoen?
Orokorrean rock eta metal progresiboa egiten dut. Bestalde, hardcorea eta reggaea ere gustatzen zaizkit; eta, nola ez, rock klasikoa eta zaharra. ■