Hiru emakume baserritar eta Zumarragako azokara joaten diren saltzaile elkartu dituzte Martxoaren 8aren aitzakiarekin, mundu horretan egiten duten lanaz hitz egiteko eta sektorearen erradiografia osatzeko.
Martxoaren 8ak ekitaldi eta ospakizun askotarako ematen du urtero, eta aurtengoa, Zumarragan, hiru emakume baserritar eta azokako saltzaile elkartzeko aitzakia paregabea izan zen. Goierri garaiko herrietako Turismo sailaren eta Zumarragako Udalaren gonbidapenari erantzunez, Gabiriako Anttoni Murgiondo, Mutiloako Juanita Murgiondo eta Zumarragan bertako Mariñe Arbeo udaletxe azpian eseri, eta Izaskun Arrutik lagunduta, baserriaren, azokaren eta egiten duten lanaren erretratua osatu zuten, ekitaldi xume batean.
Euskal emakume baserritarraren egoera plazaratzea zen helburua. Arrutik azaldu zuen bezala, «Euskal Herriko baserrietako ardatz eta euskarri nagusiak, betidanik, isilpean, inoiz kexatu gabe eta ia ezkutuan lanean gogor aritu diren amak eta amonak dira, emakumeak». Eta emakume horiek izan dira «euskaldunen tradizio eta ohiturak transmititzeaz» arduratu direnak.
Egun baserritar gutxi daudela ere gogoratu zuen, «baina badago oraindik baserrian sinisten duenik, eta baserritik bizimodua ateratzea posible dela uste duenik». Horren adibide, baserriko lurretan erein eta jaso dituzten produktuak saltzera larunbatero Zumarragako azokara joaten diren hiru emakume horiek aipatu zituen; Anttoni asteazkenetan Ordiziara eta ostiraletan Legazpira ere joaten da.
Adin desberdinetako hiru emakume dira. «Aurreko belaunalditik jasotako lana» dute baserrikoa eta azokakoa.
Aurreko belaunalditik jasotakoa
Juanita eta Anttoni Murgiondo ahizpa mutiloarrak, 79 eta 77 urtekoak hurrenez hurren, Emeteri Alustiza amarekin hasi ziren azokara joaten. Agirieta baserrikoak dira, eta Juanitak jarraitzen du han, tarte batean kalean bizi ondoren itzuli zenetik. Anttoni, berriz, Gabiriako Bekoetxe baserrian bizi da; «baserritik baserrira ezkondu nintzen», dio.
Mutiloako baserritik astoarekin jaisten ziren bideraino, eta handik Rekondoren autobusa hartu, eta Ordiziako azokara. Legazpira ere joaten ziren, lehenik aldamenekoak zuen Seat 600 kotxearekin, eta gero Iñurritegiren autobusean. «Beti ezagutu izan dugu hori. Amak Ordiziara untxiak, sagarrak eta intxaurrak eramaten zituen batez ere, eta Legazpira barazkiak eta sagarrak». Oilaskoak eta arrautzak ere saltzen zituzten.

Martxoaren 8an Gabiriako Anttoni Murgiondo, Mutiloako Juanita Murgiondo eta Zumarragako Mariñe Arbeo udaletxe azpian eseri, eta Izaskun Arrutik lagunduta, baserriaren, azokaren eta egiten duten lanaren erretratua osatu zuten.
Azokako lana txikitatik ezagututa, modu naturalean heldu zioten bi ahizpek ere, amak utzi zionean. Anttoni Gabiriara joan zenean, Juanita etxera itzuli zen, eta handik jarraitu zuen azoketara. Ordiziara duela gutxi arte joaten zen, eta Zumarragara. Anttoni Gabiriatik hasi zen, geroago, Ordiziara, Legazpira eta Zumarragara. Biek barazkiak saltzen dituzte batez ere, arrautzak ere bai Anttonik, eta loreak Juanitak. «Ikaragarri gustatzen zaizkit, eta loreak ikuste soilagatik joaten naiz askotan baratzera».
Mariñe Arbeo da hiru emakume horien artean gazteena. 32 urte dauzka, eta ez ditu beste bien garai gogor haiek ezagutu. Martiamuño baserrikoa da, eta Edurne Astigarraga amak duela 30 urte hasitako bideari jarraipena emateko joaten da larunbatero azokara, oraindik gazteago den Udane ahizparekin batera. «Azokak umetatik ezagutzen genituen, amak lore lehorrak saltzen zituelako», gogoratu du Mariñe Arbeok. Barazkiekin duela 15 bat urte hasi ziren. «Gaztetxoak ginen eta amak guretako diru iturri polita izan zitekeela esan zigun». Barazkiak, fruta eta fruitu lehorrak saltzen dituzte, batez ere.
Baserria eta azoka, zergatik?
Baina azokara joan aurretik, lana egin behar da baserrian. Zergatik egin dute lanbide eta bizimodu horren aldeko hautua hiru emakume horiek? Arbeok hiruren izenean azaldu du bertan jaio direlako dela, eta bertan segi dutelako. «Horrela ohitu gara. Ni kalean bizi izan naiz, baina itzuli egin naiz, baserriak asko ematen duelako. Lana bai, baina aukera pilo bat ere bai, ikasteko toki handi bat da». Hala ere, aitortu du amak lantzen duela batez ere baratzea; bi gazteen laguntzarekin, hori bai.
Anttoni Murgiondok etxekoen laguntza izaten du baratzean eta azoka bezperan jeneroa prestatzeko. Baserria, berriz, «bizitzeko oso leku lasaia» dela dio. «Lana, bai, egin behar duzu, baina jan faltarik ez duzu izango».
Juanitari ere lasaitasuna ematen dio baserriak. «Ni kalean bizi izan naiz, baina kaletik baserrirako bueltako bidean batere aldaparik ez nuen eraman». Lanari dagokionez, «zerbait egiten baduzu, etxean jatekoa izango duzu, eta horrelako pozean bizi gara». Etxekoen laguntza izaten du mutiloar honek ere.
Azokak, berriz, «bizitza» ematen diela diote hirurek, aho batez; «bezeroekin egotea, jendea ikustea…» aipatu dute. Ez dute azoka eguna saltzeko. «Harreman pila bat egin ditugu, jendea zain egoten da, eta asteroko egun polita bihurtu da», zehaztu du Arbeok.
Aldaketa askoko garaiak
Azokarako bidea eta azoka bera asko aldatu dira urte hauetan. Lehen astoarekin eramaten zituzten salgaiak, Juanitak eta Anttonik kontatu duten bezala. Gaur bideak dituzte, eta ibilgailu modernoagoak eta erosoagoak ere bai, eskerrak. Baratzeak lehen baino handiagoak dira, eta negutegiak ere badituzte hainbat tokitan. Produktuak ere aldatu dira, baita azoka guneak ere, hobekuntzen poderioz. Zumarragakoan, adibidez, kristalezko ateekin babestu dute nabea, eta Ordizian ere ari dira lanak egiten.
Baina saltzaile eta erosle kopuruan antzeman dituzte aldaketa handienak hiru baserritarrek, bereziki beteranoenek. Zumarragako azokan lau errenkada saltzaile izaten ziren, Ordizian askoz ere gehiago ziren lehen, eta Legazpin ere gaur baino gehiago. «Azken urteetan asko jaitsi da hori, konfinamenduaren ondoren saltzaile helduenetako asko ez direlako itzuli». Anttoni Zumarragan hasi zen garaian «lekurik ez» zegoela gogoratzen du. «Lehen lau ilaratan bete-betetan zegoen saltzailea. Orain ez dago horrelakorik. Orain hutsune bat, eta hori ez da betetzen». Legazpikoan ere asko nabaritu da salmenta jaitsiera, lehen bederatzi saltzaile izatetik bi bakarrik izatera pasatu baita. Ordizian ere «ikaragarri» jaitsi da.
Erosleei dei egin diete horri erremedioa jartzeko, erremediorik badu: «Geroz eta erosle gehiago, orduan eta postu gehiago».
Nola erakarri bezeroak?
Produktuan ere jarri dute fokua hiru saltzaileek, eta ohituretan. Lehen bezala, orain ere mimoz eta goxotasunez zaintzen eta hazten dituzte azokan saltzekoak. «Momentuak ematen duena ekartzen dugu azokara, baina urtero ez da berdina izaten», azaldu du Arbeok. Azokara joatea ez dela supermerkatura joatea bezalakoa ere azpimarratu du: «Garaian garaikoa bakarrik dago, eta ez badago, ez dago». Hala ere, baserritarrek bezeroei ahalik eta eskaintza zabalena helarazteko egiten duten ahalegina aipatu du, «probatuz joaten gara, gauza ezberdinak jarriz, erosleei gustatzen zaien edo ez ikusteko».
Azokan erosteko ohiturari dagokionez, eskoletatik hasi beharko litzatekeela lantzen diote: hemengoa zer den, garai bakoiztean zer ekoizten den haurrei erakutsiz. Ohiko eroslearen adina poliki-poliki beheratzea da helburua. «Gure bezeroak betikoak dira, jende heldua da gehiena, eta gazte gutxi ibiltzen da».
Gizarte osoan egin beharreko ohitura aldaketa da. Anttoni Murgiondok dioen bezala, «osasuna daukagu jaten dugunaren arabera, ondo jateak osasuna dakar». Horixe da, hain zuzen, hiru emakume baserritarrek eskaintzen dutena: «Bertakoa, inguruko baserrietan sortutako produktu onak». «Baina baserriak bizirik nahi baditugu, eta bertatik eskaintzen dena ez galdu, indarra eta elkarlana behar dira». Gizarte osoaren elkarlana. ■